Iñigo Andreu Gastaminza • Beasain-Garin
Garin ezagutu eta bizitzera etorri ginenean, anaiak eta biok 4-5 urte genituen, haurrak ginen.Gurasoak Donostiakoak izaki, landa eremuko bizitzari buruzko ezagutza mugatua genuen, baina hasieratik auzo-familian hartu gintuzten eta ondokoa beti zegoen esku bat botatzeko prest! Arbolak nola kimatu, belarrak nola moztu, baratzeko lanak nola egin… dena genuen ikasteke.
Eskolaz kanpoko klaseak? Mendian. Gurasoekin inguruko mendietan barrena joaten ginen txoko desberdinak ezagutzera, eta bide batez gaztainak edo perretxikoak biltzen genituen. Etxera bueltan, Estebani erakusten genizkion eta onak ziren ala ez ziurtatzen zigun.
Pedro artzaina bere artaldearekin gora eta behera pasatzen zenean, makil bat hartu, txapela jantzi eta bere atzetik joaten ginen bera imitatuz. Egiten zuen gazta berezia zen guretzat, eta ematen zizkiguten arrautzak oso goxoak ziren, Guk egunkaria igotzen genien egunero.
Joxixio erlezaintzan ikustean liluratuta geratzen ginen, erlauntzak zaintzen eta eztia ateratzen zutenean batez ere. Txerrikumeak jaiotzen zirenean, Pakitak hauei biberoia emateko deitzen zigun, eta oiloei pentsua nola ematen zien ikusten genuen. Udazken partean, intxaurrak eta babarrunak lehortzen jarri eta ondoren zuritzen ikusten genuen.
Asteburuak eta oporrak
Asteburuetan eta oporretan auzora etortzen ziren lagunekin mendira joaten ginen esploratzaileak bagina bezala. Ezkutaketa jokora jolastean, baserriak, mendiko txabolak eta kobazuloak ziren gure gotorlekuak, baina baserrietako mandioan pilatutako belarretara salto egitea bezalakorik ez zegoen. Kanpaitxoa jotzean, otorduekin bat bueltatzen ginen norbere etxera.
San Sebastian festetako haur-jolasetan, inguruko baserrietako haurrak elkartzen ginen eta ederki pasatzen genuen. Beste batzuetan gaztain jana egiten genuen eta bertako kondairak tentuz entzuten genituen.
Hotzarekin bat, etxeko ekonomika goizean goiz piztu eta egundoko platerak prestatzen zituen amak. Bitartean, katiuskak jantzi eta errekan gora eta behera ibiltzen ginen jolasean. Elurterik bazen, trineoarekin edozein tokitatik botatzen ginen, eta eguraldi kaxkarra bazen, frontoian pilotan edo baloiarekin jolasten genuen, edota etxean mahai-jokoren batean.
Bizikletari esker, batetik bestera mugitzen ginen: Erloeta baserrira, Argoinera… eta mendiko bizikletak iritsi
zirenean, edozein txokotara joaten ginen.
Belaunaldi askoren lanarekin ehundutako balore eta ezagutza-sarea bizitzeko zortea izan genuen, eta zoriontsuak izan ginen, baina egun daukagun sare globalak, bermatuko al ditu balore eta ezagutza horiek?