Itsas mailatik garaien dagoen Goierriko udalerria da Gaintza, 450 metrora. Bista ederreko tokia da inondik ere. San Martin ermitatik 45 herritako lurrak ikusten direla dago jasoa. Gaintza alderik alde zeharkatzen du ibilbideak.
Beheko zuloan erreka laino trinkoa dagoen egunetan Gaintza eguzkitan egon ohi da. Ez da alferrik Goierriko udalerririk garaiena (450 metro). Aralar aldetik iristen zaizkio lehen errainuak, eta hegoaldera parez pare ageri zaion Aizkorriko gailurreriatik mendebaldera ezkutatzen den arte, eguzkia bidelagun izaten du. Ibiltari hau egiterako orduan halakoxea zen giroa, zelai eta leku ospelak izotz, baina behe-bailararen aldean gozo. Alderik alde zeharkatzen du udalerria ibilbideak, lehenik Altzaga-Baliarrain aldera eginez, gero Zaldibia-Abaltzisketa alderantz, herri kaskoa erdigune jarrita. Gidari Xanti Garmendia, jaioleku ez ezik bizitoki duen herria ondo baino ezagutzen duen gaintzarra.
Herririk garaiena bai, badu beste datu aipagarri bat ere: biztanle gutxien dituen udalerria dela (126, 2021eko erroldaren arabera). San Migel eliza da herriguneko eraikinik nabarmenena. XVI. mendean azaltzen da aurrenekoz dokumentu batean eliz horren aipamena, Iruñeko gotzainak egindako bisita bat dela eta. Eliza eraikitzeko harria Aralartik ekarria da, eta harriarteko hondarra, berriz, Zaldibiako Aiestaran errekatik eta Aramako Ibares errota ondotik. Kanpaiak ez ziren 1609. urtera arte jarri. Erretaula errenazimendu garaikoa du, eta sarrerako ate nagusia arkubira gotikoz hornitua dago. 36ko gerran eliz barrengo harrizko goi-hornidurak kalte handiak jasan zituen.
Harekin batera, 1985ean eraikitako Armendaritz pilotalekuak, sarreran mezu bitxia (Gaur ni, bihar zu) duen hilerriak, garai bateko udaletxeak, haren segidako Kale-Txiki tabernak, azken hamarkadetan egindako hainbat etxebizitza berrik –horietako batean dago egungo udaletxea eta On-Bide elkartea– eta kale baserri batzuk osatzen dute herri kaskoa. Eta denen erdi-erdian plaza, hamar bat autorentzako aparkaleku ere badena. Hortxe du hasiera eta bukaera ibilbideak, baita tarteko helmuga ere.
Goiko gainetik Gaztaintxotara
Kale-Txiki taberna parean dela, ezkerretara ageri diren seinaleei –Ardubieta buru eta Ardubieta baserriak, eta Altzagarate-Baliarrain oinezko bidea– jarraituz hasten da ibilbidea. Bost minutuan, hormigoizko bidea utzi, eta ezker aldera gora segitu beharra dago, gaintzarrek Goikogañe (485 metro) izenarekin ezagutzen duten parajera iristeko. Entresaka egindako pinudi bat, ehiza-postuak eta bazterrean botatako informazio panel bat aurkituko ditu oinezkoak. Bideari jarraituz, 10 minutuan, Gaztaintxotako bidegurutzea dago (465 metro), Altzaga, Baliarrain eta Gaintzaren arteko mugatokia, eta garai bateko erromeria lekua izana.
Gaintzako mugetatik atera arren, Bostaitzeraino joatea proposatu du gidariak, bidegurutzea tokia hura ere. Bost minutu eskas dira. Bostaitzetan hiru bide zabaltzen dira: nagusiak Altzagaratera egiten du (20 min.), eskubi aldekoak Baliarraingo San Joan Iturrira (10 min.), eta zuzenean baso pistan gora eginez gero, Legorretako Bilkoin mendira iristen da. Garmendiak gogoratu du XIX. mendean Itsasondo-Altzaga aldetik Gaintzara bidea egiteko asmoa egon zela –paraje hauek igaroz–, baina azkenean atzera egin, eta gaur egun ezagutzen den bidea eraiki zutela Zaldibiako Lizarraga baserritik gora.
Hegaztien migrazio garaiaz gozatzeko leku paregabea da Gaintza, eta asko dira bidean ikus daitezkeen ehiza-postuak
Atzera Gaztaintxotara bide beretik itzuli ordez, Altzagako Abali auzo aldera ematen duen bidea hartu, eta muinoari buelta ematea izan da erabakia. Gaintzarako noranzkoan jarrita, berriz Goikogañera igo eta bidean behera egin ordez, ur-biltegi berri aldera egitea da dagoen beste aukera. Bi minutuan pinudia zeharkatu, bi ehiza-postu dituen zelai bat gurutzatu –ibilbide tokirik garaiena, 495 metro–, langa bat pasa eta beste pinudi bat zeharkatuta, ur-biltegira eta hainbat mahaiz hornitutako atsedenleku batera iristen da. Gaintzaren bestelako ikuspegi bat ematen du inguruak. Bi itxitura pasa, herri-bidea hartu, eta denbora gutxian iristen da abiapuntuko bidegurutzera. Lehen zatia eginda: ordubete, lasai hartuta.
Eizmendi, Zabale eta Suegi
Eliz-paretan dagoen iturrian trago jo, eta Larraitz aldera doan errepidea hartu beharra dago beherantz. Mendizabal Txiki baserria –Garmendiaren jaiotetxea– eta Mendizabal baserria daude bide kontra, eta pare horretan Tourseko San Martin ermita eta Eizmendi baserria adierazten dituen baserri bidea hartu behar da. San Migel elizatik San Martinerako bideari Gurutz bidea edo Kalbario bidea deitzen zaio, eta 14 estazioko 800 metroko ibilbidea da, 10 minutuan egiten dena. Bista bikainak daude ermita eta Eizmendi baserriko muinotik (455 metro).
Adituen esanetan, inguruotako lehen ermita izan zen, eta jasotako lehen aipamena XIV. mendekoa da. Tourseko San Martinen irudi duen barrokoar erretaula polikromatua du, Gabriel de Arza idiazabaldarrak egina. Kanpoan, berriz, kontrako elementu klimatologikoak uxatzeko balio duen ur bedeinkatua dauka. Eizmendi baserria ezkerretara utziz, eta pare bat minutuan behera eginez, Larraizko bidearekin egiten da topo atzera, Elormendin.
Bideari jarraituz, Oteñe jatetxera iristen da berehala, eta aurrera eginez, Zabaleko goi lautada ageri da, ehiza-postuz betea. Bide kontra ganadu pabiloi bat ageri da, eta haren ondoko hesia pasata, bi minutuan ailegatzen da Suegi baserria (425 metro) zeneko hondakinetara, Abaltzisketa, Zaldibia eta Gaintzaren arteko mugarria dagoen tokira. Plazara itzuliz amaitzen da ibilbidea.
Kontuan hartzeko
- Ibilbide ez zirkularra. Proposatutako ibilbidea ez da zirkularra, baina hainbat gain eta txoko ikusteko desbideratu beharra dago. Ibilbide erosoa izateaz gain, begiratoki apartak ditu. Altzagaratera edo San Joan iturrira joanez luza daiteke txangoa.
- Bi jatetxe bidean. aintzako plazan Kale-Txiki jatetxea dago, eta herrigunetik Larraitzera doan bidean Oteñe jatetxea. Bietan ematen dituzte otorduak.
- 45 herritako lurrak bistan. San Martin ermita paretik 45 herritako lurrak ikusten direla jaso zuen bere egunean Emeterio Sorazu erretoreak. Egun argietan itsasoa ere ikusten da bertatik. Gain horretatik Kontxako estropadak ikusten zituela zioenik ere ba omen zen.
- Suegi, bi bozuen artean. Enirio-Aralar mankomunitatea Bozue Nagusian –Tolosaldeko bost herri– eta Bozue Txikian –Goierriko hamar– bereizita zegoen, eta hainbat batzar bi bozuen arteko mugan zegoen baserrian egin zituzten, Suegin. 1821eko azaroaren 22an Enirio-Aralarko basoak herrien artean zatitzen zituen agiria sinatu zuten baserri horretan.
Fitxa teknikoa
- Iraupena: Bi ordu / Bi ordu eta erdi
- Luzera: 7,5 kilometro
- Desnibel metatua: 365 metro
- Zailtasuna: Erraza