Eresti Oiarbide • Hizkuntza aholkularia
Jakingo duzuen moduan, herrietako udalek biztanle kopuruaren araberako zenbateko bat jasotzen dute foru aldundiaren eskutik urtero. Herri txiki batzuetan, baliabide natural edo industrialak aprobetxatzen dituzte zaku hori puzteko; bejondeiela! Beste batzuetan, ordea, ez dago horrelako aukerarik eta dagoenarekin moldatu behar izaten da. Edozein kasutan, ez da nire asmoa diru kontuez aritzea.
Gurea bezalako herrietan, udal taldea osatzen duten kideak ez dira liberatuta egoten, hau da, ez dute euren ohiko lana uzteko adinako laguntza ekonomikorik jasotzen. Hori dela eta, alkateak eta ia zinegotzi guztiek herriko lanekin zerikusirik ez duen jarduna izaten dute, eta aisialdiko orduetan arduratu behar izaten dute dagozkien udaleko lanetaz. Gainera, aurrekontuaren mugak medio, arlo gehienetan ez da teknikari espezializaturik egoten. Baina, beno, ez da nire nahia baliabide pertsonal faltaz aritzea ere.
Zailtasunak zailtasun, udal taldeko kideok ahalik eta foro gehienetan parte hartu nahi izaten dugu, bestela, informazio asko galtzen dugulako eta ikasteko aukera ona izaten delako. Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako elkarguneez ari naiz; horietako batzuk oso interesgarriak. Kontua da saio horietako gehien-gehienak astean zehar eta goizetan izaten direla. Askotan, teknikariak izaten dira parte hartzaileak; liberatutako alkate edo zinegotziren bat ere bai, tarteka. Hori dela eta, saio batzuk arratsaldeetan izatea eskatu izan dugun ia aldiro, ezezkoa jaso dugu, erantzun digutenetan.
Auzolana aldarrikatzen den garai honetan, zera datorkit burura, ba al dago auzolan puruagorik herritarren borondatean oinarritutako kudeaketa baino? Gure artean ezinbestekoa den balioa dela uste badugu, ez al genuke erraztasun gehiago jarri beharko lan egiteko modu horri eusteko?