Aritz Markotegi Zubillaga (Legazpi, 2000) Gazte Koordinadora Sozialistako (GKS) kidea da. Azken asteetan zenbait ekintza antolatu dituzte Goierrin, eta bihar Euskal Herri mailako manifestazioak egingo dituzte Bilbon eta Iruñean. Bilbora joateko autobusak egongo dira Goierritik.
Zein izango da manifestazioetako aldarrikapen nagusia?
Aldarrikapen nagusia gazteriaren pobrezia eta eskubideen urraketa salatzea da. Beharrezkoa ikusten dugu kalera ateratzea eta gure antolakuntza hobetzen joatea egungo errealitatea borrokatzeko. Manifestazioa Burgesiaren diktadura gelditu! lemapean egingo dugu.
Halere, aldarrikapen nagusi horren barruan beste zenbait daude. Ofentsiba ekonomikoa eta politikoari aurre egitea, esaterako. Bizitza garestitzen ari da, eta ongizate estatua desagertzen ari direla ikusten dugu. Goierriko bidesariaren ezarpena da horren adibide garbia, baita osasungintzaren kolapsoa ere.
Beraz, aldarrikapen bat baino gehiago bilduko ditu manifestazioak.
Bai, ez da bat-batean sortutako manifestazio bat. GKS, pandemiaren hasieratik, burgesiaren ofentsiba borrokatzen hasi zen eta zenbait borroka prozesu abiarazi genituen Euskal Herrian zehar. Larunbatekoa, ordea, lehen manifestazio nazionala izango da, borroka horiek guztiak barne biltzen dituena.
Aurretik lanean aritu zarete. Zer moduz joan dira prestakizunak?
Urte hasieran asanblada irekiak deitu genituen Goierriko zenbait herritan. Aurrerago, joan den larunbatean, Ataunen eta Zumarraga-Urretxun hitzaldiak egin genituen. Horrez gain, propaganda politikoa egin dugu eskualde guztian: pankartak, kartelak… Orain, komunikabideekin lanean ari gara.
Joan den asteburuan zenbait ekintza antolatu zenituzten. Zein da egindako balorazioa?
Lehenik, Urretxuko kultur-etxean hitzaldi bat egin genuen pobrezia eta kontrol sozialaren ingurukoa. 30 bat lagun elkartu ginen eta balorazio oso positiboa egin dugu. Aurretik, Ordizian eta Beasainen propaganda politikoa egiteko elkarretaratzeak egon ziren. Arratsaldean, duatloia egin zen Ataunen, bizikletan eta korrika.
Iluntzean, Ataunen bertan, kontzertuak egon ziren, manifestaziorako autobusen gastuak ordaintzeko. Oso gustura geratu ginen eta eskerrak eman nahi dizkiegu musika taldeetako kideei. Goierri osoko jendea bildu zen eta kanpoko hainbat ere bai.
Beraz, Goierritik manifestazioetara autobusez joateko aukera egongo da.
Gipuzkoatik Bilboko manifestaziora joango gara. Autobuseko tiketak erosteko zenbait salmenta puntu daude: Ordizian Kirkilen, Beasainen Xuberren, Zaldibian Illatin, Ataunen Troskaetan, Idiazabalen Odein eta Legazpin Karibe Zaharrean. Ordiziatik, Beasaindik eta Legazpitik irtengo dira autobusak, baina herri gehiago ere zehartuko dituzte.
Zenbat autobus joango dira?
Aurreikuspena lau autobus ateratzekoa da. 55 eserlekuko hiru eta 80ko bat. Aurreikuspenak nahiko handiak dira, baina momentuz horiekin jarraitzen dugu. Jende asko ari da mobilizatzen, baita ekintzetan parte hartzen ere.