Urtzi Arrondok (Beasain, 1980) ia bizitza osoa darama futbolari lotua. Beasain taldean infantiletan hasi eta mailaz maila, jaioterriko taldean 22 urte egin zituen. Futbolari lehenengo eta entrenatzaile ondoren. 2. B mailako Gernika entrenatzeko utzi zuen bere «bihotzeko taldea» 2018an. Antiguokon beste bi urte egin ondoren, orain Leioa taldea entrenatzeko ardura hartu du.
Urte berriarekin, talde berria. Berriz ere Bizkaira joan zara. Leioa taldera.
Bai, hala da. Donostian, Antiguokoko jubenilen ohorezko mailako taldea ari nintzen entrenatzen 2020tik, baina bat-batean aukera sortu da, espero gabe eta bilatu gabe. Niretzako aukera ona dela uste dut eta horretxi heldu diot.
Hirugarren Mailako taldea da. Talde batek denboraldi erdian entrenatzailea aldatzen duenean, emaitzak nahi bezain onak ez zirelako izaten da normalean.
Iaz 2. B mailatik jaitsi ziren 3. Mailara. Beraiek espero baino okerrago daude. Erdiko postuetatik behera, baina erdi aldean. Leku arriskutsu horietatik ateratzea da helburua, eta gero ikusi egin behar. Erosoena denboraldia bukatutakoan aldaketak izatea da, baina horrela suertatu da eta ezin izan dut Leioaren aukera pasatzen utzi. Orain sartzea tokatu zait, ez zait tokatu inoiz ere denboraldi erdian talde batean sartzea. Egia esan, jokalari asko ezagutzen ditut. Sarrera ona izan da, eta nahiko intentsoa izan da. Lehenengo bi partidak irabazi egin ditugu.
Beasainen aurka ere jokatuko duzue, beraz.
Bai, ligako azkeneko partida izango da. Duela gutxi jokatu zuten elkarren aurka Beasainen, lehen itzuliko azken partida izan zen. Espero dut partida horretara bi taldeak behar adina punturekin iristea.
«Ligako azken partida Beasainen aurkakoa izango da; espero dut bi taldeak behar adina punturekin iristea»
«Antiguokon nengoen entrenatzaile eta Leioako aukera bat-batean sortu da, espero gabe eta bilatu gabe»
2018an utzi zenuen zure «bihotzeko taldea», Beasain, eta entrenatzaile bezala, beste aurrerapauso bat eman zenuen Gernika taldera joanda. Lanean eszedentzia hartu eta entrenatzaile bezala apustua egitea erabaki zenuen, 2. B mailan estreinatu zinen… Zein balorazio egiten duzu?
Erabakiak hartzen direnean gauza guztiak mahai gainean jartzen dira eta erabaki zuzena izaten da, nahiz eta gero gauzak hobeto edo okerrago joan. Baina oso gustura geratu nintzen. Egia da kirol mailan, 2. Btik 3. mailara jaitsi egin ginela. Ez genuen urte txarra egin geneuzkan baliabideekin. Hurrengo urtean 3. mailan nahiz eta ez ginen gaizki hasi, klubean beste kontu batzuk pasatu ziren eta aldaketak izan ziren. Pena izan zen zikloa ez bukatzea eta urte erdian handik atera behar izatea. Egia esan, han bizitakoarekin eta han egindako harremanekin oso-oso gustura geratu nintzen.
Gernikan urte eta erdi egin ondoren, Antiguokon jubenilekin aritu zinen ondoren, jokalari gazteagoekin.
2020an Antiguokoko aukera atera zen. Beste esperientzia bat izan da, oso polita. Jokalari hain gazteekin aritu gabe nengoen. Maila polita da, jubeniletan maila gorena da Espainia mailan, Reala, Athletic, Eibar, Alaves eta Osasuna daude maila horretan. Iaz ez ziguten utzi urrian jokatzen hasten eta urtarrilean hasi ginen, eta dena oso konprimituta izan genuen. Oso gustura egon naiz. Gazteek beste kezka batzuk dituzte…
Gazteen helburua talde handi batera iristea izango da.
Gazteak maila horretan ilusioarekin egoten dira, Antiguokon daude eta aukeratutakoak dira, maila horretan Gipuzkoan hiru talde bakarrik geunden: Reala, Eibar eta Antiguoko. Jende askok ez dauka aukera maila horretan jokatzeko eta hor dagoena bertute batzuk dituelako dago.
Futbolari gazteak indartsu datoz, Beasainen behintzat, harrobi ona dago. Beñat Turrientes Realeko lehen taldearekin ari da, Aritz Aldasoro bigarren taldean…
Beñatek bide luzea dauka, Aritz bigarren mailan egonkortuta dago… eta Aritz Elustondo ere finkoa da azken urteetan Realean. Beasain nahiko ondo ordezkatuta dago Realean.
Ia bizitza osoa futbolean daramazu. Beasainen, 22 urte egin zenituen, infantiletan jokatzen hasi eta ia eskailera maila guztietatik pasatuz. Lau urtez izan zinen lehenengo mailako entrenatzaile… Zer da zuretzat futbola?
Txikitatik asko gustatu izan zait. Futbolean jokatzen duzunean helburua ez da izaten entrenatzailea izatea, futbolean jokatzea baizik. Baina futbola bukatzen denean, tarte bat egoten da, eta orduan entrenatzaile izateari heldu nion. Etorriko da egun bat topea egingo dudana.
Zein duzu ametsa entrenatzaile bezala?
Ez dut horretan pentsatzen. Oraingo garaiak asko erakutsi digu egunetik egunera bizitzen, momentukoa gozatzen, familiaz gozatzen eta askoz gehiago ez. Etorkizunean pentsatzea baino hobea da momentuan daukaguna baloratzea eta bide hori gozatzea.
Beasaingo lagun arteko areto futbolean ere urte askoan aritutakoa zara…
Lau bat aldiz irabazi genuen. Gustura ibiltzen ginen. Beti esaten dugu, azkeneko txapeldunak gu garela, Zintzharri taldea. Pandemia aurreko txapela guk irabazi genuen.
Azkeneko urtea izan zela esan zenuten orduan.
Borobila atera zitzaigun. Penaltietara irabazi genuen. Ea aurten finala jokatzen den. Egun polita izaten da festetan. Kuadrillen egunari hasiera emateko plan polita da.