Lemniskata Zientzia Sare Herrikoiak 10 urteko ibilbidea bete du. Jabier Elorza eta Jose Luis Etxezarreta taldearen sustatzaileek urteotako errepasoa egin dute, antolatu dituzten ekintzak gogoratuz.
Zientzia. Zerbait harrotza askorentzat, baina dibulgazio egokiarekin edonorentzat erakargarri bihur daitekeena. Goierrin bertan, Lemniskata Zientzia Sare Herrikoiak 10 urte egin ditu lan horretan. Jabier Elorza eta Jose Luis Etxezarreta elkartearen fundatzaileetako bik kontatu dute nola iritsi diren 10. urteurrenera.
Goierrin ez zegoen horrelako talde edo elkarterik, Gipuzkoan ere ez, «Catedra de cultura cientifica izenekoa eta horrelakoak bai, baina ez Lemniskata bezalakorik», hasi dira aletzen elkartearen sortzaileak, eta deialdi bat egin zuten. «8-10en bat bildu ginen». 2011n, urri aldean, hasi ziren bilerak egiten, eta segituan ohartu ziren giharrea egon bazegoela.
Taldearen «filosofia» eta «plan estrategiko estiloko bat» egin, denok «ados» jartzeko, «nahiz eta zeuden ikuspegi desberdinak errespetatu», eta ilusioa «hoztu aurretik», segituan jarri zuten «lehen erronka»: 2012ko martxoan egin zuten lehenengo ekitaldia, Beasainen. Erakusketa bat bat izan zen, CAF enpresari buruzkoa. Maketak-eta jasota osatu zuten. «Ez zen erakusketa mundiala izan, baina jendeak ondo erantzun zuen», nabarmendu dute. Lanean segitzeko «kemena» eman zien.
Hala, azaroan, lehenengo hitzaldi zikloa egiteko prestatzen hasi ziren; Azaroa Zientziaroa eman zioten izena. Garai hartan, «oso modan» zeuden zientzia asteak, «baina guk ikusten genuena zen, bailara batean, eta nolabait, zientziaren esparruan kulturarik ez zegoen leku batean, astebeteko egitaraua baino hobe zela azaroan zehar banatzea, jendea ez nazkatzeko». Lehenengo edizio hartarako lau hitzaldi egin zituzten, eta aurrera, etenik gabe.
Goierritarren lana zabaltzen
Lemniskatako kideek, «lehenengo urtetik kontutan hartu» zuten, «urtero bailara honek presentzia izan behar» zuela hitzaldietan. Hala, lehenengo urtetik, bertako gazte bat jarri zuten oholtzan, bere esperientzia konta zezan; Itxaro Perez Urzelai ekarri zuten. Perezek, ikerketan egin zituen urte batzuk lanean.Bere lana azaltzeaz gain, beste helburu bat ere bazen: «Garai hartan bazegoenez halako ikuspegi bat, zientzia eta ikerketa zirela ez dakit nongo gauzak, erakutsi nahi genuen hemen ere badagoela hortan aritzen den jendea», kontatu dute.
Lemniskata Zientzia Sare Herrikoiak zientzia herritarrei modu erakargarrian gerturatzeko lana egin du
10 urte bete ditu jada eta bide horretan, hitzaldiak, erakusketak, tailerrak eta beste hainbat eta hainbat ekintza antolatu ditu
Bigarren edizioan Idoia Goikoetxea antropologoa gonbidatu zuten, bertakoa baita ere, eta hortik aurrera konturatu ziren, «jende pila bat, uste baino gehiago» zegoela bailara honetan ikerketaren esparruan ari zena lanean.
Hala, Azaroa Zientziaroa zikloaren barruan, bertako ikerlari eta ekintzaileei presentzia ematen hasi ziren urtero-urtero, dena, «modu parekidean» antolatuz: «Ekartzen genituen bi gizonezko eta bi emakumezko, ikusarazteko, zientzia guztion esparru bat dela». Hortik aurrera, «zortzi urtez» antolatu dute ziklo hori; orain arteko azkena, hamargarrena, azaroan.
Matematikari beldurrik ez
Zientziaren dibulgazioaren lanean gauza berriak egiteko ekinetik sortu zuten Urtarrila matematikaren bila zikloa. «Pentsatu genuen zein diziplina zen izen gutxien zuena edo beldur gehien ematen zuen, eta hori da matematika», arrazoitu du Etxezarretak. Izan ere, matematikaren inguruan, «jende pila batek daukan esperientzia da sufrimenduarena, eta guk nahi genuena zen sortu gozamenaren ikuspegi bat».
Hortik aurrera, urtero, hiru-lau-bost hitzaldi egin izan dituzte, eta bereziki ziklo honetan. «Estatu mailan dagoen jende potente guztia pasatu da edo pasatzeko bidean dago».
Hitzaldiez gain, bestelako ekintzak ere ekarri ditu zikloak. Dibulgazioaren bidez, ekintza «oso-oso politak» egin ditu Lemniskatak, «uztartuz matematika eta zinema, matematika eta marrazki bizidunak, matematika eta musika, edo matematika eta sukaldea…».
Zikloari hasiera eman eta urte batzuetara, Nazioarteko Matematika Argazki Lehiaketa jarri zuten martxan. Lemniskatak sortu dituen beste ekimenekin gertatu bezala, hori ere pixkana-pixkana errotzen joan da, denborarekin hartu duen garrantzi, maila eta parte-hartzeak ekimenaren sustatzaileak eurak harritzera heltzeraino. Hainbat pasadizo dibertigarri ere utzi dizkie lehiaketa horrek. «Urtez urte argazki gehiago iristen dira atzerritik, sarri mapan kokatzen ez dakigun tokietatik ere iritsi zaizkigu», kontatu dute irria ahoan.
Baina ez da kasualitatea argazki lehiaketa honek horrelako parte hartzea izatea. Lemniskatak urteak daramatza beste eragile batzuekin elkarlanean, eta elkarteko kideek oso garbi dute, kasu honetan, «Argizpi argazki elkarteak lehiaketaren alde egiten duen lan handiaren emaitza» dela hori.
Industria eta enpresa mundua
Matematikaz gain beste hainbat esparru landu dituzte. Goierri eskualdeak duen «potentzialitate handienetako bat industria eta enpresa mundua» dela jakitun, bailarako enpresei gonbita egin zieten, erakusketen bidez haien lana gizarteratzeko.
CAF enpresaren ingurukoa izan zen egin zuten lehena, ondoren, Orkli, Ampo, Irizar, Hine, Indar… «Izenez guztiontzako dira oso-oso ezagunak, baina zer egiten duten, eta batez ere nola egiten duten, eta zer teknologia erabiltzen duten… Hori erakutsi nahi genuen». Erakusketak hitzaldi batekin borobiltzeko ohitura hartu zuten. Horrela hasi zen, Made in Goierri egitasmoa.
Etorkizunerako ondarea
Lemniskata zientzia sare herrikoiaren 10 urteotako lanaren errepaso honetan, ez da lan makala egin dituzten jarduera guzti-guztien errelatoa egitea. 142 hitzaldi, 28 erakusketa, 5 bisita gidatu, 9 tailer, 190 gonbidatu, milaka ikus-entzule… Unean-unean egin dituzten ekintza horietaz aparte, aipamen berezia merezi dute argitaratu dituzten liburuek. Azkeneko argitalpena elkartearen 10. urteurrenarekin batera iritsi da. Guztira zazpi liburu izan dira, horietako bost, Kaierak bildumaren barruan.
Jabier Elorza: «Dibulgazioaren bidez, ekintza oso-oso politak egiteko aukera izan dugu Lemniskataren 10 urteetako ibilbidean»
Jose Luis Etxezarreta: «Ikerketaren esparruan, guk uste baino goierritar gehiagok lan egiten duela konturatzeko eta erakusteko balio izan du»
2017an, Beasaingo CAF lantegiak mendeurrena bete zuela eta, Martin Garcia Garmendia eta Juanjo Olaizola taldekideek argazki bilduma bat aurkitu zuten, «kasualitatez». Argazki horiekin erakusketa bat osatu zuten, testu labur batzuekin lagunduta. Ondoren, planteatu zuten, material horrekin egin zitekeela liburuxka bat, «oso irakurterraza». Horrela hasi ziren Kaierak bildumarekin. «Arrakasta handia izan zuen eta haria bazegoela ikusita, bailarako arkitektoen liburua egin genuen».
Ondoren egin zituzten, bailarako intsektuen ingurukoa, Iñaki Mezkitaren eskutik. Laugarrenak, postal zaharrak jaso zituen, Garciaren lana hori ere. Eta azkena, orain gutxi argitaratutakoa; Goierriko argaki zaharrenak izenburuduna. Liburuxka horrek lehenenego argazki kameren garaiko argazkiak biltzen ditu; aspaldi desagertuta zeuden Goierriko baserriak, Igartza jauregia edo Ordiziako harresiaren zati bat, besteak beste.
Lemniskatak hariari tiraka jarraitzen du, eta berandu baino lehen, Kaierak bildumak 6. liburuxka kaleratuko dute, Goierriko mugarrien ingurukoa. Jabier Elorza eta Joseba Alonso ari dira lan horretan. Horrenbestez, aurrerago ere izango da Lemniskatako kideekin solasaldia egiteko aitzakia ederra.
«Arrakasta handiena da ekintza bakoitzean jendeak erakutsi duen errespetua»
Proiektu berri bati bizia ematean zaila da aurreikuspenetan guztiz zehatza izatea. Lemniskata Zientzia Sare Herrikoia sortu zutenean, sekula irudikatu ez zueten puntu honetara iritsi dira: 10. urteurrena bete berritan eta erronka piloa bizkarrean dituztela, urte hauek guztiek utzitakoaz errepasoa egin dute, patxada osoz. Bat bera ere ez dute ahaztu eta hori ere bada meritua. «Joan gara gauzak egiten, gauzetan sartzen eta guztiari eusten, eta azkenean, gauzak ateratzen joan dira», adierazi dute umiltasunetik Jabier Elorza eta Jose Luis Etxezarreta Lemniskataren sortzaileetako bik.
Lehen momentutik garbi izan zuten, «zientziaren dibulgazioan, Goierri eta goierritarrei espazio bat ematea» zela helburua. «Beste eragile batzuekin elkarlana egitea, dakitenekin saretzea, interesekoak izan litezkeen gaiak aukeratzea, horiek erakargarri bihurtzea, transmisioa, hitzaldiak hitzaldi soil ez izatea eta horretarako dinamikak sortzea».
«Arrakasta da gauden tokira iristea», baina eurentzat arrakasta zer den zehaztuz, honakoa gehitu dute: «Arrakasta, antolatzen ditugun ekintzetan, urrutitik nahiz gertutik etorria ere, transmisio ariketa batean, beren denbora eta jakinduria, gu guztiokin konpartitzera etorri direnen aurrean, jendearengandik izan den errespetua. Hori da arrakasta guretzat!».
Gaur gaurkoa, «10 lagun» daude guztiz aktibo, baina elkarteak zientziaren zale amorratuak diren 80 bat pertsona biltzen ditu. Hala ere, ateak irekita dituzte kide berrientzako. «Kontutan izan gu ez garela gazte kuadrilla bat» esaten dute barrez. Adinari erreparatu gabe, sarea handitzeko eta sare horri indarrez heltzeko gogoa izan dezaketen pertsona guztiei deia ere zabaltzen diete. Zientziaren dibulgazioan, norberak bere konpromiso maila markatuz, baina orain arte bezala, pauso txikiak bata bestearen atzetik emanez, ibilbidea luzatzea delako duten desio handiena. Infinitora iritsi arte oraindik badelako egitekoa eta zer kontatua Goierritik, goierritarrentzat eta munduarentzat.