Aspaldiko ohitura soziala izan da euskal herrietan martopilena. Haur bat jaiotzen zenean, ama erditu berria agurtzera eta umeari ongietorria ematera auzoko emakumeak biltzen ziren, haien etxean. Gizarteko beste estamentu batzuetan aurkezteko eginbehar batzuk izaten ziren bezala —bataioa edo elizan sartzea, adibidez—, emakumeei bakarrik erreserbatutako juntadizoa zen.
Goierri aldean martopilak esaten bazitzaion ere, beste leku batzuetan atsolorrak, bataio-bazkari (Elizondo) edo martogiak ere deitzen zioten. Martopil izena, Koldo Mitxelenaren arabera, gaztelaniazko ‘parto’(erditze) eta ‘opil’ hitzen baturatik eratorria zatekeen, ziurrenik: parto-opil.
Ume bat jaiotakoan, ahalik eta azkarren bataiatzea izaten zen familiakoentzat lehenbiziko funtzioa. Etxean izaten zirenez umeak, amak ezin izaten zuen orduan bataiatzera joan. Aita-ama pontekoen zeregina izaten zen, nagusiki. Haurra gauean edo goizean jaio bazen, askotan egunean bertan eramaten zuten elizara, apaizak bataia eta inskriba zezan. Bestela, beranduenera hurrengo egunean. Udaletxeko jira egiteko ere aprobetxatzen zuen aitak, baserria herritik urruti baldin bazegoen, Erregistro Zibilean ere inskribatzeko (1871n hasi zen errolda hori).
Amarekin egiten zen beste tradizio bat elizan sartzea deritzona zen. Erditzetik osatutakoan, jaio eta berrogei egunera, ama umearekin elizkizunera lehenbiziko aldiz joaten zenean egiten zuten. Otoitz batzuk egiten zituzten.
Baina, bi horien tartean, martopilen zeremonia egiten zuten emakumeek, jaio berriaren etxean.
Bazkari moduko askaria
Funtsean, otordu bat izaten zen martopilak. Auzoko emakumeak –eta emakumeak bakarrik — joaten ziren, arratsalde batean, meriendatzeko. Baina ez zen edonolako askaria: «Txahal okela, oilaskoa edo horrelakoren bat saltsan, txokolatea eta gailetak loidirekin (ardo goxoa) izan ohi zen menua», gogoratu eta idatzi zuen Patxi Iraola bertsolari zenak Naizen apurra liburuan (Auspoa, 2009), martopilei eskainitako atalean.
Jaio berriaren etxekoen ardura zen bisitariak hartzea eta askaria ematea. Gerra ondorengo urteetan, buruhaustea gehiago, zegoen eskasiagatik. Iraolak 1939 eta 1941ean eurenean egindako martopilez dihardu: «Orduan miseria handia zegoen bazterretan, eta, besteak beste, dirua izanda ere erosi ezina. Gure aita zenak inguratu zuen nonbaitetik okela puskaren bat: hura pertzean patata kaxkarrekin gisatu eta halaxe prestatu zuten merienda. Ez dakit zenbat emakumezko izango ziren, baina dezente bai: guk nahiko sala handia genuen, eta uste dut gehientsuena bete zela». Gero, hitz-aspertu oparoarekin osatzen zuten ongietorri bilkura.