Aitziber Gine • Psikoterapia zentroa (Legazpi-Zumarraga)
Pertsona askok izan dezake, bizitzaren une jakin batean, suizidio-ideiak edo bere buruari min egiteko pentsamenduak. Pentsamendu horiek une zailetan agertu ohi dira eta biziak izan daitezke, egonezin, nahasmendu edo desesperantza handia sortuz. Hauek edukitzeak ez du esanahi norbait ahula denik edo «burua galdu duenik», baizik eta arazo edo egoera mingarri bat jasanezina bihurtu zaiola. Suizidioa konplexua eta aintzat hartu beharreko gaia da. Kontutan izan behar dugu, suizidioa kanpo-heriotzako (heriotza ez naturaleko) lehen kausa dela Euskal Autonomia Erkidegoan.
Suizidioak, jendeak egiten dituen ekintza askok bezala, normalean ez du kausa bakarra, finkoa edo estandarra. Banan-banan eta bakoitzaren hitzaren bitartez soilik, agerian utzi daiteke atzean gertatzen dena.
Maitasun etsipenak, osasun mentaleko arazoak, galerak, sendaezina den gaixotasun baten diagnostikoa, nortasun oldarkorra, isolamendua, bakardadea, egoera sozial zailak… zaurgarriago egiten gaituzten egoerak dira. Bizi esperientzia hauek sufriarazten digute eta bizitzari aurre egiteko zailtasunak ager daitezke.
Mito asko, ideia faltsu asko
Suizidioaren inguruan hainbat mito daude. Hau da, gure gizartean zabalduta dauden suizidioaren inguruko ideia faltsuak.
Adibidez: Suizidioaz galdetzea arriskutsua da, suizidioa eragin baitezake; Bere buruaz beste egingo duela mehatxu egiten duen pertsonak, ez du egingo; Arazo larriak dituzten pertsonek soilik egiten dute bere buruaz beste; Suizidio-saio batzuek arreta erakartzeko helburua dute…
Mito hauek diskurtso orokorregiak dira eta indibidualtasuna alde batera uzten dute. Aldi berean, pertsonek bere pentsamenduei eta sentimenduei hitzak jartzea zailtzen dute.
Beraz, hainbat gai hartu beharko genituzke kontuan:
- Bizitzeko nahiari eusteko, banako bakoitzak baliabide eta errekurtso desberdinak dituela.
- Existentziaren mina, angustia edo larritasuna, gizakiaren baitan daudela eta gertaera traumatikoek, bizitza eusteko modua desegonkortzen dutela.
- Hau dela eta, garrantzitsua da etapa desberdinetan gertatzen zaizkigun egoera traumatikoak lantzea, gure izaeraz, nortasunaz eta pentsatzeko moduaz jabetzea.
Gure bizitzaren logikatik
Suizidioa konplexua da eta motiboen eta sentimenduen elkargune asko ditu. Maiz, bere buruaz beste egin nahi duena ulertzea zaila egiten duena zera da: gure bizitzaren logikatik ulertzen saiatzen garela, heriotzaren logikan dag
oen pertsona bat. Izan ere, suizidioaren logika ez arrazionala eta zirkulu hermetiko batean kokatzen da maiz.
Askotan suizidioaren burutazio horretan egon daiteke gertuko bat, bakardade horretan, isiltasun horretan, nolabaiteko nahaste zehazgabe horretan… orduan aukera bat eskaini ahal diogu, gai horretaz hitz egiteko. Berbalizazioa beharrezkoa da, ez akaso zuzenean suizidioari aurre egiteko, baina bai pertsona batek senti dezakeen sufrimenduaren aurrean laguntza eskatzeko.