Zaldibiako Paris baserrian bizi da Maria Oruna beasaindarra familiarekin. Luna Bella Golden Retriever txakur haztegia dute bertan.
Betidanik gustuko izan ditu txakurrak Maria Oruna beasaindarrak, bere bizitzaren parte oso garrantzitsu bihurtu arte. Luna Bella Golden Retriever arrazako txakur haztegiaren arduraduna da, lana baino, bizi estilo bat dena berarentzat eta bere familia osoarentzat.
Familiak Golden Retriever arrazarekin duen harremana arraza horretako Luna izeneko txakurra etxera ekarri zutenean hasi zen. «Asko erakartzen gintuen arraza bat zen; ikaragarri politak iruditzen zitzaizkigun». Informazioa bilatzen hasi eta Kordoban kokatzen den Golden Retreiver arrazako txakur haztegi batek eman zien arreta. «Guk konpainia-txakur bat hartu genuen. Momentu hartan ez geneukan txakur haztegi bat izateko asmorik, baina hain esperientzia zoragarria izan zen Luna edukitzea, eta Kordobako lagunak eta haien bizimodua ezagutzea hain liluragarria, abentura polit hau eraikitzen hasi ginen bizi-kalitate handiago baten bila», azaldu du Orunak. Hala, garai hartan bizitoki zuten Beasain utzi, eta Zaldibian osaba batek zuen baserria egokitu eta bertan kokatu ziren.
Zergatik Golden Retriever txakurrak?: «Ederrak direlako, asko transmititzen duten aurpegitxoa dutelako, aingerutxoak diruditelako, baina gainera, izaera oso terapeutikoa dutelako, oso familiarrak eta oso enpatikoak dira». Laburbilduz, «txakur oso-oso bereziak direlako eta konpainia ezin hobea direlako edozein familiarentzat».
Eta edozein familiarentzat esaten duenean, zentzu zabalenean dio. Izan ere, Golden Retriever arrazako txakurrek berez duten izaeragatik, eta gainera Luna Bella bezalako haztegietan egiten duten lanagatik, arraza honek duen izaera onaren potentzialitatea hobetzen saiatzen direnez, egoera oso-oso bereziak bizi dituzten gizakien bizi-kalitatea hobetzen laguntzen dute. «Gure txakurrak, familiako kide bat gehiago izateaz gain, arazoak dituzten haur askori laguntzen dietela jakiteak ematen digu kemena», nabarmendu du Luna Bellako arduradunak.
Denontzat ezaguna da, adibidez, pertsona itsuen kasua. Txakur horiek pertsona itsuen begi bihurtzen dira, haien bizi-kalitatea hobetuz. Egoera berezi gehigotan ere lagungarri dira. Orunak azaldu duenez, «autismoa duten haurrentzat konpainia ezin hobea» ere badira. «Badugu beste kasu bat non txakurrak bere zaunkekin gurasoei dei egiten dien haurrari atake batek ematen dion momentuan».
Maria Oruna, Luna Bella txakur haztegia:
«Golden Retriever arrazako txakurrak oso-oso bereziak dira eta konpainia ezinhobea dira edozein familiarentzat»
«Maite ditugu gure txakurrak, gure bizitzak gure txakurren inguruan egiten du bira, inongo zalantzarik gabe»
Beste kasu berezi batzuk ere kontatu ditu: «Esklerosi anizkoitza duten pertsonak dauden ospitale batean dago gure etxean hazitako txakur bat, arazo psikiatrikoak dituztenekin…». Arrisku egoerak saihesten lagun dezakete.
Horrelako txakur baten atzean, lana, maitasuna eta dedikazio handia daudela nabarmendu du Orunak. Lehenik eta behin, «geneak garrantzitsuak» dira. «Gurasoak, txakur onak, nobleak izatea beharrezkoa» dela iritzi du, bere esperientzian oinarrituta.
«Sozializazio egoki bat» ere behar dute txakurkumeek, eta horretarako «ilusio osoa» jarri dute Luna Bella haztegian, «sozializazio egokia bermatzeko eremu egokiak sortuz». Fase horretan, egunerokoan topo egingo duten zenbait egoeren aurrean jartzen dituzte; «su artifizialen, tiroen, trenen eta abarren zaratak egiten ditugu, txakurkumeek batez ere traumarik garatu ez dezaten, eta ahalik eta orekatuen izan daitezen».
Txakur hauek konpainia perfektua izateko berebiziko garrantzia duen beste faktore bat da, «familiek txakurra hezten jakitea». Golden Retriever arrazako txakurrak «oso erraz ikasten duten txakurrak dira», dena den «oso garrantzitsua da jabeen azpitik daudela garbi uztea, hierarkia-ordena bat ezartzea». Txakurra izaera garatzen ari den fasean, «zerbait ondo egiten dutenean saritzen jakin behar da, eta modu berean, zerbait gaizki egiten dutenean ere, jakinarazi behar zaie, momentuan bertan zuzenduta».
Txakurrak familiaren parte
Txakur populazioak nabarmen egin du gora azken urteotan, herrietako kaleetan ere oso nabaria da hori. Deigarria da, pandemia hasi zenetik, are eta nabarmenagoa izan dela. Ondorio asko atera litezke hortik, baina hortan sartu gabe, erreportaje oso bat egiteko gaia izan daitekeelako hori, txakurra benetako lagun onena izateko hainbat klabe eman ditu beasaindarrak.
«Guk ondo begiratzen diogu familiaren profilari; familia arduratsuak izan behar dute; txakurkume fasean dagoen txakur bat gogorra dela jakin behar dute, animaliari irakatsi behar diotelako, oso fase hunkigarria da, baina aldi berean konplikatua». Beraz, argi utzi behar da, txakur bat izateak zer dakarren berekin: «Etxean ileak izango direla, egunean hiru aldiz atera behar dela, oporrak dituzunean pentsatu behar duzula zure txakurra zurekin oporretan eramatea, familiako beste kide bat dela, gastu ekonomikoa ere suposatzen duela…».
Maria Orunak garbi du: «Maite ditugu gure txakurrak, gure bizitza, gure txakurren inguruan egiten du bira, inongo zalantzari gabe. Dedikazio handia eskatzen dute, bai, baina gure pasioa dira, eta emozionalki beti gaude oso-oso lotuta gure txakurrei eta haiei lotuta dagoen guztiari. Gure txakurrak, gure familiaren parte dira».
Erakusketetan sarituak
Zaldibiako Luna Bella txakur haztegiko Golden Retriever arrazako txakurrek, estatu mailako eta nazioarte mailako txakur erakusketetan eta arrazako monografikoetan parte hartu dute, eta hainbat sari lortu dituzte.
Horrelako ekitaldietan, txakurrarekin buelta bat ematen da eremu itxi batean, eta epaileak gelditzeko eskatzen die. Epaileak baloratzen duena da txakurrak duen jarrera, ibilkera, fisionomia, angulazioa, gorputza, orokorrean proportzio egoki batzuk izatea, eta gero, edertasuna.
Horrelakoetan irabazteko, zortea baino zerbait gehiago behar da; txakurrak kalitate onekoak bai, baina prestaketa egokia behar da.
Luna Bella haztegian lehiaketetako podiumetara igo diren hainbat kide dituzte. Azkeneko sariak iragan asteburuan lortu zituzten Lugon, Galizian.