Maite Goñi Eizmendi (Ordizia, 1967) irakasleen irakaslea da. Egungo eta etorkizuneko maisuei eta maistrei konpetentzia digitalak helburu didaktikoekin nola erabili erakusten die. Ikastea etengabeko prozesua dela dio. Bereziki, hizkuntzarekin lotura duten baliabideetan da aditua. Eusko Jaurlaritzarentzat ere egiten du lan, Euskararen Aholku Batzordean.
Elkarrizketa hau egiteko tarteren bat lotzea ez da erraza izan. Lan askorekin zabiltzan seinale.
Hiru txapel dauzkat: alde batetik, hezkuntza esparrua. Bertan, DBHn, Batxilergoan, Lanbide Heziketan eta hizkuntzen irakaskuntzan irakasle gisa aritzeko gaitzen duen Mondragon Unibertsitateko Masterrako irakaslea naiz, irakasleei zuzendutako hezkuntza digitaleko formakuntza saioak zuzentzen ditut…; beste alde batetik, euskara eta ingurune digitala uztartzen ditut. Adibidez, Eusko Jaurlaritzako Euskararen Aholku Batzordeko ingurune digitaleko zuzendaria naiz; eta hirugarrena, dibulgatzailea. Blog eta podkast propioak ditut, Euskadi Irratian kolaboratzen dut, ETBn… Amarauna saioan, Digiatalean, hamahiru urte daramatzat, eta Ahoz Ahon eta lehenago Azpimarran, sei edo zazpi.
Zer da ingurune digitala?
Ingurune digitala da digitalean egin daitekeen edozer gauza. Izan daitezke baliabide didaktikoak, aisialdikoak… Irakasleei azaltzen diet nola erabili konpetentzia digitalak. Hezkuntza eta ingurune digitala: dibulgazioa lotuago dago nobedadeekin, sare sozialak, albisteak… Komunikazioa: Eusko Jaurlaritzarekin, guk aholkatzen dugu euskarak non egon behar duen, zer falta den… Hizkuntza eta ingurune digitala.
Hizkuntzaren kasuan beharrak handiak dira?
Behar pila bat daude. Bai tresna aldetik, bai eduki aldetik, bai estrategia aldetik, bai zabalkuntza aldetik… baina baliabideak mugatuak dira. Oso garrantzitsua da ingurune digital sendoa izatea ez badugu atzera geratu nahi. Ez dut esan nahi hor egonda dena eginda dagoenik, ezta gutxiago ere. Baina bada oso-oso esparru inportantea. Argi dago: gaur egun ingurune digitalean ez bazaude jai dagoela.
Eta nolakoa da euskararen ingurune digitala?
Esaten da euskararen bizi-indar digitala ona dela, dauzkagun hiztun kopurua baino postu aurreratuagoetan gaudelako. Wikipedia da horren adibide argia –35. hizkuntza erabiliena da, ia 400.000 artikulurekin–. Era berean, ahots-sintesian aurrerapauso handiak eman dira urte gutxian, eta horri esker, makinei euskaraz hitz egin ahal izango diegu; berdin itzulpengintzan eta azpitituluekin. Baina ez dezagun gure burua engainatu, hutsune handiak daudelako. Adibidez, streaming plataformak: Netflix, Disney +, Twitch… Hor euskarazko edukiak egotea oso inportantea da. Bestela, gaztelaniara, ingelesera edo japonierara joko dugulako.
Eskaria ala eskaintza, zer lehenago?
Gurpil zoro bat da. Ez baduzu ematen ez duzu jasotzen. Ez da bakarrik eskatzea, kontsumitzaileak ere behar dira. Ahalik eta ahaleginik handiena egin behar dugu euskarazko ingurune digitala interesatzen zaigula adierazteko.
Nola egiten da hori?
Oso-oso inportantea da gure tresnek euskaraz hitz egitea. Zer esan nahi du horrek? Bada, gure ordenagailuak euskaraz konfiguratuta egotea. Nahiz eta euskaraz interaktuatu munduari ematen ari gatzaion mezua da gaztelaniaz ari garela, ordenagailua edo mugikorra gaztelaniaz konfiguratuta dagoelako. Adibide garbi bat. Ordenagailua gaztelaniaz konfiguratuta badugu, bilaketa bat egitean zuzenean gaztelaniazko Wikipediara joko dugu. Gero euskarara klik batean aldatuko gara, baina Interneteko munduan bisita hori gaztelaniaz dago. Bisitekin neurtzen da interesa, eta interesik ez badago, enpresa teknologiko handiek ez dituzte produktuak euskaraz diseinatuko.
Apple-n sistema eragileek ez dute euskarazko aukera. Eta Androidek eta Windowsek eduki arren ohikoa da gaztelaniazkora jotzea. Ohitura falta?
Askotan ezjakintasunagatik egiten da hori. Hor ikusten da dibulgazio lana ere oso inportantea dela.
Lortu diren aurrerapen asko militantzia digitalagatik izan dira?
Euskarazko komunitatea Interneten, txikia izanik ere, oso ekimentsua da. Zorionez, urte askotatik, komunitate sendoa dago borondatezko lana egiten. Baina ez da nahikoa. Eusko Jaurlaritza eta aktibismoa elkarrekin joan behar dira, ez badugu hizkuntza hegemonikoek jan gaitzaten nahi. Dena gutxi da. Bai baliabide aldetik, bai ekimen aldetik, bai entusiasmo aldetik… dena gutxi da, oso hiztun gutxi garelako konparatuta hizkuntza hegemonikoekin.
Baikorra zara?
Jaiotzez baikorra naiz. Baina oso adi ibili beharra daukagu. Denok norabide berean egin behar dugu arraun.
Nondik datorkizu euskararekiko atxikimendua?
2004an Ordiziako Ikastolako hiru irakaslek IKTeroak taldea sortu genuen. Hasi berriak ziren blogak erabiltzen hasi ginen irakaskuntzari begira zeuden berrikuntza digitalak jasotzeko. Argia saria eta guzti eman ziguten. Hala sortu nuen Euskaljakintza, euskara ikasteko proiektu digital bat. Orduan ez zegoen horrelako ezer ez, ezta gaztelaniaz ere. Apurka-apurka ingurune digitaletan espezializatuz joan naiz, baina ez bakarrik euskarari lotura, baita hezkuntzari ere. Denborarekin, nire pasioa nire lana bilakatu da. Eta gozatu egiten dut.
Etorkizuneko irakasleek ingurune digitalaren garrantzia barneratuta dute? Masterrean zer ikusten duzu?
Digitalizazioaren garrantziaren inguruko sentsibilizazioa ez dute horren barneratua. Sorpresa hartzen dut, urtero-urtero. Baina tira, gaizki ulertuak egon daitezke. Sare sozialetan ibiltzen direlako uste dugu konpetentzia digitalak barneratuta dituztela, baina irakasleei bideratutako tresnak oso bestelakoak dira: ebaluatzeko tresnak, talde lanerakoak, informazioa bilatzekoa… daude. Tresna asko eta ezberdinak dira.
Eta jada irakasle direnek, ez natiboek, ezagutzen dituzte?
Oraindik ezjakintasun handia dago eta formazio behar handia dago.
Pandemia garaian eskolak telematikoki eman beharrak aldaketa azkartuko zuen.
Hor antzeman zen pila bat zein eskolek zuten barneratuta digitalizazioa eta zeintzuk ez. Egun batetik bestera egin behar izan zen aldaketa eta aldez aurretik pausoak, tresnak, formazioa, azpiegitura… zutenek askoz ere hobeto moldatu ziren.
Ikasitakoa gelditu da?
Batzuk aurrera egin dute, baina beste irakasle batzuk horren saturatuta amaitu dute sekulako ezinikusia garatu dutela, eta ez dute ezer jakin nahi digitalizazioaz. Baina digitalizazioak ez du atzera bueltarik. Egin behar dena da ongi planifikatu: ahulguneak indartu behar dira, eta indarguneak sendotzen jarraitu, potentziatu.
Trantsizio epean gaude, hezkuntza analogikotik digitalera. Prozesu hau sekula amaituko da?
Ikastetxe batek izan dezake heldutasun maila nahikoa planaren aldetik, baliabide aldetik, irakasleen formakuntza aldetik… behin hori lortuta sendotasun bat lortuko da, izugarrizko saltoak eman gabe.
Baliabide digitalak eskoletara sartuta haurrak ez al dira gehiago despistatuko? Tentazioa hurbil dute…
Erabiltzen jakin egin behar dira, eta horretarako, ezagutu egin behar dira. Ezagutu zer aukera duten eta zer mehatxu. Ongi erabilita tresna interesgarriak dira. Baina ez da dena denetarako, ez. Baloratu egin behar da kasu konkretuetan merezi duen erabiltzea ala ez, edo zeinekin merezi duen. Baina erabakitzeko ez direla erabili nahi ongi ezagutu behar dira. Askotan, ezjakintasunagatik edo aurreiritziengatik erabakitzen da ez direla erabili nahi, intuizioz. Eskoletan pertsonekin ari gara lanean eta ezin dugu intuizioz egin lan. Ezagutzatik egin behar dugu lan.
Etengabe ikasten egon behar dela defendatzen duzu, are gehiago irakasleen kasuan.
Nik beti pentsatu dut oso inportantea dela etengabe ikasten jarraitzea. Orain, formazio saioekin, argiago ikusi dut: irakasleak etengabe formatu behar dira. Ez bazaude prest etengabeko ikaskuntzarako hobe beste zerbaitetan ibiltzea. Ni orain mugitzen naizen arloa da konpetentzia digitalen arloa, ingurune digitalaren arloa irakaskuntzari begira. Horretan etengabe ikasten egon behar duzu, metodologia berriak daudelako, tresna berriak, prozesu berriak…
Jakinduria pilatu ez ezik publikoarekin elkarbanatu ere egiten duzu.
Bizitzak eraman nau asko komunikazioaren arlora, dibulgaziora.
Dibulgaziorako, besteak beste, hamar minutuko podkastak egiten dituzu. Hamar minutuk zenbateko lana du?
Kapitulo bat egiteko behar dira ordutxo batzuk: edukia landu, baliabideak bilatu, irakasleentzako erakargarria bilakatu… Gero, Ulumediarekin egiten dut lan eta beraiek egiten dizkidate edizio lanak. Eta Azkue fundazioaren babesa ere badaukat. Beraiei esker doan eskaini dezakegu. Ulumediari eta Azkue fundazioari oso-oso eskertuta nago.
Merezi du orduetako lana minutu batzuetarako?
Dibulgazioa bai ala bai egon behar da. Gainera, nire pasio guztiak batzen ditu: esparru digitala, hezkuntza eta komunikazioa. Oso aberasgarria da.
Nondik lortzen duzu tendentzien edo azken balibideen berri?
Digitalki konpetentea naiz. Informazio lortzeko estrategia bat dut, edukiak sortzeko beste bat, segurtasunez ibiltzeko beste bat… Konpetentea den gizartea lortu behar dugu ditugun helburuak lortzeko.
Bizitzak eraman du horraino
Goñik albistegietako aurkezlea izan nahi zuen txikitan. «Ez dut horren urruti bukatu», dio, dibulgatzaile alorrari erreferentzia eginez. «Bizitzak zure nortasunarekin bat egiten duen horretara eramaten zaitu».
Gaztea irratian irabazi zuen bere lehen soldata. «Hor ibili nintzen, diskoak jartzen eta musikaren inguruko informazioa ematen», deskribatu ditu bere lanak. Hasiberria zen Euskadi Gaztea irratia unibertsitatea amaitu berri zuten gazteez hornitu zen. Egonkortu baino lehen, Ordiziako Jakintza ikastolatik deitu zioten eta orduan hasi zen irakaskuntza munduan. Goñik Euskal filologia ikasi zuen lehenengo, eta Ingeles filologia ondoren.
Gaur egun «denarekin» egiten du lan: mahai gaineko ordenagailua bi pantailekin, ordenagailu eramangarria, mugikorra… Halere, ez dela pantailen menpekoa dio. «Ez daukat inongo dependentziarik. Oso lasai egon naiteke afaltzen mugikorra begiratu gabe».
Egunero hitz bat txiokatzen du. «Batzuetan nire egoerarekin, bizipenekin, jarduerarekin… lotutakoa. Eta beste batzuetan, burura silaba bat etortzen zait eta horrekin hiztegian begiratu eta gustuko bat aukeratzen dut». Gehien gustatzen zaiona jarraitzaileek eskatzea da. «Komunitate txiki bat sortu dugu».
Ezin du hitz bakar bat aukeratu, ordea, ez duelako gustukoena duen hitzik. «Hainbeste ditut… esanahia gustatzen zait gehiago. Jare, fereka… esanahi positiboa dutenak». Hamaika hitzen artean, tristeak ere tokatu zaizkio.
Wordlen ez du jokatzen. Berbaxerkan ere ez, gustuko duen arren. « Ez dut nahi beste denborarik».