Ane Irazoki Alvarez • Hipatiari begira
Larunbat gaua da eta jende askok TVE1 du jarrita telebistan, Eurovision lehiaketara nor joango den erabakitzen delako.
Era askotako artistak dauden arren, bi emakumerengan jarriko dut arreta. Alde batetik, Rigoberta Bandini dago, Ay mama abestia kantatu duena. Bestalde, Chanel, Slomo abestiarekin. Azken hori joango da Eurovisionera eta bi bando sortu dira: Bandiniren abestia feminista dela aldarrikatzen dutenak, Chanelena patriarkatuaren adierazle dela pentsatzen duten bitartean, eta bestalde, Chanelena bestea bezain feminista dela esaten dutenak.
Kontua da batak feminitatea eta amatasunari historikoki lotu zaizkion rolen zantzuak dituela, eta besteak hipersexualizazioa eta autokosifikazioa dituela oinarri. Patriarkatuak emakumearentzat dituen bi patuak, eta biak askatasunez mozorrotuta.
Horregatik, niri iruditzen zait kontua ez dela beste emakume baten aukerak eta ekintzak kritikatzea, horretara nola iritsi den ulertzea baizik, gizarteak ze sinestarazi dion aztertzea eta erabaki librea izan ote den zalantzan jartzea.
Ez bata ez bestea ez dira feminismoaren ikur, eta ez daukate zertan izan gainera.