Iazko abuztuaren 27an bete ziren ehun urte Jesus Lete Sarasola Ibai-Ertz bertso jartzaile, aurkezle eta zalea jaio zela. Itsasondoko udaletxean munduratu zen, han bizi baitzen familia, hamar senidetan azkena. Oria ibaiaren ondoan sortua eta Itsasondon paraje bereko etxe batean bizi izana, Ibai-Ertz izengoitia hartu eta erabili zuen. Urtea bete eta segituan, polio gaitza harrapatu, eta elbarrituta geratu zen betiko. Ibiltzeko zeukan zailtasuna, ordea, irakurketarekin eta idazketarekin osatu zuen. Hori izan zuen geroko bertsozaletasunerako oinarria.
Santa Lutziko (Ezkio) Miranda baserriko alaba batekin ezkondua eta hiru seme-alabaren aita, bulegari lan egin zuen 38 urtean enpresa batean. Hizketarako «herdoilik gabeko mingaina», oso euskararen maitale eta umore handiko pertsonatzat aurkeztu zuen Lete Antonio Zabalak, Auspoa sailean hark egindako Orrela ziran gauzak liburuaren hitzaurrean (Etor, 1990; Euskaltzaindiak Interneten dauka osorik eta doan). Prentsan idatzitako artikuluen bilduma bat da, bere bizitzako pasarteez, bertsoez nahiz herriko eta inguruko istorio ugariz hornitua.
Bertsotarako, ez zuen bat-bateko abileziarik izan. Bai, ordea, idazteko. Ez hitz neurtuz bakarrik, baita prosan ere. Espresio, hitz eta jario naturala darie haren artikuluei, Leteren haurtzaroko nahiz lehenagoko lekukotza historiko izateaz gain, ume baten begi bizietatik ikusiriko kontu askorekin aberastuta: trenaren etorrera, Itsasondoko eta beste herrietako festa-ohiturak, San Joan sua, 1983ko uholdeak, mikeleteak, hamaika ofizio izan zituen Migel Inazio Elortza Milixio-ren kontuak…
Astoa txikitako lagun
Letek liburuan kontatu zuenez, 1928an asto bat erosi zuten, berak ibili ezin, eta eraman zezan. «Bi hanketatik zeharo elbarri gelditu nintzen. Hala jarraitzen dut. Elizara eta eskolara joateko garaia iritsi zitzaidan. Gure herria oso aldapatsua da, eta nola moldatu? Txanpon batzuk banituen aurreratuak, nire aitapontekoak emanak, eta haiekin astotxo bat erostea erabaki genuen».
Asto hari jarritako bertso sortarekin 3. saria irabazi zuen Ibai-Ertzek 1966ko Xenpelar Sarian. 18 bertsoko sortatik, bi hauek aukeratu zituen berak: «Asto txiki polit bat/ izan nun gaztetan, / berak ibiltzen nindun / jai eta astetan./ Beste bat zintzogorik /ez nere ustetan, / halakorik ez dago / seitatik bostetan». Eta beste bat: «Hamalau hilabete / nitula jaiota, / poliok utzi nindun /betirako jota./ Geroztik hanketatik / elbarri nago ta, / hemen ibiltzen nintzan / astora igota». 2000ko urtarrilean hil zen.