Xabin Fernandez Zubeldia • Kazetaria
Bai. Aitortuko dizut. Ni ere horietakoa naiz. Gauzak gero egingo dituen horietakoa. Edo geroxeago behintzat. Ez presarik sartu niri. Prokrastinatzailea naiz. Edo gerozalea. Eta zu?
Etxeko lanak azken ordurako uzten zituen horietakoa al zinen? Ni, tamalez bai. Ikasi behar zen momentu jakin horretan gela txukuntzen hasten zen hura nintzen ni. Unibertsitateko lan garrantzitsu bat entregatu bezperan, gitarra jotzen hasi nahi zuen hura; eta behin lana entregatuta, gitarra jotzearena beste egun baterako uzten zuen hura ere, ni nintzen.
Kirola egiten laster hastekoa zena; aspaldiko lagun hari bixitan joateko tarterik topatzen ez zuena edota prokrastinazioaren maila gorenera helduta, gosea izan arren, geroxeago jango zuena. Hura ere ni nintzen. Eta ez pentsa gaizki sentitzen nintzenik hori egiteagatik. Banituen horretarako erramintak. Gauza garrantzitsuenak atzeratzeko aitzakiak topatzeko gaitasuna ere badugulako gerozaleok.
Hain garrantzitsuak ez diren egitekoetara jotzen dugu. Benetako pisua duena ez egiteagatik, zerrendako bigarren edo hirugarren eginbeharra aukeratzen dugu. Aditu batzuek badute horretarako irtenbidea. Zerrendaren hasieran gauza are garrantzitsuagoak jartzea gomendatzen dute. Horrela, goikoa ez egiteagatik, lehen garrantzitsuena zena egingo genuke. Nahi baduzu, saiatu. Niri ez dit ezertarako balio izan.
Baina zergatik gertatzen zaigu hau? Bada, azken urteotan, teoria ugari topatu dut honen guztiaren inguruan. Batzuen ustez, alferkeria hutsa da gauzak geroratzeko behar hori sentitzea. Beste askoren iritziz ordea, ez du zertan nagitasunarekin inolako harremanik izan behar. Eta nik behintzat nahiago dut azken teoria hori, nola ez.
Dirudienez, zenbait ikertzaileren esanetan, garunaren barnean aurki genezake erantzuna. Psychological Science aldizkarian argitaratutako eta 264 pertsonarekin egindako ikerketa baten ondorioek erakutsi dute, kopetaren atzealdean ezkutatzen dugun almendra itxurako amigdalaren tamainak eragin dezakela prokrastinitatea. Beraz, esan genezake, nire almendra, gauzak behar diren momentuan egiten dituzten horiena baina handiagoa dela. Eta zer nahi duzu esatea, nik sinisgarritasun osoa ematen diot emaitzari, almendra majo askoa baitut lepagainean.
Zientziak badu orain ere azalpena. Eta ni behintzat, lasaiago geratzen naiz.
Hemen utziko dut.
Gero jarraituko dut.