Itzuli konpainiak ‘Oihana’ antzezlana estreinatu berri du Angelun (Lapurdi). Lan honetako protagonistetako bat da Barbara Rivas Aranburu (Zumarraga, 1987) aktorea. Rivas ‘Go!azen’ telesailaren eskutik egin zen ezagun. Egun Hendaian bizi da eta Ipar Euskal Herriko eszena primeran ezagutzen du. ‘Cyrano’ antzezlanean ere lan egiten ari da.
Antzerki mundua beti gustatu al zaizu?
Lau urterekin gimnastika erritmikoa egiten hasi nintzen. Ondoren, beste dantza estilo batzuk egin nituen. Gimnastika erritmiko taldean, Gabonetan, musikalak egiten genituen. Antzeztu beharra zegoen. Baina ez nituen antzerki eskolak hartu. Goenkale telesailean hasi nintzenean hasi zen dena. Orduan hasi nintzen antzezpen mundua ezagutzen eta eskolak hartzen.
Nolatan hasi zinen ‘Goenkale’ telesailean?
Casting m0duko bat egin nuen figurante moduan parte hartzeko. Oker ez banaiz, eszena haiek Marbellan grabatu genituen. Lau figurante eta hamar bat aktore joan ginen. Aktoreen lana oso erakargarria iruditu zitzaidan eta zuzendariak casting baterako deituko zidala esan zidan. Ez nintzela gai izango pentsatu nuen, baina handik hilabete batzuetara deitu egin zidaten, castinga gainditu nuen eta urtebete eman nuen Goenkale telesailean. Oso interesgarria izan zen. Asko ikasi nuen. Goenkaleko denboraldia bukatzen ari ginenean, Euskal Herriko lehen musikala grabatu behar zutela entzun nuen. Lagunek animatu egin ninduten, dantzaria naizelako. Baina ez nuen abesteko ohiturarik, ordea. Hala ere, aurkeztu egin nintzen eta hartu egin ninduten. Go!azen pelikula grabatu genuen eta ondoren telesaila egin genuen. Madrilera joatea erabaki nuen, antzerki eskoletara joateko beharra bainuen.
Nola suertatu zen ‘Goenkale’ telesailean figurante lana egiteko aukera? Hori proposatu zizunari asko zor diozu…
Hala da. Nire gurasoek taberna bat zuten eta gurasoen lagun batek EITBn lan egiten zuen. Lagun hori, Raquel Busca, izan zen figuranteak behar zituztela esan zidana.
‘Go!azen’ telesailaren eskutik, Euskal Herria osoan ezagun egin zinen. Haurren idoloa zinen.
Pasada bat izan zen. Sekulako arrakasta. Pelikulak arrakasta handia izan zuen, baina telesaila hasi zenerako sare sozialak oso hedatuta zeuden eta horien bitartez telesailak sekulako presentzia lortu zuen. Oso polita izan zen: dantza, kanta, euskaraz… Garai hartan, gainera, haurrei beste garai bateko Euskal Herriko musika erakutsi genien.
«Heroiez ari garenean gizonezkoak etortzen zaizkigu burura, baina emakumeak ere heroiak izan gaitezke eta gara»
«Iparraldean garrantzi handiagoa ematen diote gure lanari, baloratuagoak sentitzen gara»
Nondik nora ibili zara Madrilera joan zinenetik?
Bost urte eman nituen Madrilen. Real Escuela Superior de Arte Dramatico-n ikasi nuen. Londresera ere joan nintzen, Erasmus egitera. Londresko konpainia batekin lan batzuk egin nituen. Suitzara ere joan nintzen. Bertan, tailer batzuk egin nituen eta frantsesa ikasi nuen. Azkenaldian, antzerkian lan egin dut batez ere. Telebistan egin dudan azken lana Altsasu da.
Non bizi zara egun?
Duela lau urte Hendaiara joan nintzen. Bi aldeetan lan egiten dudanez, oso toki egokia da.
Nolatan erabaki zenuen Hendaiara joatea?
Angeluko Hecho en Casa konpainiarekin casting bat egin nuen 2016an. Hiru urte zeramatzaten Cyrano lana frantsesez egiten eta euskaraz egin nahi zuten. Hartu egin ninduten. Emanaldi gehienak Iparraldean izan ziren. Hegoaldera behin bakarrik joan ginen eta pena apur bat eman zigun, oso ikuskizun ederra baita. Oso esperientzia ona izan zen. Frantzian oso zaindua sentitzen naiz aktore bezala. Horregatik, eta etxeak merkeagoak direlako, Hendaiara joatea erabaki nuen. Iparralderekin maitemindu naiz. Iparralde asko gustatzen zait eta bertako lan egiteko modua ere bai. Gainera, frantsesa asko gustatzen zait eta Donostiatik eta Zumarragatik oso gertu nago.
Igandean ‘Oihana’ ikuskizuna estreinatu zenuten Angelun.
Maryse Urruti da zuzendaria. Cyrano lanean ezagutu nuen, eta duela hiru urte beste obra hau idazten hasi zen. Parte hartzea eskaini zidan eta baietz esan nion, noski. 2020ko ekainean hasi ginen prestatzen. Iparraldean prozesuak Hegoaldean baino luzeagoak dira eta, gainera, Covidak are gehiago luzatu du. Oso pozik gaude azkenean ikusleekin elkartu garelako.
Zer diozu istorioaz?
Hiru belaunalditako hiru emakume gara. Oihanean dauden hiru heroi. Musika originala da eta Paula Olazek sortu du. Heroiez ari garenean gizonezkoak etortzen zaizkigu burura, baina emakumeak ere heroiak izan gaitezke eta gara. Istorioari dagokionez, etorkizun hurbil batean gertatzen den zientzia fikzioa da. Hiru emakumeak oihan sakratu bat babesteko borrokatzen diren hiru militante dira. Multinazional batek zuhaitz guztiak moztu nahi ditu, eta hiru emakumeak horren aurka borrokatzen dira, bakoitza bere modura. Antzerkia eta dantza nahasten dira. Hizkuntzaren transmisioaren gaia ere lantzen da. Oihanean hizkuntza propio bat dugu, belaunaldi batek ez zion besteari pasa, baina azkenean pasako da.
Zer gehiagotan zabiltza?
Hecho en Casa konpainiarekin Cyrano ikuskizuna egiten ari naiz berriro. Duela urte batzuk euskaraz egin nuen eta orain frantsesez eta gazteleraz egiten ari naiz. Beste bi egitasmotan ere parte hartzen ari naiz. Bata genero indarkeriari buruzkoa da eta bestea bullyingari buruzkoa. Bi lan horiek ikastetxeetan egiten ditugu. Genero indarkeriarena Nafarroan egin dugu. Bullyingari buruzkoarekin, berriz, Donostiako ikastetxe ia guztietan egon gara. Aurten Kultura Eskola katalogoan sartu gara eta emanaldi dezente egin behar dugu. Duela hiru aste Urretxun egon ginen, Joxe Mari Iparragirre institutuan. Ilusioa egin zidan. Lan horrek oso ondo funtzionatzen du. 15 minutuko lan bat antzezten dugu gazteentzat eta ondoren ikasleekin antzerki tailer bat egiten dugu.
Zein rol duzu ‘Cyrano’ antzezlanean?
Edmond Rostand-en lan ezagunean oinarritutako gazteentzako album ilustratu batetik sortu da gure antzezlana. Albuma Rebeca Dautremer eta Tai-Marc Le Thanh-ena da. Denok ezagutzen dugun istorioa Japonian lekutu dute. Cyrano eta Christian samuraiak dira, eta Roxanne geisha. Hiru emakumek hiru gizonen rola egiten dugu. Roxanne-ren rola egiten dut eta gizonezko batena ere bai. Beste bi neskek ere gizonezkoen rolak egiten dituzte. Zuzendariak maitasun istorio hau emakumeek kontatzea nahi zuen. Maskarak erabiltzen ditugu. Oso jolas polita da.
Iparraldean aktoreak oso ondo zaintzen dituztela esan duzu. Alde handia al dago Iparraldeko eta Hegoaldeko egoeren artean?
Hegoaldean oso konpainia eta aktore onak daude, baina Iparraldean gehiago lan egin dut. Honetatik bizitzea zaila da, baina Frantzian intermitentzia delakoa dugu: urtean zehar ordu kopuru bat lan egiten baduzu, lanik ez duzun hilabeteetan langabezia kobratzeko aukera duzu. Horrela, hilabete horietan lasai egon zaitezke: sortu, beste proiektu batzuk landu… Iparraldean nagoenetik, ez dut beste lanbide batzuetan lan egin. Lehen, proiektu bat bukatzen zenean, taberna batean edo arropa-denda batean lan egin beharra nuen. Langabezia kobratu ahal izatea oso garrantzitsua da, lanbide honetan sortzeko denbora ere behar baita. Eta sortzeko denbora duzunean beste lan bat ere egin behar baduzu alokairua edo hipoteka ordaindu ahal izateko… Hemen garrantzi handiagoa ematen diote gure lanari. Baloratuagoak sentitzen gara.