Kros denboraldiari itxiera emango dio igandean Oianguko Txindoki krosak, Ordizian. Unax Garcia Rubiok (Ordizia, 2003) denboraldia aho zapore onarekin amaitu nahi du herriko lasterketan.
Kros denboraldia amaitzear da. Zein da zure balorazioa?
Ona. Nire helburua, edo helburua baino gehiago ametsa, Espainiako txapelketara joatea zen eta lortu dut. Esperientzia motza, baina oso polita izan zen. Euskadiko txapelketan laugarren postua lortu nuen 20 urtez azpiko mailan eta hor jabetu nintzen Espainiakora joateko aukerak izango nituela.
Bi horietaz gain, zein izan da gehien gustatu zaizun lasterketa?
Krosak gogoko ditut, baina Ordiziako San Silbestrea gustuko dudan lasterketa da. Aurten, bertan behera geratu ez den San Silbestre lasterketetako bat izan da Ordiziakoa eta asko poztu nintzen. Ohi baino maila altuagoa egon zen, baina lasterketa ona egin nuen.
Pasa den igandean, Uliako 10Km Gimnastika lasterketan parte hartu zenuen Donostian.
Eliteekin batera aritu nintzen, nahiz eta, normalean, nire adinekoen kategorian lastertzen dudan. Ez nintzen oso gustura geratu, nahiko nekatuta heldu nintzen. Azkenaldian, lasterketa askotan hartu dut parte eta ez nago ohituta. Aurreko urteetan baino gehiago ari naiz lastertzen. Gainera, astean zehar entrenamendu gogorrak egin nituen, Oiangukora indartsuago heltzeko.
Igandean Txindoki krosean parte hartuko duzu, Oiangun. Zein helbururekin zoaz?
Egia esan, ez dakit. Gipuzkoako txapelketa da eta jende oso ona joango da. Ez daukat helburu finkorik, lasterketa ona egin nahi dut. Gainera, etxean da. Asteburu batzuetan bertan entrenatu izan dut.
Oraingoan ez duzu elitekoekin batera parte hartuko, ezta?
Ez, nire mailan. 20 urtez azpikoan parte hartuko dut eta 18 urtez azpikoak ere gurekin batera irtengo dira. 5.700 metro inguruko lasterketa izango da, beste batzuk baino motzagoa.
Etxeko lasterketa da zuretzat. Berezia da?
Bai. Gainera, kros denboraldiko azkena izango da. Beti gustatu izan zaidan lasterketa da, ongi moldatu izan naiz. Etxeko jendea ere animatzen aritzen da eta hori motibazio gehigarria da. Kros denboraldia gustura bukatzen saiatuko naiz.
Datorren helburuak zein izango dira?
Atseden beharra ere badaukat. Hurrengo helburua martxoan dut. Mendiko lasterketen Euskadiko txapelketan parte hartu nahi dut, baina soilik disfrutatzeko helburuarekin. Gero, udan, pistan 5.000, 3.000 eta 1.500 metroko probetan arituko naiz.
Ikasten ere ari zara…
Bai, Deustuko Unibertsitatean Fisioterapiako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako gradu bikoitza ikasten ari naiz. Betidanik ikasi nahi izan dut kirolarekin erlazionatutako zerbait eta oso gustura nabil.