Bi karlistaldien artean bada historiara hots handirik gabe igaro zen beste gerra-saiakera bat, 1848-1849koa. Horri II. Karlista Gerra deitzen dionik ere bada. Ez zuen 1830eko eta 1870eko hamarkadetako guduek adinako jarraipenik izan, baina izan ziren sarraldiak, borrokak eta jazarpenak. Zaldibia bihurtu zen karlistaldi hartako leku aipagarri bat.
Joaquin Julian Altzaa Gomendio abokatu, zuzenbide-irakasle eta militar oñatiarra izan zen Goierrin 1848ko uztailaren hasieran gertatu zenaren protagonista. Carlos Borboikoa erregetzara eramateko komentzimenduz, 1848ko ekainaren 23an zeharkatu zuen Bidasoa. Ipar Euskal Herrian bizi zen 1839tik, I. Karlistaldia galdu, eta errendizioaren baldintzak ez zituelako onartu. Joaquin Elio jeneral karlista nafarraren intsurrekzio deiari erantzuten lehenengoetakoa Altzaa izan zen.
Gipuzkoara talde armatu txiki batekin sartu zen, baina ez zuen aurkitu matxinadarako sustengu herrikoirik. Gerrarako gogo gutxi zegoen berriz, nonbait, hamar urte lehenagokoa artean gogoan. Altzaak batetik bestera ihesean hasi behar izan zuen, Espainiako Gobernuaren armada atzetik zuela.
Uztailaren 2an Ataungo mendietan harrapatu zuten Altzaa, Baiarrate mendian. Zaldibiara eraman zuten presaka, eta epaiketarik egin gabe, biharamunean fusilatu zuten hango plazan, uztailaren 3an. Matxinada zapuztea zen gobernuaren helburua.
Altzaaren harrapaketa eta fusilaketa gidatu zuena Antonio Urbiztondo militar donostiarra izan zen, Hego Euskal Herriko lau probintzietako kapitain jenerala. Kurioski, aurreko gerran Altzaaren kide izana zen, karlisten alderdian. Gerra galdutakoan, alderdi isabeldarrera pasatu zen.
Gipuzkoan akabera
Altzaaren saiakera hutsalak hoztu zuen Gipuzkoan gerrarako grina. Nafarroan jarraitu zuen, eta dozena erdi bat talde altxa ziren armetan. 1849 hasieran ere 150 gizoneko beste gudaroste bat sartu zen Irundik, baina ez zuten orduan ere altxamendu orokorraren txinparta pizterik lortu.
Altzaaren heriotzak dolu adierazpen ugari eragin zituen, ideologia guzietako jendeengan. Oñatiko Unibertsitatean zuzenbideko irakaslea izan zen aurrez.
Urbiztondok berak ere bukaera tragikoa izan zuen. Gerrako ministro zela, 1857ko apirilean. Madrilgo Errege Jauregian, guztiz argitu ez zen gertakari batean hil zuten, Erreginarengana bat-batean iristeko ahaleginetan.