Marian Velasco • Mekanizazio teknikaria
Sintesi gaitasuna nahiko garatua dut, hau da, han hemenka atzematen ditudan ideiak elkar lotzeko erraztasuna dut. Azkenaldian entzun/irakurri ditudan esaldi batzuk partekatu nahi dizkizuet, hausnarketarako gonbidapen bat luzatzeko asmoz:
- 1. Zoom bidez dei bat egiten badakit, baina ez dakit patata bat lurretik nola atera. Eskolan, lurra ereiten irakatsi beharko ligukete.
- 2. Frankismoa, azken gai gisa programatuta dagoenez eta ikasturte amaieran irakastea tokatzen denez, denbora faltagatik institutu gehienetan ez da ukitu ere egiten. Eta horrela, Grezia eta Erromaren historiaren jakitunak bai, baina euren herriko errealitatea ezagutzen ez duten neska-mutilak hezten ditugu. Berdin jokatzera kondenatzen ditugu.
- 3. Matxismoa eta genero-indarkeria errotik desagerrarazteko, txikitatik berdintasunean heztea funtsezkoa da. Era berean, sexu-heziketa on bat eman beharko litzateke.
- 4. Arreta gabeziaren nahasmena eta hiperaktibitatea duten pertsonentzat oso garrantzitsua da hezkuntza sistemaren eraldaketa. Ikasteko zailtasuna dut eta eskolan alferra deitzen zidaten. Sistema ez zegoen prestatuta orduan, eta oraindik ere ez dagoela uste dut.
- 5. Jendeak ez daki zergak ze demontre diren, ezta zergatik ordaintzen diren ere. Institutuan, nolako garrantzia duten eta zertan erabiltzen diren erakutsiko baligute, ez genituzke hainbeste ustelkeria-delitu jasango.
- 6. Dugun ogibidea, gure abizena izan dadin hezten gaituzte, adibidez: Kaixo, Juana naiz, okina. Unibertsitatean produktiboak izateko hezten gaituzte, eta ez gizaki edo pertsona gisa.
- 7. Ez gaituzte egunerokotasunerako zuzenbidean hezten, edo, bestela esanda: «Itxaron. Zerbait ez dabil ondo. Gertatzen ari zaidan / egiten ari didaten hau, legezkoa da?»
- 8. Dependentziarako diru-laguntza bat eskatzeko tramitazioa amesgaizto bihurtzen da. Geure burua burokraziaren aurrean defendatzen eskolatik erakutsi beharko ligukete.
- 9. Gazteen artean, suizidioa da bigarren heriotza-kausarik handiena. Zergatik jarraitzen dugu eskoletan osasun mentalerako hezkuntza programarik gabe?
Eraldaketaren giltza lokalizaturik dugu. Baino berriro ere, ez digute irakatsi (ezta ikasten utzi nahi ere) nola egin aipatutako egoerak aldatzeko. Hau da egin beharreko hausnarketa: Zeinek, zergatik eta zertarako nahi gaituzte bidegabekeria hauek jasaten?