Pello Agirrezabal • Segura
Argazkiaren eskuinaldean dagoena aski ezaguna da. Pele futbolaria. Historiako futbolari onena askoren ustetan. Eta ezkerrekoa? Gizon hori Manolo Etxeberria Idigoras da, zegamarra jaiotzez eta brinkolarra bihotzez. Aurten 86 urte beteko ditu.
Manoloren aita, Eugenio Etxeberria Azurmendi, 1936ko gerra hasieran hil zen eta ama, Juliana Idigoras Agirre, Brinkolako Garrotxiki baserrian jaioa zen. Ama ere Manolo ume zela hil zitzaion, eta umezurtz gelditu zen. Orduan, Brinkolako Garrotxiki baserrira ekarri zuten osaba-izebengana (Patrizio Idigoras eta Maria Ormazabal) eta bertan bizi izan zen osaba, izeba eta lehengusuekin.
Garai hartako lagunak Bittor Agirre, Jesus Alberro, Iñaki eta Ximon Azarola, Inazio Olmo, Jose Ramon Eriz (apaiza), Karmen Iñurritegi, Karmen Peñagarikano, Prudentxi Agirre, Karmen Balerdi eta Pilar Etxeberria izan ziren, besteak beste. Eta nola ez, Paxkual Zabaleta, haren bizilagun eta lagun mina izan zena. Hamabi urterekin Antzuolako maristen eskolara eraman zuten, eta handik, 20 urterekin, Venezuelara joan zen, Caracas hirira (50eko hamarkada bukaeran). Han egin ditu bere urte gehienak, irakaskuntzan.
Manolok beti izan du futbol zaletasuna. Caracasko San Agustin kolegioan hainbat mutiko entrenatu zituen urtetan zehar. Milaka ziurrenik. Kolegio horretan 56 urte egin zituen eta izen handia zeukan.
El profe deitzen zioten. Bertan bi futbol-zelai daude eta batek bere izena darama, Jose Etxeberria Idigoras. Venezuelan Jose deitzen zioten eta Brinkolan berriz Manolo da.
Pelerekin argazkia
San Agustin kolegioaren izenean atzerrira ere ateratzen ziren mutikoekin. Euskal Herrira behin baino gehiagotan etorri zen Donosti Cup torneoa jokatzera bere gazte taldearekin.
Argazkian New Yorken ageri da, 1982 urtean. Pelek antolatzen zuen txapelketa batera gonbidatu zituzten eta hortxe ageri da Manolo Pelerekin.
Jubilatutakoan Legazpira itzuli
Jubilatu eta urte batzuetara Caracastik Euskal Herrira itzuli zen, herrira, Legazpira. Realzale amorratua da eta oso gertutik jarraitzen du bai hemengo zein Venezuelako futbola. Aupa Manolo, segi horrela!