Hamar urte egitera doa preso ohiei laguntza ematen dien Harrera elkartea, eta Karlos Ioldi Muxika (Ataun, 1963) hasieratik dabil han lanean. Lehen Torturaren Aurkako Taldean abokatu izan zen. Aurretik, ETAko kide, eta kartzeletan 16 urte preso egona. Behin eskubide oro berreskuratutakoan, preso izandakoei edo erbestean egon direnei lana, osasun arreta edo diru laguntza ematearen eskerra jasotzea bezalakorik ez dagoela dio.
Euskal preso ohiei kartzelaldiaren ondoren laguntza ematen dien Harrera elkartean zabiltza, abokatu bezala. Zein da zure lana?
Harreman instituzionala, politikoa eta enpresariekiko esparrua jorratzen dut. Aurten beteko ditu elkarteak hamar urte, baina aurretik prozesu bat garatu genuen, ezker abertzalearen baitako eztabaidan. Niri preso ohien eremua kudeatzea tokatu zitzaidan. Ikusten zen ziklo politiko-militarra agortuta zegoela, argi eta garbi. Une gogorrak pasatu genituen, eztabaidetan iskanbilak eta momentu mingarriak beti izaten direlako. Agertu ziren bi ikuspuntuetatik –Mugarri ponentzia eta Zutik Euskal Herria– gehiengoa lortu zuena Zutik Euskal Herria izan zen, eta ikusten zen hainbat antolakunde zaharkituak geratu zirela, bertan behera utzi, eta tresna berriak sortu behar zirela.
Presoen auzian, zer itxaropen zeneukaten duela hamar urte, ETAk jada jardun armatua betiko utzi zuenean?
Garai hartan agian baikorregi izan ginen azterketa egiterakoan. Estatu espainoleko gobernu desberdinek eta hemengo hainbat alderdi politikok esaten ziguten biolentziarik gabe dena zela zilegi, dena konponduko zela. Borroka armatua bertan behera utzita, presoena jada egintzat ematen genuen. Ilusoak izango ginen, seguru aski, ezagututa, ezagutzen genuen bezala, Estatu espainola eta kudeatzen duten gobernuak.
Zein da Harreraren lan eremua?
Elkartearen izaera zehazteko hainbat batzar egin genituen, eta oso garbi barneratu genuen gu eremu politikoan ez ginela sartuko. Gu soilik mugatzen gara preso edo kanpoan egon den jendeari, behin egoera juridikoa normalizatutakoan, laguntza integrala eskaintzera. Elkartean gauden hiru arduradunak ere mundu horretatik gatoz, badugu esperientzia horren inguruan. Baina lan markoa oso zehatza dugu: lan munduan integratzea, izapide administratiboak gauzatzea, diru laguntzak…
«Preso edo kanpoan egon denari, behin egoera juridikoa normalizatuta duenean, laguntza integrala eskaintzera mugatzen da Harrera»
Zer moduzko balantzea egiten duzue?
Lan munduan integratzeko, sartzen ginen guretzat arrotza zen mundu batean. Enpresa munduan sartu behar ginen, eta enpresariekin egon behar ginen. Orain dela gutxi arte gure etsaiak ziren, eta beraiek ere gu horrela ikusten gintuzten. Baina ondo asimilatu genuen hori guztia. Instituzioekin, EAJrekin edo Eusko Jaurlaritzarekin ere konplizitatezko harremana lortu genuen, enpatia egin genuen. Beraiek ere errespetatzen gaituzte. Horixe izan da gure ibilbidea.
Bestetik, hau guztia gizartearen laguntzarik gabe nekez atera ahal izango genuen aurrera. Gaur egun 3.400 bazkide ditugu, urteko kuota bat ordaintzen dute. Diru sarrera horiek erabiltzen ditugu oftalmologoak edo odontologoak ordaintzeko, diru sarrerarik batere ez dutenei RGIraino kantitate minimo bat bermatzeko… Gizartearen laguntzarik gabe ezingo genuke aurrera jarraitu.
Beraz, askotan nabarmentzen den konfrontazio ideologiko-politikoen gaindik, elkar ulertze bat badago.
Bai, gure kasuan bai. Asko pertsonak esan nahi du. Eta pertsonak gara, azken batean. Gu etiketetatik kanpo goaz. Adibide bat jartzearren, Eusko Jaurlaritzak Aukerak egitasmoa muntatu du, kartzelan 3. graduan dauden pertsonei lana aurkitzeko, eta deitu gintuzten. Gure esperientziaz baliatu nahi zuten, gaia zertan zen jakiteko. Gure ibilbideari nolabaiteko errekonozimentua da.
Harreman horrek zer esan nahi du, dikotomiak gainditu eta beste fase batera iritsi zaretela?
Bai. Guk laguntzen diegun pertsonak guregana laguntza eske datozenak dira. Ez diogu galdetzen zer pentsatzen duen. Gu jada etxerik gabe gaude, nolabait esateko, baina etxe horretan egon direnak datozenean guk jasoko ditugu, eta ahalik eta modu duinenean lagunduko diegu. Haien eskerra jasotzeak baino gehiago ez nau ezerk betetzen.
Preso ohien artean, zein da egoera gaur egun, eta zer behar dauzkate?
Kezkatzen gaituena jubilazioa da. Urtetan kotizatu gabe dagoen jendea da, diru laguntza soziala jasotzeko ere aukerarik gabe. Gure erronka handiena hori da, eta horretan ari gara mugimenduak egiten. Harremana badugu instituzioekin eta alderdi politikoekin, eta arlo hori garatzen ari gara.
Zer irtenbide izan dezake?
Adinean aurrera doazenek, 60 edo 65 urterekin, ez daukate lan munduan integratzeko aukerarik. Gazteagoekin ez daukagu lana aurkitzeko arazorik, askok oraindik ikasteko edo formakuntza garatzeko aukera badaukate. Francoren garaian kartzelan egon zirenei garai hori minimoa kotizatuta bezala konputatu zieten. Gure garaiko dinamika, aldiz, kartzelari eta sistema guztiari aurre egitea zen: kontaketetan zutik ez ginen jartzen, geure kabuz ez ginen inoiz biluztu, edota ez genuen sinatu bertan lana egiteko prest geundela zioen idatzia. Noski, horrek zigorra ekartzen zuen.
Lan munduko ateak irekita aurkitu dituzue?
Bai. Guk oso argi geneukan zer ginen, zertarako geunden eta zertarako gauden. Enpatia eta psikologia asko behar da, eta bestearen lekuan jarri behar zara. Hiru bizkartzainekin ibiltzen zen enpresari batekin egonda nago, eta beti errespetuz. Aukera edukiz gero, ateak ireki dizkigute. Horretan esker onekoak gara; bakoitzari, berea. Estatu mailako estamentuekin eta ordezkaritzarekin ere gestioak egin izan ditugu, eta abegikorrak izan dira. Jaurlaritzarekin ez dugu inongo arazorik. Baina serioak gara. Hamar urte egin behar ditugu, eta bakarrak gara Estatuak jo-puntuan jarri ez duena, ilegalizatu ez duena. Eta ez da izango gogorik ez zuelako. Gauzak ondo egin dira, seriotasunarekin, eta ez gara hortik mugitzen.
Oraindik zigor luzeekin badira kartzelan. Urteetarako lana du elkarteak.
Gure eremua izango da, ziurrenik, gatazkaren ondorioen zikloa ixten deneko azkeneko fasea. Esan bezala, gainera, guk behin askatasuna lortzen dutenean eta egoera juridikoa normalizatu ondoren hartzen ditugu, ez lehenago. Guk laguntzen diegun pertsonak eskubide guztien jabe dira.
Sinisbera edo «iluso» sentimendua aipatu duzu lehen. Gatazkaren bukaera bezala, presoen auzia ixtea uste baino luzeago doa.
Errealitate hori lehen pertsonan bizi izan dugunok beste egoera batean bizi izan genuen. Beste gizarte batean sortu ginen, sortu ere. Norbera, sortzen den gizartekoa da; beste erreferentzia batzuk, beste heziketa bat duzu. Barruan geundenean, gure nahia ihes egitea eta berriro borrokari atxikitzea zen. Baina egoerak aldatu egiten dira, eta badago beste irakurketa sakonago bat: zergatik iritsi gara hona? Aukerak izan ditugu.
Adibidez?
Hasteko, Xibertan. Han egon zen lehendabiziko aukera, eta ez zen gauzatu. Hurrengoa, Argel. Han ere arrazoi ezberdinengatik, ez zen gauzatu. Barrura begirako hainbat hausnarketa daude hor. Gero Lizarra etorri zen, eta egia da pentsatzen genuela han bukatuko zela dena. Lizarra guretzat Xiberta bis zen. Nik uste dut hor bertigoa sartu zela, gauzak ez ziren ondo egin, eta porrota ekarri zuen. Hamar urteren ondoren, Loiolan ere aukerak galdu genituen. Hiru hamarkada horietan, berriz, estatua geroz eta sendoagoa zen, eta gure etxeak babes gero eta gutxiago zuen. Hor jada bilakaera gainbeheran ikusten genuen, eta gertatu zen gertatu zena.
Hemen teorizatu egin da asko, praktikan inongo esperientziarik gabekoen eta errealitatetik kanpo zeudenen artean. Horren baitan egiten zuten azterketak ez zeukan zerikusirik gizarte osoan zegoen ikuspuntuarekin.
Noiz kokatzen duzu aldaketa beharraren garaia?
Askoz ere lehenago. 1992an, hiru kidek hausnarketa bat egiten dute: «Gudu militarreko porrotak ez dezala borroka politikoaren porrota ekarri». Arrazoia zeukaten. Txosten hori guri Atutxak bidali zigun, banan-banan, enkuadernatuta. Guk ez genekien, gero jakin dugu.
Esparru politikoa ere galdutzat ikusten duzu?
Ez, ez dut galdutzat ikusten. Gaur egun, eskerrak euskara daukagun, zeren hori da gure bihotza, eta hortxe daukagu heldulekua. Bestela, kezkatzeko moduan ikusten dut gizartea. Hemendik belaunaldi batera ez gaituzte ezagutu ere egingo. Estatuak dauzkan tresnekin eta egiten ari den markajearekin, presioarekin, geroz eta erabaki estuagoak hartzen ari gara. Orain dela gutxi ikusi dugun bezala: gure torturatzaileak biktimatzat hartu behar ditugula esanez egin duten txostena. Baina zer da hau? Non gaude? Abokatu lagun batek Estrasburgon Atristainen sententzia irabazi berri du, Espainiako Erresumaren aurka. Hor ez du torturaren gaia aipatu ere egiten; inkomunikazioa da gakoa, defentsako abokatuen eskubidea urratzen zelako. Hori Europak esanda, zertan gabiltza? Niretzat, gaur egun, erronka nagusiena memoria transmititzea da.
Errelato famatu hori.
Bai. Egia da Estatuak dauzkala tresna guztiak, baina oso kezkatuta nago horrekin, oso. Gure eremuan, politikoa dena, gizarteari geratzen zaion helduleku bakarra presoena edo erbesteratuena da. Hori behin amaitzen denean, ez dakit. Hizkuntza edukiko ez bagenu, non legoke bereizketa? Estatua ase ezina da, eta momentu batean iritsiko da esanaraztera «zuek ez zarete euskaldunak, espainolak zarete». Ase ezinak dira.
Zer aurrerabide ikusten duzu?
Esparru guztietan, gizartea landu egin behar da. Bulegoetatik kanpo egin behar da lana, jendearekin egon behar da, haien kezkak jaso. Instituzioetan egotea beharrezkoa da, baina uste dut indar gehiegi ematen diogula instituzioen lanari. Eta eskerrak hizkuntza daukagun; agian ez gara jabetzen, baina itxaropenerako bidea horrek ematen dit.
‘Ahuntz’ izan nahi duen ahuntzaina
Espazio-denbora dimentsioekin definitu du bere burua Karlos Ioldik: «Ni nire garaiko ataundarra naiz». 1963an jaioa Ataungo Arrondon, auzoa —Astigarragakoen kontrako futbol partida hil ala bizikoak— eta herria —1970eko hamarkadan amnistiaren aldeko batzarrak, eliza gainezka, gogoan ditu— izan zituen bide erakusle. Borroka armatuan hasi zen ETAn, eta 1985ean atxilotu zuten. 16 urte egin zituen preso.
Kurioski, ahuntzak ditu lehenaren eta orainaren arteko uztartzaile. Atxilotu zuten garaian, antxume bat biberoitik esnea emanez hazten ari zen. Guardia zibilek trufaka esan zioten huraxe jan zutela. Orduan ez, baina gero prentsako argazkietatik ezagutu zituen etxera joan zitzaizkion atxilotzaileak: Galindo buru, karpeta beltz kremaileradun bat eskuetan, eta Dorado Villalobos eta Intxaurrondo famatu egiten ari ziren enparauak. Bere larruan nozitu zituen haien ‘galdeketak’. Eta bainera.
Karlos etxekoentzat, Juan Carlos ponteko izen, Juankar edo Karleti kanpoan… Ez du bere burua alderdi politiko bateko inoiz ulertu, nahiz bere ekinbidearen helburua garbi eduki: «Maite genuen herriaren alde egin dugu dena, eman eta kendu, zentzu guztietan».
Onddozale «ikaragarria» da, eta ahuntzak hazten ere jarraitzen du, etxerako eta lagunei emateko. Izan ere, metaforikoki ahuntza izan nahi du: «Ni ahuntza naiz, ni ez naiz ardia». Ez zaio artaldean ibiltzea gustatzen. «Kritikoa izan, zentzu onean, errespetuarekin».
1987an Eusko Jaurlaritzarako lehendakarigai ere izan zen, HBk aurkeztuta. Ohikoa zuen orduan herrialde bakoitzeko preso bana zerrendetan sartzea, eta hartarako uste zuen berak ere. Inbestidura hitzaldia egitera iritsi zen.
Herreran zegoen preso, eta bazuen lehendakari izatea baino aurreragoko eginkizunik han: ihes egiteko zulo bat egiten ari ziren, eta bera zen arduraduna. Lokaztutako txandala aurkitu kartzelazainek, eta ondorengo peskizetan topatu zuten zuloa ere.