UGLE Urola Garaiko Lanbide Eskolak 25 urte bete ditu. Hasiera nekeza izan zuen, baina pixkanaka nortasuna eta indarra hartuta, bilakaera nabarmena izan du eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko prest da.
Goierri garaiak Lanbide Heziketako eskola indartsu bat behar zuen eta joan zen mendearen amaieran UGLE sortu zuen, Urola Garaiko Lanbide Eskola. Bideari umiltasunez ekin zion eskola hura pixkanaka hazten joan da eta egun punta-puntakoen artean dago, etorkizuneko erronka guztiei aurre egiteko prest.
Xabier Arratibel Txintxurretak primeran ezagutzen du UGLE eskolaren historia, ikastetxea martxan jarri zen egunetik bertan egon baita. Egun, UGLE Fundazioko zuzendaria da. «Politikoek Lanbide Heziketa indartzea erabaki zuten. Proiektuan lau udalek eta enpresek parte hartu zuten. Proiektua Batis Maiz legazpiarrak gidatu zuen eta Europako laguntzak lortu ziren. Ikastetxe erlijiosoen berrantolaketa bat egon zen, eraikin hau libre gelditu zen eta mankomunitateak erosi egin zuen. UGLE eskolak 1996ko irailean hasi zuen bere ibilbidea», gogoratu du Arratibelek.
Hasiera gogorra izan zela onartu du. «Nahiko modu prekarioan hasi ginen. Eraikina berritu behar izan zen, La Salle-Legazpitik hainbat makina ekarri ziren… Ez genuen inbertsio handiak egiteko aukerarik izan. Pixkanaka ikastetxeak nortasuna eta indarra hartu zuen, baina lan asko egin behar izan genuen. Goi mailako ikastetxea izan nahi genuen, baina horretarako baldintza batzuk derrigor bete behar ziren, Zilarrezko Q-a eskuratzea, adibidez. Horretaz gain, hezkuntza ez arautua ere eskaini behar genuen, enpresei formazioa eskaini behar zitzaien… Irakasleek oso gogor lan egin behar izan zuten».
Arratibel oso gustura ageri da 25 urte hauetan egindako lanarekin. «Lanaren ondorioz, emaitzak etorri dira. Batis Maizek 2004an hartu zuen erretiroa eta ordurako Zilarrezko Q-a bagenuen. Ordutik, ez diogu hobekuntzak egiteari utzi: Investors in People agiria (pertsonen kudeaketa), ISO 9001 (kudeaketaren kalitatea), ISO 14001 (ingurumena) eta ISO 45001 (segurtasuna eta osasuna)», azaldu du.
Eskaintza espezializatua
Kudeaketa onarekin batera, gizartearen eta inguruko enpresen beharretara egokitutako ikasketak eskaintzen dituzte. «Gurea inguru industriala izanik, horretara bideratu behar dugu eskaintza. Baina, horretaz gain, gure burua gainontzeko eskolengandik bereizten saiatu gara. Hala, karrozeriako erdi mailako zikloa, eta ortoprotesikako eta automozioko goi mailako zikloak eskaintzen ditugu. Inguru honetan beste inork ez ditu espezialitate horiek eskaintzen. Gu gara inguruan horiek eskaintzen dituen ikastetxe bakarra».
Gainontzeko ikastetxeengandik bereiztea eta ikastetxe dinamikoa izatea lortu dutela uste du. «Irakasleak eskaintza etengabe aldatzera ohitu dira. Horretarako, antolakuntza aldatu behar da, irakasleei formazioa eman behar zaie… Nahasmena da, baina irakasleak horretara egokitu dira. Langabetuentzako eta langileentzako eskaintzari dagokionez ere, malguak gara. Ikastaroak egungo beharretara eta teknologietara egokituak daude. Bai hezkuntza arautuan eta bai ez arautuan, gure ikasleak lan merkatuan txertatzen ditugu», nabarmendu du.
Berrikuntzan urratsak egiten
Kudeaketa onarekin eta eskaintzarekin batera, berrikuntza azpimarratu nahi du. «Berrikuntza alorrean sekulako jauzia eman dugu. Kanpora begira lan egiteko, inguruko enpresei laguntzeko, grina izan dugu beti. Sidenor enpresarekin, adibidez, proiektu garrantzitsuak garatu genituen. Proiektuak gauzatzeko, 4.0 laborategi bat sortu dugu: ikusmen artifiziala, errealitate birtuala, robotika, automatizazioa, datuen kudeaketa… Laborategi hori enpresen beharrei erantzungo dien tresna bat izango da. Esperimentazio leku bat. Ondoren, ezarpena etorriko da. Ikerketa eta garapen sailean bost langile ditugu, proiektuak garatzeko». Horrek guztiak ikastetxea beste maila batean kokatzen duela dio Arratibelek. «Lanbide Heziketari balio erantsia ematen ari gara. Hori oso garrantzitsua da».
25 urte hauetan ehunka ikasle pasa da UGLEtik, eta Lanbide Heziketako eskola hau Goierri garaiko ikur bat da dagoeneko. «Hezkuntza arautuan 355 ikasle ditugu eta hezkuntza ez arautuan 3.000-4.000 ordu ematen ditugu urtero. Gainera, urtero hiruzpalau proiektu garrantzitsu garatzen ditugu enpresekin. Barne proiektuak ere baditugu: 4.0 teknologiekin, elektromugikortasunarekin eta energia berriztagarriekin lotuta daude. Gure estrategian txertatuta daude eta horiek aurrera eramateko eremua gure laborategia da».
Etorkizunerako erronkak
Etorkizuneko kezka nagusia jaiotze tasa baxua da. «Eskaintza dibertsifikatu beharko dugu. Batean ikasleak falta badira, beste batek konpentsatu beharko du». Ez dira etorkizunak ekarriko dituen erronken beldur. Orain arteko grinari eusten badiote, UGLE eskolak 25 urte barru ere «puntaren-puntan» jarraituko duela uste du fundazioaren zuzendariak. «Hobetzeko grinari eutsi behar diogu. Beharrak zeintzuk izango diren asmatu behar da eta egiten dugun guztia zalantzan jarri».
Eskolaren historiari buruzko bideoa
Urteurrena ospatzeko, 25 urte hauetako kontakizuna jasotzen duen bideoa prestatuko dute. Egitasmoan parte hartu dutenei eta egungo protagonistei elkarrizketak egin dizkiete. Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariek ere parte hartu dute. Bideoa aste batzuk barru aurkeztuko dute. «Bailarako biztanle guztiei iristea nahi dugu, kontakizun polita izango baita». Horretaz gain, Lanbide Heziketari buruzko solasaldi bat ere antolatuko dute. «Lanbide Heziketaren munduan garrantzi handia duen jendea ekarriko dugu». Laborategiaren inguruko ekitaldi bat ere antolatuko dute. «Laborategia proiektu berritzailea da eta zabaldu egin nahi dugu. Egitasmo horri ikusgarritasuna eman nahi diogu». Urteurreneko ekitaldiei bukaera emateko, ikasle ohiekin ospakizun bat egingo dute.