Josune Gil • Ezkerreko eserlekutik
Kazetaritza ikasten hasi nintzenean objektibotasunaz hitz egiten genuen askotan. Irakasle batzuek esaten zuten albisteak idaztean, objektibotasuna izan behar zela kontutan izateko garrantzitsuenetakoa. Beste batzuek, ordea, objektibotasuna utopia besterik ez zela. Ni hau uste dutenen artean nago.
«Gazteak, etxebizitza erostearen kontra» dio titular batek, baina nik nahiago beste egunkari batek argitaratutakoa: «Gaurko gazteek kobratzen dutenaren bikoitza beharko lukete etxebizitza bat erosi ahal izateko». «Z generazioak ez du seme-alabarik izan nahi», edo agian baliteke, bigarren horrek arrazoi izatea: «Gazteek ezin dute seme-alabarik izan: soldatek eta bateratze faltak amatasuna atzeratu dute».
«Gazteek ez dute igeltsero izan nahi, nahiz eta lana egon». Egia, baina «lan istripuak 250.000 baina gehiago izan dira 2021an» eta gazteek «segurtasuna baloratzen dute» lan-eskaintza onartzen dutenean. Ez dago egi bakarra, baina nik behintzat nahiago ditut errealitate gordinera gerturatzen gaituzten egiak. Ez da pesimismo kontua, egi horri buelta emateko hausnartzera gonbidatzen gaituzten titularrak irakurtzea ondo datorkigu askotan. Eta konponbideak bilatzea, edo arazo horiei buelta eman eta mundua leku hobeago bat bilakatzearen alde egiten dutenei babesa ematea.