Joseba Telleria • Irakaslea eta ikaslea
Gaur, bazter guztietan ikus badaitezke ere, 1900 inguruan baziren pakete eta enkargu banatzaileak. Madril-Hendaia trenbidea eraiki zenetik, are gehiago. Bere idi parea eta gurdia lagun, Segurako Zerainsagasti baserriko Legorburutar bat aritzen zen horretantxe. Beasainera joan zen batean, idi parea eta gurdia itzainik gabe bueltatu omen ziren Zerainsagastira. «Ezta gauza onik» pentsatuta, ingurukoak berehala jo zuten Beasain aldera. Antzizar parean, jende mordoska sumatu eta hantxe zegoen itzaina zerraldo, lapurreta tarteko, aizkorakadez kolpatuta. Gainean zeraman dirua lapurtzen saiatu, baina alferrik. Ondo ezkutatuta zeraman nonbait. Handik gutxira… Antzizar inguruan ikusi omen zutela eta, haltza mozten aritutako aizkora gorrituren bat topatu omen zioetela eta, Idiazabalgo Eztenaerrota baserriko morroia sartu zuten preso.
Lau bat urte geroago, 1904ko uztailaren 24rako, Donostiako Txofreko zezen plazan, zezen (Huron) eta tigre (Cesar) baten arteko borrokaldia zegoen iragarria. Jendez gainezka zela hasi zen ikuskizuna. Pasaian espreski eraikitako kaiola erraldoi batera sartu zituzten biak. Zezena ari zitzaion gaina hartzen. Halako batean, tigrea atearen kontra jaurti, hau eten, eta bi animalitzarrak itxituratik kanpora atera ziren. Beldurra, izua, histeria eta jendearen noraeza zabaldu zen zezen plaza osoan. Segurtasun indarrak, mikeleteak, animaliei tiroka hasi zitzaizkien. Tigrea akabatzea lortu zuten, baina bala haietako batek baino gehiagok, errebotean nahiz zuzenean, zenbait ikusle ere harrapatu zituen. Bertan, persona bat hil eta hainbat zauritu ziren. Batzuk larriki. Ondorengo egunetan beste hiruk galdu zuten bizia. Haietako batek, hilzorian, bere burua autoinkulpatu zuen Segurako itzainaren hiltzaile material modura. Beasaingo tren geltokiko faktorea zen.
Hilketa gertatu eta 4 bat urtera askatu zuten Eztenaerrota baserriko morroia.