Joxepa Madariaga • Lazkao
Zer egiten dugu ala zer ez dugu egiten? Saltsa klase asko egosten da gure sukaldean, denetik eta denontzat saltsa euskalduna, euskarazko saltsa. Ez «salsa española» (jateko ederra! dena), ez «saltsa kubatarra» (dantzarako zoragarria!). Euskal liburu- eta disko-azoka, Liluratura, Berriketan solasaldiak, Hitz&Musik, Laburbira, Lazkao Txiki gogoan, Mintzalaguna, Mintzatertuliak, bertso-afariak, haurrentzat jolasak, musika-emanaldiak, bazkariak, Gerriko Ikerlan Beka; Iker Markinezekin sukaldean, Elordi Garziarekin Minbiziari bizimina, German Urteagarekin TRANSizio prozesuaren kalenturak, Asier Alustizarekin Bullyng-a, zergatik niri?… Hori guztia duzu Gerriko Kultur Elkartea. Jarduera horiek antolatzera bideratuak ditu bi egoitza nagusiak: liburu-denda eta txokoa.
Gerriko, sorreratik gaur egunera
Goiherriko Euskalduntze Alfabetatze Eskola Kultur Elkartea, izen luzea eta bihurria; Goierri h eta guzti! Laburtuta, Goierriko Euskal Eskola Kultur Elkartea, luuuuzea! hala ere. Alfabetatzea lehenengo, gaueskolak, debekuak, ezkutuko lanak, euskalduntzea geroago… Horrela ziren kontuak eta komeriak 1960ko hamarkadan, Patxi zaharra bizirik eta lanean zenean.
1988an, Maizpide Euskaltegi-Barnetegiaren sorrerarekin, euskararen irakaskuntza formal eta arautua jada bideratuta ikusirik, Goierriko Euskal Eskola Kultur Elkarteak euskaraz egindako kultur ekintza eta ikerketei buru-belarri heldu nahi izan zien, etxean edo eskolan euskara ikasi duen euskaldun oro euskara erabiltzera bultzatzeko. Horrela, nola ahozko erabilpena hala idatzizkoa ere, bere jomuga bihurtu zituen; beraz, geroztik, bi ildo nagusi hauetan zehar burutzen du elkarteak bere jarduna.
Ahozko eta idatzizko jarduna, euskara eta euskal kultura lantzea eta indartzea. Ez da txantxetako zeregina, horratio! Egia da, 1977ko batzarrean bazkideek onartutako helburua sekulakoa izan zela, handiegia, gaur ikusita: «2000. urterako Goierri euskalduntzea». Amestea beharrezkoa da, oinak lurrean, bi eskuei txistu eman eta lanari ekinda, noski. 2022an hemen gaude, ez oso eroso, euskarari dagokionez.
Izen aldaketa
Gerriko Kultur Elkartea, Gerriko txokoa/liburu-denda/elkartea Lazkaon dagoen arren, Goierriko hainbat herritako bazkidek osatzen dugu. Egia da, zorionez, gaur egun herri askotan daudela euskara elkarteak, baina Gerrikok badu bailara izaera oraindik ere. Elkarlanean, elkarrekin eta elkarrentzat lanean ari gara.
Jendea (eta geure burua) janzteko eta entretenitzeko kultur programa zabala antolatzea dugu helburu. Euskara hutsez funtzionatzen dugu eta euskal kultura dugu langai. Oraintxe, bazkide berriak inguratzeko kanpaina martxan daukagu: saltseroa bazara, lagunak gogoko badituzu, adiskide artean orduak labur egiten bazaizkizu, etorkizuna euskaraz irudikatzen baduzu, ideiak borborka badituzu, hitzaldi horixe entzun nahi baduzu, errezeta hori prestatu nahi badiezu lagunei, afaltzera gonbidatu nahi badituzu lagunak (bakoitzak berea ordainduta!)… Horrelako zerbait bazara, edo, hori guztia, zure lekua Gerriko da. Egin zaitez bazkide!