Lanbidez ingeles irakaslea, eta afizioz Urrup antzerki taldeko aktorea da Ana Martinez (Ordizia, 1967), bere ongizaterako terapia ere izan dena. Martxoaren 11n bere lehen sormen lana, ‘Tuppersex’ antzezlana, estreinatuko dute Ordizian, 50 urtetik gorako emakumeei keinu eginez.
Data berezia izango da martxoaren 11. Zergatik?
Urrup Antzerki taldekook Tuppersex antzezlana aurkeztuko dugulako Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, Ordiziako Kimetz Emakumeen Elkarteak antolatutako emanaldian.
Zuk idatzitako lehen antzezlana da gainera…
Bai, hala da!
Zein da mamia?
Lehenik eta behin esan nahiko nuke Tuppersex idazten hasi nintzenean, oso argi nuela, nire adineko emakumeei buruz hitz egin nahi nuela, hau da, 50 urte beteak ditugunon inguruan. Askotan gertatzen da antzerkian batez ere pertsonaia gazteak antzezteko paperak daudela. Askotan tokatu izan zait niri ere, pertsonaia gazte bati bizitza eman behar izatea.
Antzezlan hau idatzi izanaren arrazoi nagusiena da, guri, emakume helduoi, kezkatzen gaituzten gaiak jorratu nahi nituela, eta bide batez, adin hori dugun emakumeon plazer sexualari buruz ere hitz egiteko aitzakia paregabea iruditu zitzaidan. Horren guztiaren ondorio da Tuppersex.
Istorioaren inguruan zertzalada batzuk ematerik bai?
Txikitatik lagunak diren lau emakume dira protagonistak. Ez dira gehiegitan elkartzen, baina bati, sexurako jostailuak erosteko bilera bat antolatzea bururatu zitzaion. Haietako baten etxean Tuppersex saio bat egiten dute, eta ezusteko handia izango dute; konturatzen dira, elkarri buruz gutxi dakitela eta gauzak deskubritzeko aukera paregabea bihurtzen da saioa.
Emakumeontzako garrantzitsuak diren gai asko daude: adiskidetasuna, harremanak, amatasuna, feminismoa, sexu-aniztasuna, kontziliazioa, lan postuetan promozionatzeko zailtasunak, zaintza lanen banaketa… Hori guztia da Tuppersex, ikuspegi umoretsu batetik, eta musika nahastuz.
Komedia musikal bat da?
Ez, baina hortxe uzten dut!
Nolatan animatu zara idaztera?
Urrupen askotan ditugu arazoak obra egokiak aukeratzeko, are gehiago, martxoaren 8aren bueltan eskaintzen ditugun emanaldietarako; hau da, genero perspektiba dutenak, teknikoki egingarriak direnak guretzat, erreparto egokia dutenak…
Ideia bat banuenez, eta azaldutako arrazoiek indartuta, gidoiaren idazketa prozesuan sartu nintzen, baina inori ezer esan gabe, ez nituelako konpromiso batean ipini nahi.
Noiz esateko asmoa zenuen edo noiz esan zenien?
Ba hain zuzen ere, martxoaren 8rako zer egin aztertzen hasi ginenean nire proposamena botatzera ausartu nintzen. Zin eginarazi nien, gustatzen ez bazitzaien, argi eta garbi esan eta beste zerbait egingo genuela. Baina lehen irakurketa egin genuenean, jabetu nintzen benetan gustuko zutela. Beraz, aurrera egin genuen, eta hementxe gaude, antzezlanaren estreinuaren atarian.
Aktore lanak ere egingo dituzu. Nortzuk lagunduko dizute?
Lau protagonisten paperak Marivi Lopezek, Marisol Caverok, Oroitz Agirrek eta nik egingo ditugu. Paper txikiagoetan berriz, Gorka Lariz, Jose Luis Arguiñano eta Juan Manuel Pecharroman.
Zuzendaritzan, berriz, Rosa Rojo…
Bai, noski! Bera da Urrupeko zuzendaria eta Tuppersex ere Rosa ari da zuzentzen.
Entseguekin zure sormen lana gorpuzten ari da. Nola doa?
Oso esperientzia bitxia izaten ari da. Lehen aldia da autorea entseguetan dagoela. Ez dugu interpretatu behar autoreak zer nahiko zukeen esan. Niri galdetu besterik ez dute. Eta niretzat oso arraroa izan da nik sortutako pertsonaiak denon artean aztertzea, osatzea eta hobetzea.
«Hau idatzi izanaren arrazoi nagusiena da, guri, emakume helduoi, kezkatzen gaituzten gaiak jorratu nahi nituela»
«Garai pertsonal zail batean nengoen eta nire terapeutak gomendatu zidan sormeneko jardueraren bat egitea»
Oraingo hau zerbait berria bada ere, urte mordoa daramazu Urrupen…
Bai, hala da! 2010eko irailean hasi nintzen. Garai pertsonal zail batean nengoen, estres eta antsietate handikoa. Nire terapeutak gomendatu zidan, sormeneko jardueraren bat egitea. Hala, antzerkia egitea bururatu zitzaidan, bi arrazoiengatik, nagusiki. Batetik, gaztetan unibertsitatean antzerki pixka bat egin nuelako, eta bestetik, eta garrantzitsuena, Ordizian antzerki talde bat zegoela banekielako, hain zuzen ere, nire txikitako lagun Marisol Caverok sortutakoa. Haien lanak ikustera joateko ohitura nuen eta pentsatu nuen, zergatik ez? Eta egia esan, antzerkian hastea izan da nire bizitzan hartu dudan erabaki onenetako bat. Entseguetan ez nintzelako ez ama, ez emazte, ez irakasle… Ana besterik ez nintzen eta naiz, eta horrek, oso zoriontsu egiten nau!
Esan duzu estresa eta antsietatea zenituela. Egoera horretan jendaurrean jartzea nolakoa izan zen?
Lehen urtean, begiratu, ikasi eta lagundu besterik ez nuen egin, lantzen ari ziren obrarako errepartoa egina zegoelako, batik bat. Juan Jose Alonso Millanen El cianuro, solo o con leche antzezlana ari ziren prestatzen. Rosa zuzendariak esaten du, jende gutxik jasaten duela hainbeste denbora paperik gabe, aspertu eta alde egiten dutela, baina niretzako izugarrizko ikastaroa eta esperientzia izan zen.
Oholtzara igotzeko lehen aukera 2011ko Ordiziako jaietan heldu zen, taldekide bat kanpora joan eta hura ordezkatzeko aukera eman zidaten. Oraindik gogoan dut, egun hartan ohetik jaiki eta negar ere egin nuela. Antzerkian hasteagatik madarikazioak bota nituen. Nire bizitzako egunik txarrenetakoa izan zen. Baina azkenean pasa zen eta ordutik, 15 antzezlan ezberdinetan hartu dut parte; komediak, dramak, euskaraz, gazteleraz, pandemiarekin online ere bai… Eta azkeneko urteetan, taldeko lehendakari lanak ere egin behar izan ditut. Hauek ez ditut oso gogoko, baina norbaitek egin behar ditu.
Estreinaldirako eguna gero eta gertuagoa dago. Zer sentipen dituzu?
Gerturatzen ari da eguna bai! Oso kontentu nago, baina oso urduri ere bai. Aktore lanak bakarrik ez, obra bera ere epaituko du publikoak eta ez naiz inoiz testuinguru horretan egon. Hala ere uste dut gerturatuko direnak oso ondo pasako dutela, gu behintzat asko-asko ari gara disfrutatzen. Nola ez, gurekin disfrutatzeko gonbita luzatzen diet denei!