Gipuzkoako Foru Aldundiak Beasain aukeratu zuen kontziliazio erantzunkiderako lehen foru planean jasotako ekimen pilotuak probatzeko. Dendetako ordutegia moldatu dute aurten, esaterako. Ikastetxeak eta enpresak ere ari dira gaia jorratzen. Ikasitakoarekin inertziak aldatu eta lurralde osorako legeak egingo dira etorkizunean.
Gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna lortzeko bidea luzea da oraindik ere. Genero Berdintasunaren Europako Institutuak «erabateko» berdintasuna lortzeko aurreikuspenak atzeratu egin zituen urrian, Genero berdintasunaren indizea urtekarian bildutako datuek txarrera egin dutelako. Etxeko eta zaintza-lanetan gizon eta emakumeen desoreka hazi egin dela ikusi zuten. Europan, oro har, eta gurean, zehazki. Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian zaintzen eta etxeko lanen ia %70 emakumeek hartzen dute euren gain, Eustaten azken datuen arabera. Aurreko neurketatik puntu erdi egin du gora. Ardura horiei eskainitako denbora zenbat eta handiagoa izan, orduan eta denbora gutxiago gelditzen da etxetik kanpo lan egiteko, aisialdiaz gozatzeko edo garapen pertsonalean sakontzeko.
Lehen urratsa Beasainen
Hanka bat herren ez geratzeko kontziliazioan jarri du arreta Gipuzkoako Foru aldundiak. Kontziliazio erantzunkidean, «ezinbestean». «Gure belaunaldiko erronka garrantzitsuena» dela dio Markel Olano diputatu nagusiak. «Ez da hutsala gure buruari jarri diogun helburua: Gipuzkoa aitzindari nahi dugu kontziliazioan eta erantzunkidetasunean, eta era horretara herritar guztiei beren bizitza osoki garatu ahal izateko aukera eskaini».
Duela bost urte kontziliazio erantzunkiderako lehen foru plana ondu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak. Bertan, erantzunkidetasunari buruzko ibilbide orria zehaztu zuten. Urratsetako bat Gipuzkoako udalerri batean «programa esperimental bat» egitea zen, planaren ikuspegia eta ekintzak gizarteratzeko. «Lurraldearen [Gipuzkoaren] ikuspegia galdu gabe, nolabait, esperientzia bat hastea eskala txiagoan», azaldu du Miren Elgarresta Foru Aldundiko berdintasun zuzendariak. Herrilab deitu zioten adarrari; eta herri-laborategia Beasainen kokatu zuten: Herrilab3B. Beasainen berdintasunean bizi. «Beasainek bere prestutasuna erakutsi zuen horrelako esperientziaren parte izateko», gogoratu du berdintasun zuzendariak.
Leire Artola, Beasaingo alkatea: «Norbaitek eman behar du lehen urratsa. Animatu ginen eta gustura gaude hartutako erabakiarekin»
«Norbaitek eman behar du lehen urratsa. Animatu ginen eta gustura gaude hartutako erabakiarekin», dio Leire Artola Beasaingo alkateak. «Ez hori bakarrik. Beasainek bat egiten du nahi genuen ezaugarriekin: tamainaren ikuspuntutik herri ertaina da; ehun ekonomiko oso indartsua du; eta industria sektorea oso errotuta dago», gaineratu du Elgarrestak. Datu batzuk eman dituzte: biztanleen herenak manufaktura-industrian egiten du lan, zortzi industria-eremu ditu, bost enpresa eragile, 20 industria-enpresa eta industria eremukoak ez diren 31 enpresa eta 60 milioi euro inbertitu ditu I+G arloan. Herri mugimendu «aktiboa» eta «sendoa» duela esanez borobildu dute.
Talde eragilean jarri du arreta Elgarrestak. «Orain arteko aurrerapauso nabarmenena da herri oso bateko eragile sozialekin eta ekonomikoekin harremanetan jartzea», esan du. Asmube Emakumeen Elkarteak, Oriako Lamiak, Murumendi ikastetxeak, Goiekik, In Groupek eta CAF enpresak osatzen dute talde motorra, besteak beste. «Talde irekia da», bota du amua alkateak. «Interesa duen elkarte orori zuzendua dago. Udalarekin harremanetan jarri besterik ez da egin behar». Talde eragileak egindako aurre lanketatik 2022rako hiru lan-lerro bereizi dituzte.
19:00etan, dendak itxi
Beasaingo 34 denda ordutegi berezia erabiltzen ari dira otsailean. «Murriztua ez, konpaktua», azpimarratu du Elgarrestak. Eguerditako geldialdia laburragoa egiten ari dira arratsaldeetan lehenago ireki eta lehenago ixteko. 19:00etan ixtea adostu zuten. Hala, arratsaldeko azken orduak libre dituzte bestelako beharrizanak egiteko. Oraindik ere probaldia amaitu ez denez goizegi da ondorio garbiak ateratzeko, baina lehen sentsazioak «onak» dira. «Bezeroekin ez dugu inolako arazorik izan», diote Altzuri argazki dendakoek, eta beraientzat aldea nabarmena dela. «Ordu erdi gutxi da, baina guretzako asko suposatzen du».
Herriko merkatarien erdiak baino gehiagok lana eta zaintza kontziliatzeko arazoak ditu. Are gehiago, ia hamarretik batentzat «oso zaila» da zainketa-beharrekin lotutako lanak bizitza profesionalarekin kontziliatzea. Emakumeek zailtasun handiagoak aitortu dituzte gizonezkoek baino. Emakumezkoen %12,2k aipatu dute «beti» edo «ia beti» dituztela. Gizonei dagokienez, erdiek adierazi dute ez dutela arazorik mendekotasuna duten pertsonen zaintzak beren establezimenduko ordutegiekin kontziliatzeko; %33,3k kontzilia dezakete, baina «zenbait arazorekin». Elikaduraren eta edarien arloko langileek pairatzen dituzte kontziliatzeko zailtasun handienak. Kontuan izan behar da sektore horrek, farmaziekin batera, jaiegunetan txandak egiten dituztela edo irekiera-ordutegi zabalenak izaten dituztela.
Miren Elgarresta, Aldundiko berdintasun zuzendaria: «Kontziliazio erantzunkidea lege batean jasotzea ez da nahikoa. Kulturan ere aldaketak eskatu behar ditugu»
Etxeko jarduerei dagokienez, inkestari erantzun dioten pertsonen erdiek baino gehiagok ez du arazorik bere establezimenduko ordutegiekin bateratzeko, baina «arazo batzuk» dituztela aipatu du laurden batek. Kontziliatzeko «benetako arazoak» dituzten pertsonen segmentua emakumeena da.
Gai pertsonalak kudeatzeko denborari dagokionez, «beti» edo «ia beti» arazoak dituztela dioten pertsonen kopuruak handitu egin dira, %16,1era arte. Beste behin, kontziliatzeko «benetako» zailtasunak dituzten pertsonen segmentua emakumeei dagokie: %10,2k «beti» edo «ia beti» aurkitzen ditu arazoak kontziliatzeko. Kasu honetan elikadura eta edari-establezimenduetan lan egiten duten pertsonekin batera kultura edo jolas-artikuluen establezimenduetan lan egiten dutenek ere arazoak izaten dituzte maiz.
Aisialdiaz eta kulturaz gozatzeko denbora falta dutenen kopuruak gora egin du. Emakumezkoek arazo gehiago aitortzen dituzten arren, gizonekoekiko aldea ez da horren handia. Ikasten jarraitzeko, boluntariotzako jarduerak garatzeko, elkarteetan lan egiteko… egoera are larriagoa da. Hain zuzen ere, ikerketan parte hartu dutenen % 29k adierazi du «beti» edo «ia beti» dituela arazoak bere establezimenduko ordutegiak direla-eta bere denbora proiektu pertsonaletara bideratzeko. Hemen ere zailtasun handienak adierazten dituztenak elikadura eta edarien arloetan lan egiten dutenak diren arren, emaitzetan dispertsioa handiagoa da.
Bizitza soziala eta merkataritza arloko lana bateratzeko zailtasunak txikiagoak dira. Halere, emakumezkoen %18,4k arazoak ditu «beti» edo «ia beti»; aldiz, gizonezkoen % 75ek ez du bere bizitza profesionalarekin bateratzeko garaian «inolako» zailtasunik.
Elgarrestak dio datuok erakusten dutela «bereziki» emakumeek dituztela kontziliatzeko arazoak. «Ikusita dendarien populazioaren gehiengoa emakumezkoa dela funtsezkoa da beste ordutegi batekin lan egitea». Halere, ordutegiaren aldaketatik harago, ohitura aldaketa behar dela dio. «Lau eguneko lan-asteen proposamenak hor daude. Baina behar den benetako kontziliaziotik urruti daude. Ardurak eguneroko arreta behar dute, ez hiru egunetan bai eta lautan ez».
Ohitura aldaketa, eskoletan
Beasaingo hainbat eskolek aitak lehenetsiko dituzte ikasturte honetan mezuren bat igortzerakoan. Zehazki, Alkartasuna Lizeoan, La Salleko Haur Hezkuntzako 5 urteko gelan eta Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailetan, eta Murumendin. Azken kasuan, dena den, hausnarketa hori «aspaldi» egin zutela azaldu du Arrate Leunda ikasketa buruak, eta aurretik ere aitak lehenesten zituztela. «Ikasleentzat garrantzitsua da aitak ere presente egotea zaintza lanetan. Seme-alaba bat haztearen arduraren %50 amari dagokio eta beste %50, aitari. Dena behar da». Leundak dio aitek euren rolaren garrantziaz gero eta kontzientzia handiagoa dutela eta, ondorioz, inplikazioa geroz eta handiagoa dela. «Batzuetan harritzen dira. Baina gehiengoak normal hartzen du. Bereziki, bai aitak eta baita amak ere etxetik kanpo lan egiten duten kasuetan».
Arrate Leunda, Murumendiko ikasketa burua: «Seme-alabak haztearen arduraren %50 amari dagokio eta beste %50, aitari. Dena behar da»
Telefono deiak iraganeko kontuak dira ia-ia. Egun aplikazioen bidez komunikatzen dira eskolak eta familiak. Inika erabiltzen dute Murumendin. Mezuok bi gurasoei helarazten dizkiete aldi berean.
Gurasoez gain ikasleekin ere landuko dute kontziliazio erantzunkidearen afera. «Ikasleen eta seme-alaben onerako da. Eta denbora gutxian seme-alaba horiek guraso bilakatuko dira. Beraiek ere jartzen ditugu hausnarketa hori egiten, beraiek ere ikas dezaten aita eta ama, biak, behar ditugula».
Elgarrestak ere nabarmendu du kontziliazio erantzunkidearen inguruko hezkuntza politikak martxan daudela. «Eskolak, dudarik gabe, ohitura berriak barneratzeko guneak ere badira. Baina heziketa eta berdintasuna eskolatik harago doa. Gurasoek ere badute zeresana. Horretan eragin nahi dugu».
Enpresetan oporrak malgutzen
Etxetik kanpo lan egiten duten gurasoek beste korapilo bat izaten dute seme-alaben opor garaian. Eskoletako oporraldia enpresetakoak baino luzeagoak direnez, zer egin desfase horrekin. Goiekik heldu dio gaiari: «Hiru urrats egingo ditugu: parte hartuko duten enpresek udako hilabeteetan beren langileen kontziliazioa errazteko neurriak identifikatuko eta aztertuko ditugu; epe horretan udalak kontziliazioa errazteko jarduera, zerbitzuak, baliabideak… alderatuko ditugu; Beasainen lan egin edo bizi diren eta adin txikiko seme-alabak dituzten langileei kontsulta egingo diegu beharrak identifikatzeko», azaldu du Josune Sesma Goiekiko komunikazio arduradunak.
Josune Sesma, Goiekiko komunikazio arduraduna: «Langileen kontziliazioa errazteko neurriak identifikatuko eta aztertuko ditugu»
Enpresetako opor arloko lanketa hasita dago. Iaz kontziliazio parekidea bermatzeko neurriak zenbatu zituzten. Hamar enpresetatik zortzitan oporraldia moldatzeko aukera dute. Gainera, enpresen erdiek udan lanaldi jarraia egiten dute. Enpresa txikien %83,4k urte osoan ordutegi malgua dutela ikusi zuten. Halere, zer hobetu badagoela atzeman zuten. Esaterako, lanaldia murrizteko eskatzen duten langileen gehiengoa emakumezkoa da.
Kontzientzia pizteko baliagarri
Foru Aldundiaren planari 2023ra arteko iraungipena ezarri zioten. Gero zer? «Esperientziak behin probatuta esperientzia positiboak lurralde maila eskalatzea da helburua», dio Elgarrestak. Ez dela erraza izango aitortu du. «Kontziliazio erantzunkidea lege batean jasotzea ez da nahikoa. Kulturan ere aldaketak eskatu behar ditugu». Ohiturak oso errotuta daudela ohartarazi du. «Esperientzia txikiak dira, baina kontzientzia pizteko ere balio dute. Hortik etorriko da gogoeta eta aldaketa».
Herrilab3B
Herrilab adarrari Beasainera egokitzeko ‘Beasain berdintasunean bizi (3B)’ azpititularra gehitu zioten.
- Zer da Herrilab3B? Gipuzkoako kontziliazio erantzunkiderako plana gauzatzeko proiektu pilotuak probatzeko herri laborategia da.
- Zer da kontziliazio erantzunkidea? Bizitza pertsonala, zein familia eta lan bizitza uztartzea da, gizonek etxea eta familia zaintzeko duten arduradutik abiatuz.
- Zein neurri ari dira probatzen? Merkatariak, hezkuntza komunitatea eta hirugarren sektorea ari dira neurriak probatzen. Dendariek ordutegia moldatu dute, eskolek aitak lehenetsiko dituzte eta enpresek opor garaiak malgutuko dute.