Uxue Fernandez Lasa • Irakaslea eta kirolaria
Otsailaren hasieran, Santa Ageda bezperan, ohitura zaharrak berritu asmoz, lurrari esna zedin eskatzeko makilak gogor astinduz irten ziren kopla kantari Goierriko hainbat txokotan. Orain arteko elurrak azkar urtu dira, Aizkorri eta Aralar nahi baino gutxiagotan gozatu ditugu soineko zuriz jantzita neguaren bihotzean. Eguzki izpiak indartsuago eta goxoago iristen zaizkigu, eta tartean agertzen da neguko arroparik potoloenak armairuan barrurago jaso ala ez tentazioa, bereziki, termometroak gora egiten duenean. Mendi bideetan batean eta bestean mardul asko ikusten dira pinu-har poltsak, zuri-zuri ia lehertzear edo lurrean elkarren ilaran. Juan Antonio Urbeltzek dioenez, egunotan ospatuko diren inauteriak zomorro izurriteak uxatzeko erritualak dira. Mozorroak zomorroak uxatuko al ditu!
Otsailaren amaieran, gereziondo japoniarrak bor-bor daude, sahatsak negarrez ari dira eta lore hautsa nonahi ageri da. Laster hasiko dira doministikuka, honezkero hasi ez badira, polenari alergia diotenak eta beste zenbait alergia ere eragozpen izaten dituzten hainbat herritar. Zuzenki lurrarekin loturiko zereginei dagokienez, inguruko sail eta azoketan neguko barazkiak oraindik ere ageri badira ere, lur sailak prestatu, ongarritu eta lantzen hasi dira baserri eta baratzeetan, uzta jaso nahi izanez gero aurrez zaindu eta mimatzea baita oinarrizko baldintza.
Naturako adibide askoz gehiago jar balitezke ere, findu entzumena eta belarriak erne ibili. Eguna argitzerako, txoriak goizean geroz eta goizagotik hasten dira kantuan, esnatzeko hauena baino iratzargailu hoberik ba ote den pentsatzen sarri aritu naiz, txorrotxio goxoan elkarrizketan zozo, kaskabeltz, txolarre, kardantxilo, eta beste hainbat txori mota. Ziurrenik, kukua ere ohartzerako etorriko da, kantak adierazten duena («kukuak kantatzen du maiatzean kuku, kuku») baino dezente lehenago. Martxoan, badaezpada, txanponen bat poltsikoan irtengo naiz ni, behintzat, mendi aldera, ku-ku-ku-ku kantua noiz entzungo adi, zorte onarekin lotzen baita esaeraren arabera.
Hau guztia ate joka dugun urtaro aldaketaren erakusle da. Negu badoa, eta udaberriaren etorrerarekin batera, ea gu ere loratzen garen!