Jon Ordoñez Garmendia • Beasain
– Beasainen zer egunetan mozorrotzen zarete?
– Ez ditugu ospatzen inauteriak orain. Jaietan mozorrotzen gara, mozorro egunean.
– Eta noiz dira festak?
– Maiatzean edo ekainean. Pazko egunetik 40 egunetara.
Beasaindik kanpoko lagun bat baino gehiagorekin izan dut elkarrizketa hori. Eta azkar ulertu dut nire erantzunak ez duela asetu euren jakinmina, parean neuzkan horien mutur okerra ikusita. Are gehiago, mesfidantza somatzen diet.
Baina hala da, eta hala izan da nik gogoratzen dudanetik: Beasainen (ere) jaietan mozorrotzen gara, eta egun horretan sortzen den giroa berezia izan da niretzat, 17 urte ingururekin kuadrillako batzuk Iruñeko entzierroetako korrikalariz, zezen eta guzti, mozorrotu ginenetik. Garai batean arratsaldez mozorrotzen ginen, baina pixkanaka goizari orduak kendu eta mozorroari ematen hasi ginen. Eta gaueko giroak, eguna hartu zuen. Eta eguneko festa, gauekoari gailendu zitzaion.
Mozorro desfilea
Gogoan dut, ordea, mozorro eguna bestelakoa zen garaia. Ohitura berria baita kuadrillek orain egiten duten bezala mozorrotzekoa. Ni haurra nintzenean herriko elkarteak ziren jaiaren ardatz, egun horretan ere. Danborradan astebete lehenago egiten den eskema jarraituz, errepikatze larunbatean goizean haurren mozorro desfilea egiten zen, eta gauean elkarteetako kideek sanbodromo batean bezala desfilatzen zuten Nafarroa etorbidean behera.
Elkarte bakoitzak mozorro bat aukeratzen zuen, eta bakoitzak bere karroza eramaten zuen atzean. Kolorea eta musika liluratzekoak izaten ziren, baina haur baten begietara, are eta liluragarriagoa izaten zen helduak jantzi horiek soinean modu horretan dantzan ikustea. Danborradaren alderantzia zen. Lehena zurruna, beti berdina. Bigarrena irudimentsua, beti berria. Bat formalagoa, bestea askea. Eta hain zen askea, azkenean mozorroa desfiletik askatu zela.
Festa askatu egin zen
Elkarteen babesa ezinbestekoa izango zen frankismo garaian herritarrek kalea modu horretan hartzeko. Askatasuna galdukeria zen diktadurarentzat, eta inor ez zegoen modu pertsonalean edo kuadrillan arrisku horiek hartzeko; errazagoa zen herrian hain onartuak eta arautuak zeuden elkarteen bitartez gorpuztea estereotipoen apurketa. Baina, halako batean, festari bidea eman zion desfilea itxitura bihurtu zen. Askatasun izpi horren hasiera adierazteaz gain, non bukatzen zen ere mugatzen zuena. Eta elkarteen mozorro desfilea bertan behera utzi zuten, festa askatu zedin, elkarteen egoitzetatik eta Nafarroako etorbidetik haratago.
Ohiturak berritu egiten dira, eta berritzeko egokitu egin behar dira. Desfilea bertan behera uzteko erabakia mozorro festaren mesederako izan zen; irudimenak desfilearen muga gainditu zuen eta kuadrila, familia eta pertsona bakoitza bihurtu da geroztik desfile bat, kalea bera mozorrotzeraino. Hala egin dute mozorroek beren bidea Beasainen, gaur egungo Loinatz jaietako inauteri den festa bihurtzeraino. Aurten ekainaren 4an ospatuko dugu.