Gaizka Oiartzabal • Tabernaria eta musikazalea
Hilabete intentsoak izan dira. Gogorrak, negozio asko kinka larrian egoteraino. Jaso ditugun dirulaguntzak ez dira nahikoa izan, zenbakiak hor daude. Hala ere udal agintariren baten ustez, batzuk dirua egin dugu. Ez dute zehazten nork, dena airean uzten dute. Horixe dute beti, informatzeko garaian, estrategia. Informazio faltsuak, interesatuak eta errealitateari muzin egiten diotenak.
Aurpegia behar da, ostalaritza nola egon den jakinda, horrelako adierazpenak egiteko. Eta garbi geratzen da ostalaritza ez dutela gehiegi maite. Kulturarekin berdina gertatzen da, zigortu dute, alboratu, sorkuntza deusestatzen saiatu dira.
Ostalaria izanik, eta ostalaritza, kultura eta sorkuntzaren lehen eszenatoki bezela ulertuta, nire kasuan behintzat kolpea bikoitza izan da. Hontatik onik irten bagara, ez da izan zuen laguntzengatik. Horrela deitzea ere nazka ematen dit. Ez ditut eskerrak eman behar, ez dizkiot eman behar inori, ez dauzkat eman beharrik. Pandemia batean, ikusi ditugun zirkoekin, jasan behar izan dugunarekin ezinbestekoa da beharra duenari laguntzea. Betebehar morala da, eta bestela, hau dena kudeatzen ibili zaretenak hutsaren hurrengoa zarete.
Tabernak bizirik daude borrokatu dugulako. Orain, herriak, auzoak, jaiak, inauteriak berreskuratzea tokatzen zaigu. Lehen egiten genuen bezela. Zeren batzuk nahi dutena esango dute, baino herria gu ere bagara. Eta jarraituko dugu herria alaitzen maite dugulako. Berri ona da Martxoan Bertsoa bueltan dela jakitea. Zarraparrak ere beste jaialdi bat prestau du. Eitzako jaiak datoz. Garrantzitsua da gure bizitza, gure aisialdia eta gure askatasuna. Makineria guztia jarri behar dugu martxan. Negozioa, osasuna edo dena delakoagatik borrokan dabiltzan horiei irribarre bat atera. Eta herria egin. Eta bortxaz 20 urtetan besarkatu ez duzuna besarkatu behin eta berriro, eta horrela izaten jarraitu dezala. Zaindu eta animo!