Erabilera askoko landarea da Milorria: gosea pizteko, urdaileko arazoetarako eta zikatrizante modura ere bai.
- Izen herrikoia. Milorria.
- Izen zientifikoa. Achillea millefolium L. (Asteraceae)
- Ezaugarriak. Landare hau 30-60 zentimetro luze izan daiteke. Hosto oso zatituak ditu zurtoinean, eta lore txiki zuriak hazten zaizkio zurtoinaren muturrean, talde handitan. Landarea loretan dagoenean jasotzea komeni da, eta udan loratzen denez, uztailetik irailera da biltzeko garairik aproposena. Behin landarea moztuta, eguzkitan edo itzaletan lehortu daiteke. Bide ertz, belardi, leku argitsu eta eguzkitsuetan aurki daiteke. Eurasian du jatorria landare honek, baina gaur egun kontinente guztietan dago, oso erraz zabaltzen denez leku askotan naturalizatu delako.
- Atal erabilgarriak. Hostoak eta loreak erabiltzen dira.
- Propietateak eta erabilpenak. Landarearen aireko zatia erabili izan da gosea pizteko, apetitu falta dagoenerako. Mantzanillaren antzera, urdaileko arazo, tripetako min, haize eta digestio zailetarako ere erabiltzen da, baita hileroko erregulatzeko eta odoljario ugaria murrizteko ere. Infusio moduan erabiltzen da: landarearen bi koilaratxo edalontzi bakoitzeko, edo 30-40 gramo landare ur litroko; egunean hiru edalontzi edatea gomendatzen da. Almorranen kasuan, bi aukera daude: zonaldea infusioarekin garbitu edo infusioa bera hartu. Zirkulazio eta barize kasuetan ere infusio edo ukendu moduan erabil daiteke. Zikatrizante propietateak ere badauzka milorriak, eta zauriak itxi, hemorragiak moztu, edo urdaileko eta hesteetako ultzeretako ere erabiltzen da. Beherakoa mozteko ere balio du, infusioa hartuta.
- Kontraindikazioak. Asteraceae familiako landareei alergia izanez gero, ez da komenigarria hartzea. Milorriak kontaktuko dermatitisa sor dezake.