Inauteriak ohiturak eszenifikatzeko, sormena martxan jartzeko, barre egiteko… gauza askotarako bidea ematen dute. Baita izan nahi genukeena azaleratzeko modu bat ere. Tesi bat egiteko adina kasu atera daitezke inauteriak aztertuz gero. Batez ere, ustezko macho alfa horien beharra bi titi handi, gona motza eta takoidun zapatak jartzekoaren fenomeno hori aztertzen badugu. Gizartea taldekatu beharko badugu, hiru multzo banatuko nituzke: mozorrotzen direnak, mozorrotzen ez direnak eta mozorrotu gabe etxetik atera eta inork baino osagarri gehiagorekin etxera itzultzen direnak.
Ni bigarren talde horretan sartuko nintzateke, ez naiz oso mozorro zalea. Batez ere mozorro ezagutu erraza ez bada. Amorrazioa ematen dit nire mozorroa zertan datzan azaldu behar izateak. Askotan entzun behar izan dut, antzerkia egiten dudanez, asko gustatuko zaidala inauterietan mozorrotzea. Barkatu, baina ez alderatu antzerkia eta inauteria. Antzerkirako ibilitzen ditudan erropak eta osagarriak ukiezinak dira eta eszenatik kanpo. Ez ditut lehiak maite, mozorro hoberena nork ote duen ikusteko. Ezta 65 euro ordaindutako tela ziztrinez eta plastiko merkez egindako mozorroak erostea ere. Plastiko merkea baino zaku zaharra nahiago. Ohitura zalea naiz, herri ohiturena, auzo lanarena… tribu bateko partaide sentitzeak harrotasuna ematen dit. Horregatik, torero, sevillana edo mekaniko mozorroak baino, nahiago ditut herri inauterietan agertzen diren pertsonaiak. Norberak edo auzolanean egindako mozorroak. Herria batzen du honek, ohiturak zaindu eta elkarlana eta gurearekiko errespetua sendotuz.
Arazo ekonomikoak dituzten herrialde batzuetan, inauteri egunetan tristurak ahazten omen dira, penak albora utziz. Denak mozorrotzen omen dira, dantzatuz, abestuz… ezberdintasunak estaltzen omen dira, poztasuna nagusituz kaleetan. Hori hala bada, izan dadila urte guztian inauteri!