Antioko Elizalde baserrian jaioa eta hazia, Urretxuko beste puntan bizi da Maixabel Lizarazu (Zumarraga, 1966). Beain baserria du bizitoki 1987tik, baita lantoki ere. LumaGorri oilaskoak hazten ditu bertan, eta banaketa eta komertzializazio lanetan ere ari da. Tabernari, zerbitzari eta jostun ere izan da. Haurra zenetik dabil lanean.
Maixabel zara, pelikulakoa bezala.
Bai, baina pelikula aurretik da hori nire izena, txikitatik.
Nongoa zara?
Zumarragakoa, Antio auzoko Elizalde baserrikoa.
Toki pribilegiatua da hori. Zer gogoratzen duzu zure haurtzaroaz?
Antio inguruan giro ona zegoela. Auzoan baserri asko dago, baina bakan, eta gure etxe inguruan kuadrilla handia elkartzen ginen, adin desberdinekoak. Gure etxea taberna zen, eta gozokiak saltzen genituelako, hura izaten zen auzoko haurren topalekua. Baloiarekin, bote-botean eta horrela ibiltzen ginen jolasean. Eskolara oinez joaten ginen, orain UGLE dagoen lekuan zegoen Hijas de la Cruz moja ikastetxera, aldapan behera, eta gero aldapan gora etxera.
Baserrian hazitakoa zara, beraz.
Bai. Elizalde baserrian, baina taberna eta jatetxea ere bazen, eta txikitatik ibili gara hiru anaia-arrebak lanean. Baserrian ardi batzuk eta behiak genituen, eta ni esnea saltzen ibiltzen nintzen Zumarragan 12 urte nituenerako, astoa hartuta batzuetan, baita traktorearekin ere elurra egiten zuenean. Traktorea gidatzen gaztetxoa nintzela hasi nintzen, eta kotxea eramaten ere nire kabuz ikasi nuen. Eskolara behin baino gehiagotan jaitsi nintzen aitaren kotxean!
Etxean taberna eta jatetxea zenutela esan duzu. Nolakoa zen?
Astegunetan oso jende gutxi ibiltzen zen, ez zegoen orain bezala egunero irteteko ohiturarik. Asteburuetan izaten zen lana batez ere. Betikoa eskaintzen genuen: txorizoa eta salda, meriendak… baita bazkariak eta afariak ere. Merendero baten antzekoa zen.
Zein izaten zen zure lana?
Denok egiten genuen lan. Ama Maria Jesus eta izeba Juli sukaldean ibiltzen ziren, eta hiru anaia-arrebok batez ere zerbitzatzen, barran eta jangelan. Horrela ibili ginen 2002ra arte. Urte hartan itxi egin genuen. Gaur ez nuke berriz ere taberna edo jatetxe batean lan egingo, eta gutxiago oraindik bat martxan jarri!
Gaztetan izan zenituen beste lan batzuk ere.
14 urte nituela eskola amaitu nuen, eta joskintza ikasten hasi nintzen Zumarragan. Ikasten ari nintzela lanean hasi nintzen bertan, eta bost urte egin nituen jostun bezala azkenean. Titulua ere atera nuen. Orain erabat ahaztuta daukat lanbide hura. Gainera, uste dut ez duela merezi jostun bezala lan egiteak, ez duelako ematen. Gaur hariak gehiago balio du praka batzuk baino!
Gazte-gazte ezkondu zinen.
Bai, 1987an, Jose Angel Lizarragarekin. Eta beste puntara etorri nintzen bizitzera, Urretxuko Beain baserrira.
Beste baserri batera. Hemen ere lana aurkituko zenuen, ezta?
Bai, hala izan zen. Ni beti egon naiz lanean, ez dut besterik ezagutu. Elizaldeko panorama berdina zegoen Beainen ere, baserrian esan nahi dut. Gero, senarra lanik gabe geratu zen Legazpiko Iñurritegi auto tailerrean 12 urtez mekaniko izan eta gero, eta baserriari profesionalki ekin genion bion artean. Eta bitartean, asteburuetan Elizaldera joaten nintzen oraindik amari laguntzera, lehen esan dudan bezala, 2002ra arte.
Zein lan egiten zenuen baserrian?
Denetik. Hona etorri nintzenean behiak zituzten, eta haragitarako txahalak hazi eta esnea saltzen genuen, baina zentraletara. Etxez etxe ere ibili ginen hasieran, baina jendeak atzera egin zuen poliki-poliki, kaxakoa hobea zelakoan… Betikoa! Gero bisoiak jarri genituen, gauza berria zelako hemen eta aukerak ikusi genituelako.
Bisoiak? Nolako lana da hori?
Negozio ona zelakoan sartu ginen, eta hiru urtez egon ginen. 1.000 buru izatera iritsi ginen, zerbait jaso nahi baduzu asko jarri behar direlako. Nolako lana den? Gogorra! Izaki bizidunak dira, eta asko eskatzen dute. Janaria ere berezia behar zuten, haragia eta arraina xehetuta jaten zuten, eta Gasteiztik ekartzen genuen, bi egunetik behin. Umeak egiteko garaian ere asko zaindu beharrekoak dira. Zainketa handia behar duten animaliak dira.
Baina negozioak ez zuen ondo irten, eta utzi egin behar izan genuen. Behiak eta bisoiak batera izan genituen. Gero oilaskoak ere jarri genituen, eta azkenean oilaskoekin geratu ginen bakarrik.
Oraindik oilaskoekin ari zara lanean?
Bai, senarra eta ni, biok. 1991n hasi ginen, han eta hemen ikasiz, eta gero LumaGorri marka eta enpresa sortu genuen, 1993an. Hasieran bi ekoizle ginen bakarrik, eta gaur 40 gara. Sozietate mugatu bat da, eta bazkideak gara guztiak. Ekoizleak autonomoak gara, baina langileak ere baditugu, batez ere Zeraingo hiltegian lan egiten dutenak.
Hasi ginenean baserriko oilaskoa bazegoen, baina Frantziakoa zen batez ere, eta guk hemengoaren alde egin genuen eta lortu genuen haiei merkatua kentzea. Kostata, egia esan. Euskaldunak oso langileak gara eta gauza asko egiten dugu, baina ez dakigu ondo saltzen egiten dugun hori.
Saldu esan duzu. Oilaskoak hazteaz gain, saldu ere egiten dituzu.
Bai. Beainen hazten ditugun oilaskoak LumaGorriri saltzen dizkiot, eta gero, komertziala ere banaizenez, berriz erosten ditut, hil eta prozesatuta daudenean, eta Gipuzkoa osoko denda eta harategietara saltzen eta banatzen ditut. Legez ezin ditut saldu zuzenean oilaskoak nire ustiategian.
Nolatan hasi zinen komertzial lanetan?
Oilaskoak txita jaioberriak direnean ekartzen ditugu, eta hiru hilabete eta gero eramaten ditugu hiltegira. Baina hiru hilabete horien ondoren, oilategia itxita eduki behar dut, berrogeialdian, hurrengo sortarekin hasi aurretik. Geldirik gauden bi hilabete horiei begira hasi nintzen saltzen eta banatzen. Nahiko lan gogorra dela esan behar dut, pisu handiak mugitu behar izaten ditudalako.
Nola dago oilaskoen mundua?
Azkenaldian arazoak ditugu, hegaztien gripearen mehatxuagatik. Zorionez hona ez da oraindik iritsi, eta iritsi ez dadin neurriak hartzen ari gara. Horregatik, azkenaldian txitak barruan hazten ditugu, aske baina barruan, kanpoko beste hegaztiekin kontakturik izan ez dezaten eta kutsatu ez daitezen. Bestela, kanpoan ibiltzen dira.
Lan asko eskatzen al dute?
Egunean hiru-lau ordu, lanegun eta jaiegun, noski. Aldiko 4.000 edo 6.000 oilasko hazten ditugu, lau oilategietan banatuta, eta egunero jaten eman behar zaie, ura eman behar zaie, azpiak garbitu behar zaizkie, oilategietan mantenimendu lanak egin behar dira… Hiltegira eraman behar ditugunean ere lan handia izaten dugu, eta dena ondo garbitu.
Oilaskoekin lotuta, beste lan batzuk ere egiten dituzu baserrian.
Bai. Oilaskoei ez zaie eguzkia eta beroa gustatzen, eta oilategien inguruan itzala izan dezaten, sagarrondoak eta intxaurrondoak landatu genituen. Kanpoan daudenean, lurrera eroritako sagar asko oilaskoek jaten dituzte, baina bestela bildu egin behar dira, eta salida eman behar zaie. Sagardo pixka bat egiten dugu etxean, baina ez asko, ez garelako sagardozaleak. Horregatik kanpora saltzen dugu, sagardotegiei saltzen diegu gure sagarra. Diru sarreratxo bat da, baina sagarra bi urtetik behin etortzen da ondo bakarrik. Gainera, lan asko eskatzen du: kimatzea, sagastia garbitzea, biltzea, sagardotegira saltzeko aleak tamainaren arabera sailkatzea…
Intxaurrak ere saltzen dituzue.
Bai, maldatsuak ziren guneetan sagarrondoen ordez intxaurrondoak sartu genituen. 200 arbola badaude! Intxaurra bildu eta saldu egiten dugu, baina hemengo intxaurra saltzea asko kostatzen da, jendeak nahiago duelako Kaliforniakoa. Hemengoak itxura txarragoa du, ez da Kaliforniakoa bezain zuria… Jendeak hori nahi du. Aurten oso gutxi izan ditugu, 100 kilora ere ez da iritsi, baina iaz 300 kilo saldu genituen. Intxaurrak ere lan handia du.
Lan faltarik ez duzu, beraz.
Ez, egia esan, zeren lan guzti horiei etxekoak ere gehitu behar zaizkie, eta seme-alaben zainketa, orain etxean seme gazteena bakarrik bizi bada ere. Esan beharra daukat, hala ere, asko laguntzen didala txikiak eta baserria ere asko gustatzen zaiola gainera. Ahuntzak jarri ditu!
Bestela, egunero-egunero goizeko 8etan hasi eta gaueko 10ak arte ez naiz gelditzen. Oraintxe bajan nago, lanean ari nintzela muturrez aurrera erori eta besoa hautsi nuelako duela lau hilabete, eta oraindik ez delako sendatu. Nik uste dut abisu bat izan dela, gelditzeko garaia nuela esateko. Ni beti oso aktiboa izan naiz, eta orain, gauza asko egin ezin dudanez, oporretan bezala nago, eta aspaldiko partez irakurtzeko denbora ere hartzen ari naiz, edo telebista ikusteko… Baina lanera itzultzeko gogoz nago.
Noiz arte jarraituko duzu lanean?
Oraindik urte batzuk geratzen zaizkit jubilatzeko! Ikusiko dugu, gainera, zenbat urterekin jubilatuko garen ere ez dakigu. Momentuz oilaskoekin jarraituko dut, eta baserriko lanekin ere bai. Orain seme txikiak laguntzen dit, baina gero berak erabaki beharko du nondik nora jo.
Gogorra al da baserrian emakume izatea?
Bai, oraindik bai. Baserriko lanez gain, zaintza lanak egitea ere tokatzen zaigulako, umeena edo etxeko zaharrena. Eta etxetik kanpoko lana baduzu, hori ere bai. Lehen esan dut orain oporretan bezala nagoela… Egia da. Baserrian oporretarako denborarik ez da izaten, bi edo hiru egun jarraian hartu ditzakezu bakarrik normalean, edo nik hala hartu izan ditut behintzat. Nik ez dut opor luzerik izan inoiz, baina ez dut kejarik, horrela ohituta nagoelako. Nire ustez kontsumismo hutsez inguratuta bizi gara, oporrak ere hori dira, eta nik ez dut hori faltan botatzen. Agian ezagutu ez dudalako da.
Naturzale amorratua
Antio auzoko Elizalde lehenik, Urretxuko Beain orain. Mendi inguruko bi toki paregabe horietan bizi izanda, ez da arraroa naturzale amorratua izatea. Halakoa da Maixabel Lizarazu. Naturarekin lotura dituen lanak egiten ditu, eta aisialdirako ere naturarekin lotutako gaiak aukeratu ditu.
Loreak eta landareak izugarri gustatzen zaizkio, eta Beain baserri ingurua ikusi besterik ez dago hori baieztatzeko. Etxeko balkoiak landarez beteta ditu, eta geranioak loretan ditu dagoeneko, neguan ondo zaindu izanaren ondorioz. Baserriko ataria ere landarez eta lorez inguratuta du, loreontzi berezietan hazitakoak asko. Loreontzitarako katiuska, bota eta txankleta zaharrak erabiltzea gustatzen zaio asko, birziklapenaren aldekoa baita. Birziklatu egiten ditu, baita ere, basoan aurkitzen dituen enbor puskak edo forma bereziak dituzten zuhaitzen sustraiak. Apaingarri gisa erabiltzen ditu batez ere, eta baserri ondoan ditu asko erakusgai.
Naturzale izanda, sendabelarren mundua ere gertuko du, eta kremak eta ukenduak egiten ditu, kolpeak biguntzeko, zauriak sendatzeko…
Bukolikoa dirudi guztiak, eta hala da hein handi batean, baina baserrian bizitzeak, herrigunetik urruti dagoen baserrian batez ere, eragozpenak ere badituela onartzen du Lizarazuk. Kotxea behar da ia guztirako: lanera joateko, erosketak egiteko, umeak eskolara eramateko… Eta elurrarekin, joan-etorriak asko konplikatzen dira!