Aitor Sarriegi Galparsoro • Irakaslea eta bertsolaria
Batxilergo-ikasketak eskaintzen ditugun hezkuntza-zentroetara orain gutxi iritsi da aurrematrikulazio-epea aurreratzen dela dioen zirkularra. Aurten, martxoaren 28tik apirilaren 8ra artekoa izango da eta, buru-belarri jarri gara eskaini beharreko ikasgai-sorta eta loturak zehazteko lanean. Bada aurreko urteetatik desberdina den zerbait, ordea. Hego Euskal Herrian laster sartuko dira indarrean Madrilen erabakitako LOMLOE hezkuntza-lege berriak batxilergorako dakartzan aldaketak: lehen mailan 2022-2023 ikasturtean, eta bigarrenean 2023-2024 ikasturtean.
Gaia urrun samar geratzen zaizuenontzat, batxilergoa derrigorrezko hezkuntzaren osteko etapa da, eta USE (selektibitatea, garai batean) probaren ostean, unibertsitatera edo bestelako goi- mailako ikasketetarako azken pausua (lanbide heziketako goi-mailako zikloak, goi-mailako arte eta musika ikasketak…). Ez dago, beraz, batxilergoan egindako bideak hartzen duen garrantzia azaldu beharrik: askok bertako noten batez bestekoaren arabera gustuko ikasketak egin ahal izango dituzte, ala ez.
Orain arte hiru modalitate nagusi zeuden batxilergoan: Zientziak, Giza eta Gizarte Zientziak eta Arteak. Lege berriarekin, ordea, oraindik zer izango den oso argi ez dugun modalitatea eskaintzeko aukera egongo da: Batxilergo Orokorra. Arteen batxilergoan ere badatoz zenbait aldaketa. Batxilergo orokor berri hau, ordea, beren-beregi Lanbide Heziketako zikloak egin nahi dituzten ikasleei eta unibertsitateko gradu jakinetara joan nahi dutenei zuzenduta omen dago. Bere ikasgai propioak ditu (Matematika Orokorra, esaterako) baina datorren urtera arte ez omen dugu jakingo unibertsitateko graduetan edo Lanbide Heziketan sartzeko ze haztatze-parametro eta lehentasun-maila izango duten aukera hori egiten dutenek. Eskaini ala ez erabakitzean, ikaslearentzat zer ondorio izango dituen ez dakigun zerbait erabakitzen ariko gara, alegia, eta egiten dugun aukeraren arabera ikasleen etorkizuna baldintza dezakegu. Hori gutxi ez eta, joan den astean, modalitate berririk eskaini behar badugu eskaera ofiziala egiteko epearen berri izan dugu: martxoak 11.
Hau guztia nire kasketa besterik ez litzateke, ikasgai horien programazioa eta beste hainbat xehetasun ekarri behar lituzkeen dekretua oraindik argitaratzeke ez balego. Beste era batera esanda: ikasgai horietan zer eman behar den jakin gabe, ikasleen etorkizuneko aukeretan zer pisu izango duen jakin gabe eta ez eskaintzeak inori aterik itxiko ote dion jakin gabe hartu behar dugu erabakia. Abiapuntu ederra etorkizuna baldintzatuko duen hezkuntza-sistemarentzat.