Javier Arratibel • Javier Arratibel Optikoa (Zumarraga)
Eguzkia oso onuragarria da gure osasunerako. Ongizatea emateaz gain, gure gorputzaren hainbat prozesu erregulatzeko ezinbestekoa da, besteak beste, loa, D bitaminaren xurgaketa, immunologia mailan defentsen indartzea…
Halere, ez baditugu zenbait arreta neurri kontuan hartzen, eguzkiaren onurak gutxitu egingo dira. Babes neurriak erabiltzea ezinbestekoa da gaixotasunak eta narridura soiletik azaleko lesio larriak eragin ditzaketen eguzki-efektuak saihesteko.
Aldi berean, eguzkiak garrantzi handia du gure ikusmenaren garapenean, baina gehiegizko esposizio zuzenak, gure begien egituretan aldaketak eragin ditzake, gure begi-osasun egokia arriskuan jarriz.
Eguzki babesak erabili
Eguzkiarekiko esposizio egokiari buruzko aholkuak jarraitzea, eguzki-babesak erabiltzea eta intentsitate handieneko orduak saihestea dira arriskuak nabarmen murrizten dituzten neurriak.
Begiak babesteko eguzkitako betaurrekoak erabiltzen ditugu. Moda-osagarri gisako erabilera oso zabalduta dagoen arren, gure aukeraketa egokiagoa eta kalitatezkoa izan dadin, zenbait alderdi tekniko kontuan hartzea komeni da:
- CE homologazioa izatea, legezko baldintza guztiak betez.
- Izpi ultramoreen %100 blokeatzea.
- Kristalaren kolorea eta intentsitatea betaurrekoen erabileraren araberakoa izatea. Horretarako, hainbat kategoria daude 0tik 4ra, hau da, kristal argiagoetatik ilunagoetara.
- Erabilera zehatz batzuetarako, kontrastea areagotu eta erreflexuak ekiditen dituzten lente polarizatuak izatea oso egokia izan liteke, dena den, LCD pantailetan aritzeko eta zenbait kotxetako haizetakoen gainazaletan eman ditzaketen arazoak kontuan hartzea komeni da.
- Lenteen kalitatea osatu eta areagotzen duten hainbat tratamendu daude: tratamendu anti-islatzaileak, fotokromatikoak…
- Ikusmen-gabezia bat badago, babes-ezaugarri berberak dituzten lente graduatu pertsonalizatuak egin daitezke.
Profesional gaituak
Optikari-optometristak, kalitatezko ezaugarriak dituen produktu bat eskaintzeaz gain, aholku eman eta betaurrekorik egokienak gomendatzeko profesional gaituak gara.