Konbentzioaren Gerra izan zen, 1793tik 1795era, Euskal Herrian liberalismoaren eta tradizionalismoaren arteko oposizioa finkatu zuen gerra, foruen gaia tartean zela. Pirinioetako Gerra ere deitua, oso eragin handia izan zuen. Espainiako Koroa eta Frantziako Errepublika elkarren aurka borrokan hasi ziren; eta, euskaldunak, tartean.
Gerra honen ondorio nagusietako bat armada arrotzen etorrera izan zen, 1719tik gertatzen ez zena. Horrek herritarren, jabetzen eta foru ogasunaren kalte eta galera larriak eragin zituen, eta nahasmenaren erdian, talde armatuak sortu ziren Pirinioez hegoaldera. XIX. mendeko Karlistaldietan luzatu zen fenomenoa.
Gerraren aitzakia baliatuta, Diputazioak udalei agindu bat igorri zien: bil zitzatela herriko ondasunak, diruak eta altxorrak, elizakoak barne. Armada frantsesaren esku ez geratzea zen arrazoia. Seguran ere berdin gertatu zen, Erraztiolatza Museokoek artxiboetan aurkitu berri duten agiri batean zehazten den bezala. 1794ko abuztuaren 9an, Segurako Andre Mari elizatik «ezkutatzeko» atera zituzten altxorrak. Probintziari eman zizkioten, ez itzultzeko.
Elizako ondasunak herriarenak ziren garai hartan. Hango arduraduna, maiordomo deitua, herriko alkatea izan ohi zen. Funtzionamendua apaizek gobernatzen bazuten ere, elizaren ekonomiaren eta azpiegituraren nagusitasuna udalarena zen. Elizan zeuden altxor asko jauntxoek oparituak ziren, eta haiek ere bazuten zeresana.
Gerra bukatutakoan, 1801ean Segurako Udalak Probintziari eskaria egin zion, Seguratik eramandako altxorrak itzul zitzala. Baina ezezkoa jaso zuten erantzuntzat, urte haietan errepideak konpontzen dirurik ez zutela gastatu herriek, aldundiarentzat zirela.
Segura, beste herri asko bezala, bere altxorrik gabe gelditu zen. Badirudi salbatu zen bakarra, Ramon Maria Zurbanok berak giltzapean gorde zuen urrezko kate bat izan zela. Gaur egun, Aste Santuko prozesioetan alkateak janzten duen berbera izan daiteke.
Segurako altxorrak
Herriak Probintziaren esku utzi eta inoiz itzuli ez ziren Segurako elizako urrezko eta zilarrezko altxorren zerrenda.
- Zerrenda 1. Aldare aurreko lanpara nagusia, Santo Kristoren aurreko lanpara, sei blandoi nagusi, bi blandoi txiki, bi zirio-euskarri, bi zetro, bi erretilu handi, bi plater handi (Arrosarioko amari eskatzekoak), gurutze nagusia, bi gurutze txiki, bi intzentsu-ontzi eta gailuak, bi pase, bi erlikario, bi kustodia, beatikoa eramateko kopa nagusia eta txikia, maskor arkila zilar txapekin.
- Zerrenda 2. Ixipu 1, 14 kaliza, eguzki-irudi bat, ilargi erdi irudia, Andre Mariaren bi armiarma-argi, sei pare ozpin-ontzi, hiletetan ateratzeko gurutzea, hiru koroa, apaingarriak, eta 10 kapa.