Urretxun San Joan bezperan egiten diren dantzen artean, zortzikoaz edo Luzaideko urratsez gain, bada herri dantza delako bat, Baztan aldeko pausoz osatua. Herriak dantzan jartzeko sasoi aproposa igaro dugu garizumara bitarte Goierri aldean ere, inauterien aitzakian.
Eskualdeko Hitza-k kontatu digun eran, joan zen ostiralean esnatu zen hartza Seguran. Beasaingo Ostadar dantza taldea ere jende aurrera irten zen inaute larunbatean, desfile herrikoia eskaintzera. Ostadarrekoekin batera jardutekoak omen ziren herri bereko beste dantza taldeko, Aurtzakako, lagunak.
Urretxun eta Zumarragan, Lurra eta Irrintzi taldeen artean, halakorik nekez imajinatu ahal izan dut bietako batean igaro ditudan hogeita pare bat urteetan. Ezohikoa izan da Zumarragako festetako Larrain dantza herrikoian Urretxuko dantza taldeko kideek parte hartzea, zein Lurrak antolaturiko saio irekietan Irrintziko dantzaririk aurkitzea.
Dantza bidaia edo emanaldiren baterako inor falta izatea gertatu zaigu taldeetan; hargatik parte hartu dugu Legazpiko Korostiren edo Sustraiaken ikuskizunen batean Irrintziko batzuok. Gabiriako Goruntz taldekoren bat Urretxuko Lurrakoekin ere ikusi izan dut. Baina Lurrakorik ez Irrintzikoekin, eta Irrintzikorik ez Lurrakoetan.
Euskal dantza jardunari lotuta, kulturgintza, auzolana edo herrigintza moduko hitzak ahoa betean erabiltzeko tentazioa edukiagatik, bizilagunarekin moldatzea suertatzen da askotan zailena. Akaso, gertuen nahiko genituzkeenekin dantza egiten ausartzeak berak balioko du bizitzako beste eremu batzuetarako ere.