Judit Garcia Llorens • Baserritarra
Emakume baserritarrok zorionekoak garenez, hiru nazioarteko egun ditugu: Emakumeon eguna, Langileon eguna eta Emakume baserritarron eguna. Zorionekoak, edo akaso munduan barrena emakume baserritarrak zapalkuntza anizkoitza jasaten dutelako izango da: generokoa, klasekoa, arrazakoa askotan eta elikagaiak sortuz lurraren zaintzatik bizitzeagatik sistema kapitalistak ekoizle xumeei eskaintzen digun begirune eskasarengatik.
Hegoaldeko eta ekialdeko lurraldeetako emakume baserritarrak merkatuen liberalizazioa eta elikagaiak merkantzia bihurtzearekin batera txiroagoak bilakatu dira. Azkeneko hamarkadetan lurraren emakumeen jabetzan, emakumeen kontrako indarkeriaren aurka edo justizia sozialean ez da hobetzeko urratsik egin. Bai, ordea, emakumeen borrokan eta feminismoa zein agroekologiaren aldeko apustuan.
Gurean ere, zaintzarekin (lurra, haziak, abereak, ingurumena, kalitatea…) lotutako lanak bigarren mailara alboratu dira, ekoizpena handitzeari lehentasuna emanez. HAZI erakundearen 2016ko EAEko emakume baserritarrei buruzko txostenean, sektorea bi taldetan banatzen du: «Sektore profesionala, ekoizpen puruetara espezializatu dena, zor maila handia duena eta erakunde profesionaletan parte hartzen duena»; eta beste bat «neurri txikiagokoa, ekoizpen anitzekoa, lanaldi murritzagokoa, eta produktibitate baxuagokoa».
Baserri munduan, zaintzako ardura izateaz gain, arlo produktiboko emakumeen parte hartze funtsezkoa da, baserria bera bezain zaharra. Baina sektorearen industrializazioarekin ez da emakumearen ahalduntzea areagotu, eta hain zuzen ere, administrazioek gehien sustatu duten talde profesional horretan, emakume titular kopururik txikiena dugu.
Sektoreko argazki horretan, hazten doan taldea falta da. Agroekologiaren bueltan jarduten duena, produkzioak mugatuagoak dira, baina dibertsifikazioa, produktibitatea edo iraunkortasun maila handia du. Kasu honetan, eta ez da kasualitatea, EHKolektiboak 2021eko txostenean genero arrakalari dagokionez jasotzen dituen datuek egoera hobea erakusten dute.
Logika heteropatriarkalarekin talkan, aldaketak poliki doaz baserrian. Emakume kopurua handitzea eta saretzea, lan erreproduktiboko banaketa, arlo guztietako erabakietan eta espazio publikoetan emakumeen parte hartze aktiboa, lurraren eskuduntza edo zahartzen doan kolektiboaren zaintza bezalako gaiak erdigunean behar ditugu.
Sektorearen bilakaerari eta politikei buruzko balorazio zintzoa genero eraginarekin beharrezkoa dugu. Une aproposean gaude norabide feministarantz eta agroekologikorantz zuzentzeko.