Familian bizi izandakoak piztu zion Aitor Ibañez de Garatxanari (Gasteiz, 1968) memoria historikoa berreskuratzeko eta kalteak erreparatzeko grina. 36ko gerraren inguruan lan egin eta gero, Oraintsuko memoria ikertzen dihardu gaur Burdinola elkartearen babesarekin, besteak beste.
Zer da Oraintsuko memoria?
Memoria berreskuratzeko lanetan ari garenok geure egin dugun termino bat da, administrazioak sortutakoa. Euskal Herrian 196oko hamarkadatik hona bizi izandako gatazkan eta errepresioan kokatzen da.
Zergatik hasi zinen memoriaren lanketarekin?
Familian bizi izandakoagatik. Orain Legazpin bizi banaiz ere, gasteiztarra naiz, eta etxean ezagutu ditut gerraren ondorioak eta beste errepresio mota batzuk.
Zer gertatu zen zure familian?
Gerran, nire aitonaren anaia zaharrena eta haren lehengusu bat frontean hil ziren. Lurperatuta non zeuden bazekien familiak, eta 1981-82 artean deshobiratu eta Gasteizera eraman zituzten lurperatzera. Maila pribatuan egin zuten, orduan hala egiten ziren gauza haiek. Harekin, amaitutzat eman zuen familiak etapa bat, baina beste bat dugu irekita orain. Giro horretan bizi izan gara beti.
Orduan piztu zitzaizun memoriarekiko sentsibilitatea?
Lehenagotik zetorren. Aitona ere 1968an hil zuten, Gasteizen, Olarizuko erromeriaren bezperan errepresioaren kontra egindako mobilizazio baten ondoren. Grisek egindako karga batean kolpe bat jaso eta lau egunetara hil zen. Gertaera haren ondoren familia oso elkartuta egon da, eta beti borrokatu izan du, neu barne, errepresioaren biktimen aitortzaren alde.
Martxoaren 3ko gertakariek ere jo zuten zure familia.
Bai. Gu Alde Zaharrekoak gara, baina 1972an Zaramaga langile auzora joan ginen bizitzera. Aita 1976ko martxoaren 3ko gertakarietan zauritua gertatu zen. Orduan bost langile hil zituzten, eta zauritu ugari eragin, gure aita tartean. Aitona eta aita biktima bezala aitortzeko eskaerak eginak ditugu.
Zuk zeuk ere jasan duzu errepresioa.
Bai, gaztea nintzela garai hartako mobilizazioetan parte hartzen hasi nintzen, eta intsumisioaren mugimenduan sartu nintzen buru-belarri. Langraizko espetxean bukatu nuen 1990eko apirilean, 19 urte nituela, eta 13 hilabete egin ondoren atera nintzen. Garai hartan gauzatzen hasi ziren euskal presoen dispertsioa bertatik bertara ezagutu nuen. Sartu nindutenean 80-bat preso zeuden, eta ateratzean 20 bakarrik. Ni kolektibo hartatik oso gertu egon nintzen barruan, eta horregatik, kartzelatik ateratzean HBn militatzen hasi nintzen, eta Amnistiaren aldeko gestoratik gertu ibili nintzen. Osaba bat eta haren lehengusu bat, eta nire lehengusu bat espetxean genituen orduan, ETAko kide izateagatik eta kale borrokagatik.
Irlandan ibili zinen gero.
Bai, Askapenaren bitartez, Ulsterrera joaten hasi nintzen, Ipar Irlandara, ezker abertzaletasunaren nazioarteko lana egitera. Sinn Fein-ekoekin harremanetan geunden, eta hemen zer egiten genuen azaldu eta han egiten zutena jaso, hura zen gure lana, elkarlan bat.
Noiz etorri zinen Legazpira?
Udan egiten genituen Irlandako egonaldiak, eta haiekin amaitu eta gutxira etorri nintzen, 1999an, Izaskun nire bikotea hemengoa delako eta hemen lana aurkitu nuelako.
Orduan, Legazpin bizi zinela hasi zinen memoria gaiak lantzen?
Oraindik Gasteizen bizi nintzela, martxoaren 3ko gertakarien inguruan hasi nintzen memoriaren lanketarekin. Gero, Gestoren bidez ezagutu nuen Txema Flores jarri zen nirekin harremanetan, eta Euskal Memoria Fundazioan Iñaki Egañaren taldearekin lan egitera gonbidatu ninduen, gerra inguruko Arabako lanketa egiteko. Oso zorrotzak izan ginen, gure egiaren kontzientziak bultzatuta dena atera genuen argitara. Gustura egin nuen lan hura, baina gertuagoko garaia gehiago interesatzen zait.
«Nire familiak beti borrokatu izan du, neuk barne, azken urteetako errepresioaren biktimak aitortzeko»
«Burdinola era askotako ondarea berreskuratzen ari da orain, eta memoriarekin lotutakoa ere, ondarea da»
Zergatik duzu nahiago Oraintsuko memoria?
Gertu-gertutik ezagutu dudalako gaurko errepresioa. Etxean aitonaren eta aitaren gaiak ditugu, senitartekoak izan ditugu espetxean eta torturatuak izan dira, ni neu ere atxilotua eta torturatua izan naiz behin baino gehiagotan… 1960tik gaur arteko errepresioa eta mugimendu sozialak, politikoak, kulturalak, sindikalak… jaso nahi ditut.
Legazpin ibili zara horretan.
Euskal Memoriarekin kolaboratzen jarraitu nuen, eta azken garai honi buruzko Legazpiko lana egiteko deitu zidaten. 2010ean argitaratu zuten lanerako informazioa biltzen aritu nintzen. 2008an hasi nintzen, eta orduan sartu nintzen Burdinola elkartean.
Gerra eta gerra ondorengo garaia ere landu zenuen Legazpin.
Bai, ANVrekin Sotero Plazaola 2007an alkatetzara iritsi zenean, gerrako memoria lantzeari ekin zioten udalean, eta ikerketa taldean sartu nintzen. Argitalpen bat, biktimen aitortza ekitaldiak, plakak jartzea eta sinbolo frankisten ezabapena izan ziren emaitza. Azken horretan Burdinolak parte hartu zuen.
Burdinola bitan aipatu duzu.
Bai. Burdinolak aukera eman zigun bere laguntzarekin informazio bila jarraitzeko, antolatzeko eta argitaratzeko. Hori dela eta, hainbat artikulu argitaratu ditugu Txinpartak aldizkarian, Bigarren Errepublikako errepresioari buruz, gerran herria hartu zutenean udal korporazioarekin gertatu zenari buruz…
Jarduera gehiago ere egin ditu Burdinolak memoriaren alorrean.
Bai, azken urteetan Gorka Urtzelai arduratzen da gai horretaz, eta besteak beste, Lazkaoko Beneditarren 1980ko hamarkadako erakusketa ekarri genuen, Pako Etxeberria gonbidatu genuen hitzaldi bat egiteko, Lekanazpirekin elkarlanean Josu Ibargutxiren hitzaldia antolatu genuen, Martxoaren 3ari buruzko erakusketa eta solasaldia egin genituen… Azken egunetan ikusgai egon den mendizaletasunari buruzko erakusketa ere hor kokatzen da. Hori da Burdinolaren helburua, hasieran burdinarekin zerikusia duen ondarea biltzea zen, baina orain era askotako ondarea berreskuratzen ari da, eta memoriarekin lotutakoa ere, ondarea da.
Zertan ari zara orain?
Lanean jarraitzen dut Burdinolaren babesean, eta Euskal Memoria Fundazioaren kide izaten jarraitzen dut. Azken garaian hildakoak eta torturatuak ikertzen ari naiz, eta 1970eko hamarkadako grebak eta mugimendu sindikalak aztertzen hasiko naiz laster.