Hamarkadetan gizarteak izan duen bilakaeraren aurrean, gizarte trantsizioari erantzunak emateko neurri zehatzak hartu beharko dira. Goierri ere ez dago hortik libre; egungo erradiografia kontutan hartuz egin beharko da etorkizuna.
Erronka demografikoa ideia konplexua da; biztanleriaren dimentsio ugari biltzen ditu, bai piramidearen egiturari dagokionez (sexuaren, adinaren eta abarren arabera), bai kokapenari dagokionez (landa-eremuetan, hirietan, jenderik gabeko eremuetan, lurralde-sakabanatutako eremuetan…), eta baita bizi baldintzei dagokienez ere (zerbitzuak emateko zailtasunak dituztenak, errenta-maila txikikoak…).
Horregatik, erronka demografikoari aurre egiteak askotariko erronkak biltzen ditu: hala nola despopulazioa, zahartzea edo biztanleria flotatzailearen ondorioak, baina baita beste batzuk ere: lurraldearen maskulinizazioa, dentsitate txikia, lurralde-sakabanaketa, migrazioak, itzulera-politikak, ugalkortasunaren beherakada eta jaiotza-tasa baxua, urtaroko gainpopulazioa…
Erronka horrek –ekintza politikotik eta eragileekin elkarlanean– erantzun berriak ematea eta begirada aldatzea eskatzen du: landa-ingurunearen eta hirien arteko harremanaren ulermen berri bat; belaunaldien arteko aliantza bat, haurtzarotik adinekoetaraino; eta sektore publikoaren eta tokiko eragileen arteko loturak sendotzea, horiek benetako protagonistak baitira erronka demografikoan eta despopulazioaren aurkako borrokan, besteak beste.
Biztanleriaren dimentsio ugari biltzen ditu demografiak, horregatik konplexua egiten du erronka demografikoa
2011. urtean, 69.685 biztanle zituen Goierrik, 2021ean 70.260. Azken 10 urteetan 575 biztanletan egin du gora
Toki guztietan, baita Goierrin ere, aldaketa edo bilakaera demografikoa errealitate bat da. Lerro hauetan, erronka demografikoari erantzun bat eman ez, baina azkeneko urteetan izan den bilakaeraren erradiografia egiten saiatuko gara, eragile edo aldagai desberdinetan oinarrituta. Ziurrenik ez dira izango kontutan hartu beharreko guzti-guztiak, baina bai, Goierriren iruditeria egiteko baliagarriak izan daitezkeenak behintzat.
Datuen irakurketa
Biztanleriaren datuei erreparatuz, Estatu mailako estatistika institutuak jasotzen du 2011 urtean, 69.685 biztanle zituela Goierrik, eta 2021ean 70.260. Hortaz, azkeneko 10 urteetan 575 biztanletan egin du gora biztanleriak. Azkeneko 25 urteetako lagina hartuz gero, aldaketa sakonagoak errepara daitezke: 1996. urtean, adibidez, 65.986 biztanle zituen Goierrik. Hazkundea, beraz, 4.274 biztanlekoa da.
Hazkunde hori, ordea, ez da berdin gertatu herri guztietan; nahiko lokalizatua izan da. Herri gehientsuenetan, azkeneko 10 urteetan eman den biztanle aldaketa ez da oso-oso nabarmena. Urte tartea handituz noski, alde handiagoak nabari dira.
Goierri osoko herri hazienen artean, desberdintasun nabarmenak eta deigarriak daude; Goierri beheko eta goiko herri hazienetan, kontrako eboluzioa eman da 25 urtetan. Behekoen kasuan (Beasain, Ordizia, Lazkao) gorantz egin dute nabarmen. Goierri goian, Zumarragak eta Legazpik, galera deigarria jasan dute.
Beasainek 12.331 biztanle zituen 1996. urtean. Hurrengo urteetan beherakada txiki bat izan bazuen ere, 2003. urtetik aurrera, haziz joan zen, 2021 urteko datuek jasotzen duten moduan, 13.938 biztanlera iritsi arte.
Ordizia da biztanle gehien duen bigarren herria Goierrin, 10.420 biztanlerekin. Herri hazienen zerrendan, bi posizio egin du gora azken 25 urteetan. 2011an, laugarren tokian zegoen, Zumarragaren eta Legazpiren atzetik, 9.120 biztanlerekin. Beasainen gertatu bezala, beherantz egin zuen azken 25 urteotako lehen urteetan, 2003an, 9.000 biztanleen langatik behera kokatuz (8.962), eta 2004an, azken 25 urteetako biztanle kopuru txikiena (8.925) erakusten du erregistroak. Hortik aurrera, gutxi-asko, goranzkoa izan da joera. Salto kuantitatibo garrantzitsuena 2007 urtetik, 2008ra izan zuen; 9.339 biztanletik 9.758ra.
Zumarragak, 10.324 biztanle zituen 1996. urtean, eta gaur egun arte, beheranzko joera mantendu du urtez urte, 2021 urteko 9.668 biztanleetara iritsi arte. Legazpik ere, Zumarragak bezala, etenik gabe egin du behera biztanle kopuruan. 8.371 biztanle daude erroldatuta 2021 urtean. 1996. urtean baina, 9.278 biztanle zituen erroldan.
Urretxu da Goierri goiko herrien artean biztanle kopuruan hazi den bakarra; 2021 urtean 6.782 biztanle ditu erroldatuta, 6.242 zeuden 1996an.
Lazkao da, gaur-gaurkoz, Goierri osoko seigarren herri populatuena, eta azkeneko 25 urteetan gehien hazi diren herrien zerrendan bigarren tokian dagoena. Duela 25 urte, 1996. urtean, 4.902 biztanle zituen erroldan. 1998 urtean 4.847, eta hortik gaur egun arte, gutxi-asko, goranzko joera izan du, urtez urte. 2021 urtean, 6.007 biztanle zituen erroldatuta.
Goierri beheko eta goiko herri hazienetan, kontrako eboluzioa eman da biztanle kopuruan azkeneko 25 urteetan
Goierriko jaiotze-tasa herrialdekoa baino 0,2 txikiagoa zen 2019. urtean; 8,1 puntutan dago
Herri txikiagoen kasuan ere, bilakaera bat eman da, biztanle kopuruari begira, nahiz eta orokorrean, xumeagoa diren aldeak. Gehien hazi direnen artean daude: Ezkio-Itsasok 538 biztanle zituen 1996an, eta 614 berriz, 2021ean; Mutiloa 1996an 168 biztanle izatetik, 2021ean 256 izatera igaro da; edo Arama, 1996ko 158 biztanleetatik 2021ean 200 izatera egin du jauzia.
Goierriko datu demografikoen azterketak erakusten du, biztanleriak gora egin duela, baina adibidez, jaiotze-tasak nabarmen egin duela behera. Goierritik kanpo, eta datu orokorragoei erreparatuz, EAE Euskal Autonomia Erkidegoko udalerrietan, 2000. urtean adibidez, 25.440 haur jaio ziren. Hurrengo urteetan, gora egin zuen urteko jaiotza kopuruak, 2012. urtean 30.207 jaiotzetara iritsi arte. Baina hortik aurrera, beheranzko bidea hartu du; 2019 urtean EAEn izandako jaiotza kopurua 23.483 izan zen 2000 urtearen azpitik kokatuz.
Herrialdeko tasari begiratuta, Gipuzkoan, 5.590 haur jaio ziren 1996. urtean, hala, 8,3 puntutan kokatu zen. 2021 urtean, behetik dago jaiotza tasa; 5.024 haur jaio baiziren, 7,0 puntutan kokatuz. 25 urteko tartean, tendentzia aldaketa bat ere ematen da; 2008an jaio zen haur gehien (7.245), baina hortik aurrera, eroriz doa kopurua, urtez urte.
Urte tarte zabalagoa hartuz, jaiotze- tasaren beheranzko joera are nabarmenagoa da. 1976an adibidez, 13.367 haur jaio ziren, ehunekotan 19,6an zegoen tasa. Eta urte tartea gehiago zabalduta, oraindik eta datu deigarriagoak ikus daitezke.
Goierriko batez bestekoa, 2019 urtean, herrialdeko media baino 0,2 puntu behetik kokatzen da; 8,1 puntutan dago jaiotzen tasa. Herriz herri aztertuz, alde dezentekoa nabari da batetik bestera. Adibidez, jaiotze-tasa handiena duen herria Itsasondo da (17,2), Zaldibiak jarraitzen dio (14,4), eta Zegama da hirugarren (13,2).
Jaiotze-tasa, inoizko datu baxuenetan kokatzen den aro honetan, joera aldaketa oso nabarmena izan du ama izateko adinak: emakumeek beranduago izaten dituzte haurrak. Eustat-ek emandako datuen arabera, 1975ean, 25-29 urte bitarteko emakumeak ziren ugalkortasun tasa handiena zutenak, bigarren tokian zeuden 20 eta 24 urte bitartekoak, hirugarren 20-34 urte bitartekoak, eta 20tik beherakoak eta 40-44 urte bitarteko emakumeak ziren ugalkortasun tasa txikiena zutenak.
2021. urtean erregistratutako datuek diote, ugalkortasun tasa handiena duten emakumeak 30-34 urte bitartekoak direla, 35-39 artekoak daude bigarren tokian, lehen postutik hirugarrenera pasa dira 25-29 artekoak, 20-24 artekoetan ere eroriko handia erakusten dute datuek, 20 urtetik beherakoen ugalkortasun tasa are gehiago jaisten da, eta 40-44 urteko emakumeen ugalkortasunak berriz, beherakada baten ondoren, 1975eko datua baino pixka bat gorago kokatzen da.
Adinean gora
Zahartze tasak ere ematen ditu hainbat datu interesgarri. Goieki Garapen Agentziak bildutako datuen arabera, 65 urtetik gorakoen kopuruak gora egin du azken 10 urteotan: bai EAEn (3,1 puntuko igoerarekin, 2019an 22,27an zegoen), bai Gipuzkoan (3,21 puntuko igoerarekin 2019an 22,20 puntutan kokatzen da), bai Goierrin (Goierri beheko datua jasotzen du; 2,03ko igoerarekin, 2019an 20,11n kokatzen da. Goierriko goiko biztanleak gehituta, 22,06ak 65 urte baino gehiago du). Horrek biztanle egitura gazteago batean jartzen gaitu eskualdean beste lurraldeekiko.
65 urtetik gorako biztanle gehien dituzten Goierriko herriak dira Zerain, Olaberria, Legazpi eta Zumarraga.
Goierri beheko atzerritar biztanleria %11,78koa da, Gipuzkoako eta EAEko tasak baino lau puntu handiagoa
Goierriko herrien artean 65 urtetik gorako biztanle gehien duena da Zerain (28,32). Olaberriak eta Legazpik jarraitzen diote, %26.3ko ehunekoarekin parekatuta biak. Ondoren Zumarraga dago %24,48rekin. 65 urtetik gorako biztanle gutxien dutenak Itsasondo (%18,07), Lazkao (%18,73), Ordizia (%19,77) eta Zegama (%19,92) dira.
Beste adin tarte batzuei erreparatuz, 20 eta 64 urte bitarteko biztanleak %57,7 ziren Goierrin, 2019an. Herriz herri, ez dago alde oso-oso nabarmenik; Lazkao dago aurretik (%59, 6), Itsasondo eta Ordizia ondoren (%58,9). Adin tarte horretako biztanle gutxien duen herria Altzaga da (%49,9).
Eta 0-19 urte bitarteko biztanleek Goierri osoko biztanleriaren %20,8 osatzen dute. Herriz herri, Altzaga dago aurrean zerrendan (%31,9), Ataunek segitzen dio (% 24,5), eta gazte gehien duen herrien zerrendan hirugarren da Segura (%23,1). Adin tarte horretako biztanle gutxien duen herria, berriz, Zumarraga da (%18).
Migrazio mugimenduak
Bilakaera demografikoan migrazio mugimenduek eragin handia izan dute. Migratzaile mugimenduei dagokienez, kanpo migrazio bezala hartzen da Euskal Autonomi Erkidegotik kanpora joaten diren Goierriko pertsonen eta kanpotik bertara etortzen direnen arteko aldea. Barne migrazio bezala hartzen da eskualdetik kanpora Autonomi Erkidegoko beste herri batera ateratzen den Goierriko pertsonen eta Autonomi Erkidegoko beste herrietatik eskualdera datozen pertsonen aldea.
Lehenengo nabarmendu, migrazio kitapena positiboa izan dela. Ikusten da nola 2017. urtean EAEz kanpoko pertsona kantitate oso garrantzitsua sartu zela, 236. Sarrera horiek pixkanaka handitzen joan dira oraingo 411 kantitatera iritsi arte.
Goierri beheko atzerritar biztanleria %11,78koa da, Gipuzkoako eta EAEko tasak baino lau puntu handiagoa. Atzerritar kopuruak gora egin du batez ere Itsasondon, Ordizian, Lazkaon eta Zaldibian.
Entzunez eraiki, demografiari begira jarrita
Eusko Alderdi Jeltzalearen Entzunez Eraiki entzute aktiboko prozesuaren azken saioan, gizarte trantsizioa eta erronka demografikoa gaiak jorratu zituzten. Mintegiaren helburu nagusia zen «erronka demografikoari lotutako 2030eko euskal estrategiaren edukiak aztertzea eta zehaztea». Amand Blanes UAB Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Ikerketa Demografikoen Zentroko ikerlariak parte hartu zuen saioan. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako joera demografikoen inguruko azalpenak eman zituen.
Euskal gizarteak azken hamarkadetan «aldaketa demografiko sakonak jasan» dituela adierazi zuen Blanesek. Joera horiei, hala ere, «baikor» begiratu behar zaiela nabarmendu zuen. Baita populazioaren zahartzeari ere, prozesu hori «lehengoratzea oso zaila» izango dela aitortu arren. Baina proposatu zuen zahartze horren ondorioz herritarrek eta gizarteak orokorrean izango dituzten ezaugarriei erreparatzea eta aurrea hartzea, neurri eraginkorrak hartu ahal izateko.
Ugaltze tasan izandako beherakada ere aipatu zuen. Emakumeen %90ek haurrak izan nahi dituztela azaldu zuen, eta horietatik gehienek bi haur izatea desio dutela. Alabaina, nahi hori ez da islatzen errealitatean, eta hori da gakoa harentzat: aztertzea zergatik ez diren betetzen «espektatibak». Argudiatu zuen arrakala hori «arrazoi materialek» eragiten dutela; hau da, lan eta bizi baldintza egonkorrik ezaren ondorioz atzeratzen dutela gehienek ugalketa garaia. «Botere publikoek» horretan esku hartu behar dutela uste du Blanesek, «emantzipazioa» ahalbidetuko duten baldintzak bermatzeko.
Azkenik, migrazioaz ere aritu zen Blanes. «Demografiaren bilakaera baldintzatuko duen faktore nagusietako bat» izango da datozen urteetan.