Aztarnariek funtsezko papera izan dute pandemian zehar. Ziortza Barandiaran Murua (Ataun, 1998) 2020ko abuztuan hasi zen egiteko horretan. Pandemiako garairik gogorrenetan, 30 aztarnari inguru aritu ziren Beasaingo anbulatorioan. Pasa den otsailaren erditik, soilik hamarri berritu diete kontratua, eta horietako batzuk, tartean Barandiaran, beste postu batzuetara aldatu dituzte.
Izatez, fisioterapeuta zara. Nolatan hasi zinen aztarnari gisa lanean?
Aztarnari gisa lan egiteko osasun-langilea izatea da betebeharra, jendearen historia klinikora sarbidea edukitzeko. Soilik erizainak, medikuak eta fisioterapeutak gara osasun-langileak. Horregatik, fisioterapeuta asko aritu gara aztarnari lanetan, erizainek beste eginkizun batzuk zituztelako.
Kontratua epeka luzatu dizuete ezta?
Bai, hori da. Printzipioz, bizpahiru hilabeterako hasi nintzen, baina, azkenean, ia bi urte eman ditut. Epeka luzatu digute kontratua, bai. Urrian talde definitiboa osatu zuten: hamabi fisioterapeuta, bost erizain, bizpahiru administrari eta kudeatzailea. Egoeraren arabera, kontratua luzatu digute, beharrezkoa zenean, jende gehiago kontratatu dute.
Zein izan da zuen egitekoa?
Gure lana, betiere protokoloak baldintzatuta, honakoa izan da: laborategitik positibo nork eman zuen iristen zitzaigun eta gure lana horiei deitzea zen. Hasiera batean, familiako medikuarekin txanda lotzen genien, jarraipena egiteko. Gero, galdetzen genien ea norekin egon ziren 15 minutu baino gehiagoz, musukorik gabe eta bi metroko distantzia baino gutxiagoan, sintomak hasi baino bi egun lehenago edo, sintomarik ez zegoen kasuetan, proba egin baino bi egun lehenago. Orduan, positibo bakoitzak bere kontaktuak ematen zizkigun eta guk horietako bakoitzari deitzen genion proba egitera joateko.
Zailtasunik jarri al dizuete?
Orokorrean, ez. Hori bai, gezur asko esan dizkigute. Segituan nabaritzen zen nork zioen egia eta nork ez. Batzuk ez zuten kontakturik eman nahi eta beste batzuk ez zirela kontaktu ziurtatzen zuten. Orokorrean, ordea, jendea jatorra izan da. Gainera, hasieran behintzat, jendea kezkatuta zegoen eta proba egin nahi zuen. Gerora, garrantzia kendu zaion heinean, gezur gehiago esan dizkigute eta elkarrizketak ere estuagoak izan dira.
Barrutik nola bizi izan duzue pandemia?
Momentu batzuetan, pixka bat frustragarria izan da. Lanez gainezka geundela ikusi, ordu estrak sartzeko eskatzen zigutela, eta bitartean, anbulatorioko atetik aterata, inork jaramonik ez zuen egiten.
Jada aztarnari gutxi zaudete, zu ere beste postu batera aldatu zaituzte. Pandemia amaitzear al da?
Hori da, jada ez dut aztarnari gisa jarraitzen, baina kontratua berbera da. Hasieratik, fisioterapeuta kontratua eduki dut, eta orain aztarnari postutik fisioterapeutara birkokatu naute.
Amaitzear ez dakit dagoen, baina beste “pantaila” batera igaro gara. Azkenean, koronabirusa normalizatzeko prozesuan gaude. Iritsiko da momentu bat, noiz soilik sintomekin gaizki daudenek egingo beharko duten proba.