Angel Elorza Beitia • Ormaiztegi
Orain dela bi hilabete ospatu genuen Ormaiztegiko ziklo krosaren 50. edizioa. Historia guztiak bezala, honek ere badu bere hasiera, 1962ko abenduaren 2an hain zuzen ere. Mariano Galarza ordiziarrak, garai haietan Espainiako ziklo kros hautatzaile zenak, animatu zuen Ormaiztegiko gazte talde bat ziklo kros proba antolatzera.
Baso Txulo Elkartearen laguntzaz, Pablo Lasa, Juan Mari Leturia, Millan Irizar eta Fausto Gurrutxaga lehen proba hura martxan jartzen ausartu ziren. Irabazlea, Burgosko Jose Luis Talamillo izan zen, garai haietan estatuko txirrindularirik onena. Hurrengo bi urteetan Mendijur urretxuarra izan zen garaile. Zoritxarrez biak istripu ezberdinetan urtebete beranduago hil ziren.
Ziklo krosak bere historian beste hainbeste protagonista izan ditu. 60ko hamarkadaren amaieran, Jose Mari Gonzalez ordiziarra eta Jose Mari Basualdo arabarra. Ondoren Iñaki Maiora herritarra nagusitu zen hiru urtez jarraian.
Hiru urteko etena
Nekeak eta errelebo faltak, ordura arteko antolatzaileek etsi egin zuten eta hiru urteko etenaldia ezagutu zuen karrerak. 1979an indarrak berrituta, nazioarteko zenbat proba antolatu ziren, eta Ormaiztegiko zelaietan ikusi genituen txirrindulari ospetsuenak: De Vlaemink, Thaler, De Brauwer, Zweifel, Pascal Richard, denak munduko txapeldunak izandakoak.
Denborarekin Maiora, Iurrebaso, Bijandi, Izagirre, Jokin Mujika eta beste hainbat espezialista erretiratu egin ziren eta jarraian ziklo krosaren gainbehera etorri zen, bigarren aldiz antolatzeari utzita.
Txirrinduaren Lagunak
Sei urteko hutsunearen ondoren, sortu berria zen Ormaiztegiko Txirrinduaren Lagunak elkartea arduratu zen ziklo kros proba berpizten, herriko txirrindulari gazteei aukera emateko; Izagirre anaiak, Berasategi eta Lasa hasiak ziren gazte mailan nabarmentzen.
Baina urte haietako protagonista nagusia Javier Ruiz de Larrinaga txirrindulari arabarra izan zen, bederatzi aldiz lortu zuen lehen postua Ormaiztegiko helmugan. Azkenaldian Izagirre anaiak dagoeneko profesional ospetsuak bihurtuta, ziklo krosa neguko prestaketa bezala hartu dute eta Gorka izan da bi alditan garaile, tartean pandemiak lortu badu ere urtebeteko etenaldia. Beraiek erakutsi dute ziklo krosa eta errepidea bateragarriak direla, eta gu antolatzaile gisa eskertuta gaude Ormaiztegiko zelaiak zalez beteta ikusteagatik.
Etorkizunari begira ez dago ezer ziurtatuta, baina ahal dugun neurrian jarraituko dugu.