Gipuzkoan 1950eko eta 1960ko hamarkadetan jardun zuen kultura erakundea izan zen Akademia Erraria, gaztelaniaz Academia Errante gisa ezagutua. Angel Cruz Jaka Legorburu zumarragarra (1914 – 2005) izan zen bultzatzaile nagusietakoa, baina kide goierritar gehiago ere bazituen, askotariko ogibide liberaletako –goi mailakoak sarri– intelektualen artean; Jose Maria Busca Isusi herrikidea, tartean.
Eztabaida taldea zen, euskal intelektualek osatutakoa, ideologia eta diziplina askotakoak elkartuta: sozialistak, abertzaleak, komunistak, karlistak, baita aurrerabidea nahi zuten frankistaren bat ere… Askotariko gai kulturalez hitz egiteko elkartzen ziren, eta kulturako pertsonalitate gorenak aitortzeko eta omenetzeko. Ideien eztabaida egin, proiektuak banatu, hausnarketa bultzatu… Oro har, gizarte eta garai gogor uzkurrari argia eman, azken batean.
Lehenbiziko bultzatzailea Luis Peña Basurto izan zen, eta harekin batera Jaka, Busca Isusi, Julio Caro Baroja, Jorge Oteiza eta Luis Martin Santos. Bilerak leku aparteetan egiten zituzten, goietan asko, benta, soziedade edo taberna urrunetan. Mokadua edo otordua egiten zuten; saio intelektuala gero.
Funtzionatu zuen aldia 1955etik 1963ra izan zen, diktadura frankista bete-betean. Ibilbide laburra denboran, baina intentsoa lanean. Peña Basurtori txanda hartuta, Jaka izan zen Akademia Errariaren koordinatzailea eta bileren deitzailea, 1958tik aurrera.
Goierrin bilera eta saio ugari
Akademia Errariaren lehenengo juntadizoa Aztiriko Bentan egin zuten, 1956an, Pio Baroja hil berria omentzeko. 1957an, Azitaingo bentan, Arturo Campion oroitu zuten, 1958an Zumarragako Beloki elkartean Gregorio Marañon medikua, eta normalean urtean behin beste gai edo pertsonaia bat. Ataungo San Gregorioko elizako saloian edo Otsaurteko bentan ere izan ziren. Intelektual asko medikuak ziren, psikiatrak batik bat. Baina idazle, publizista, historialari, musikari, arkitekto, editore, abokatu edo inprimatzaile ugari ere.
‘Akademia Erraria’ izena 1959ko urrian Azkoitiko San Juan bainuetxean egindako bilkuran eman zioten beren buruari. Aurretik, Marañones ere deitzen zioten elkarri, Zumarragako langaiaren abizenagatik.
Jakak taldea berriz ez deitzea 1964an erabaki zuen, eta Akademia Erraria desegin zuten. Francoren erregimeneko Tribunal de Orden Publico zelakoa atzetik zuten. Meliton Manzanas komisarioak Jaka mehatxatu zuen. Errekadista lan egiten zuen Jakak, eta pakete batean legez kanpoko propaganda sartuko ziola eta kartzelatuko zuela esan zion.