Oier Fernandez • Beltza kolore
Bertan, herriko tabernetan, gertatzen ari dena tristea da benetan. Gure aitona- amonen gaztaroko playlista ezagutzen al dugu? Ba al dakigu nondik datozen gaur egungo erritmoak? Gure arbasoen bizi doinua zein zen ba al dakigu?
Larunbata zen, goizeko 03:26, eta buruak klik egin zidan. Zer entzuten ari naiz? Gau guztian zehar erritmo berberek darabilte buruan. Hein txiki batean atsegin ditudala ukaezina da, baina hau larunbatero? Hau parrandan ateratzen garen aldiro? Aspaldian faltan botatzen ditut goizeko ordu txikitan bat-batean entzuten ziren trikiti doinuak, edota Pirritx eta Porrotxen abestiak.
Erabat aldatu dira gure parranden doinuak. Parranda monotonoak egiten ditugunaren sentsazioa dut. Larunbatero musika bera, larunbatero erritmo berdinak…
Noiz arte?
Agian, garagardoa esku artean nuela etorri zitzaidan pentsamendu hau ez da nire pentsamendua soilik. Giroa, zenbat aldatu den ukaezina da. Gustura dantzatuko nituzke fandango bat eta jarraian Nathy Pelusoren azkena.
Sortu ditzagun parrandarako playlist anitzak, denonak, denon gustukoak eta artista guztien erakusleiho izango direnak. Eta ez hainbeste reggaetontorekin…!