Patxi Zubizarreta Dorronsoro • Idazlea
Adin batetik aurrerakoek gogoratuko dute, jende larriak: langileen bizikletek, jeneralean aurreko gurpilean, halako sorgailu bat edukitzen zuten eta, pedalei eragin bitartean, txiist-txiist, eskulekupean argitxo bat pizten zitzaien, bidea
ozta-ozta argiztatzen zuena. Zenbat halako, negu gorrian fabrika haundira bidean, ipurtargien antzera…
Baina egunotan gogoak hurbileko CAFera baino urrutiko Ukrainara narama, iluntasunaren muinera. Eta Dinamo Kiev futbol taldearekin akordatzen naiz; izan ere, bigarren mundu gerra garaian, Heriotzaren Partida jokatu zuten han…
Ukraina Sobietar Batasunaren parte zen sasoian, naziak nagusitu ziren, eta halako batean, Wehrmacht-eko soldaduek futbol partida bat jokatu zuten FC Start-eko preso ukrainarren kontra. Kontra, kuanto…
Waffen-SSko arbitroarekin, hasi egin zen partida, betiere alemanen alde, baina ukrainarrek lehen zatia irabaztea lortu zuten: 3-1. Eta lortu bazuten lortu zuten, eta indar okupatzaileen komandante bat aldageletara joan zen ukrainarrei heriotza mehatxu egitera: «Gure taldea sekula ez dute garaitu lurralde menperatuetan!». Baina ezer gutxi zeukaten presoek duintasuna zuten alde. Eta dinamoa. Eta, hankei eragiten jarraitu zuten, etsi gabe. 5-3 zihoazela, arbitroak porrota ezin eramanda, txilibitua jo zuen…
Akabo partida, eta akabo hainbat jokalariren bizitzak. Fusilamenduak. Bonba errusiarrek txikitu ez baldin badute, eskultura batek gogorarazten duen bezala. Filmak egin ziren, bertsioak sortu ziren, baina duintasuna, egon, hor dago. Gurean bizi diren familia ukrainarrak erakusten ari diren bezala…
Dinamoaren argia ahula da. Eskaxa da. Baina iluntasuna erabatekoa denean, etsipenaren itsasoan faroa bihurtu daiteke. Eta dinamoarekin batera, esaera zahar batekin ere akordatzen naiz: atzeak erakusten du nola dantzatu aurrea…