Ertzaintzak 40 urte bete ditu aurten. Josu Bujanda Zaldua (Beasain, 1961) ia taldearen hastapenetatik da kide. «Zalantza handiak ditut gizon edo emakume normal batek ‘poli’ izatea erabakiko zuenik. Baina Ertzaintza beste gauza bat zen». Maila eta postu guztietatik pasa ondoren, ertzainburu da azken lau urteotan. «Harro nago, baina bertigoa ere ematen du».
Nolatan ertzain? Bokazioz?
Gu ere errebeldeak ginen, eta polizia izate hori… Ez zitzaidan burutik pasa ere egin polizia izatea. Orduan Guardia Zibila eta Polizia Nazionala zegoen bakarrik, eta zalantza handiak ditut gizon edo emakume normal batek poli izatea erabakiko zuenik. Baina Ertzaintza beste gauza bat zen. Gainera, nire aita txirrindularitzako lasterketetako epaile zen eta asko ibiltzen ginen lasterketetan. Ertzainak euren BMWeekin ikusten nituen, eta niri motorrak asko gustatzen zaizkidanez, erakarri egiten ninduen.
Txikitan zer izan nahi zenuen?
Ez nekien zer izan nahi nuen, baina bai zer ez nuen izan nahi. Polizia, ez. Guk hemen jasan genuen polizia ereduak ez dut uste inork erakarriko zuenik.
Herritarrak artatzeko sena txikitatik bazenuen, behintzat.
Lan irteera ona ere bazen. Bost anaia-arreba ginen, eta aitarik gabe gelditu ginen urte haietan, eta etxean laguntzeko aukera ona zen.
Zer esan zizuten etxean ertzain sartuko zinela aipatu zenuenean?
Hautaketa-probetara aurkezteko erabakia hartu nuenean, garai hartan bizi zen nire amak animatu egin ninduen. Gogotsu ikusi ninduen eta lagundu besterik ez zidan egin. Arkauteko akademian sartu aurretik hil zen, eta pena hori geratu zait barruan, gurasoek ez dutelako erakunde honetan nire esperientzia osoa ezagutu eta bizi; anaia-arreben partetik ere baldintzarik gabeko babesa izan nuen; nire emazteak ere, orduan neska-laguna nuenak, animatu egin ninduen; baina familiaren babes osoa izan nuen bezala, pertsona batzuen kasuan ez zen hala izan. Tartean, pauso hori eman izana ulertu ez zuten lagun batzuena. Zorionez, gaur egun hori guztia aldatu egin da, eta askoz gehiago dira agurtzen nautenak bizkarra ematen didatenak baino.
Garai hartako gazte batek nola bizi zuen testuinguru hura?
Hamasei-hemezortzi urterekin berbenetara joaten ginen mundu guztia bezala, eta «Presoak etxera» esan behar bazen, esan egiten genuen. Hori zen gure herria. Nik herri honen inguruan politikoki pentsatzen nuen ezerk ez ninduen bereizten jende horretatik. Bakarrik, ni polizia nintzela eta beraiek indarkeria eta beste bide batzuk erabiltzen zituztela beraien ideiak gauzatzeko. Baina nik herri hau izatea nahi nuena ez zegoen horren-horren urruti. Kuadrillako batzuk behin baino gehiagotan galdetu izan zidaten: «Nolatan duzu tratua beste horrekin estalinista bat bada eta zu ertzaina?» Baina Euskal Herriarekiko ideiak, herrialdea maitatzea, garena nahi izatea, euskara… ez naiz horren desberdina. Baina ertzaina naiz. Are gehiago, mehatxuak mehatxu, bihar laguntza behar badute han egongo naiz. Atxilotzea merezi badute ere bai.
Zure aurka egingo zutenaren beldurrik ez zenuen?
Ez nekien seguru non sartzen nintzen, baina garbi nuen ertzain izan nahi nuela. Egia da momentu nahiko latzak zirela. 1980ko urte haietan gaude, eta ETAk jende asko hiltzen zuen urtero: orlegiak, urdinak… Baina garbi nuen Ertzaintzak ezin zituela errepikatu garaiko beste indar polizialek erabiltzen zituzten metodo berdinak.
Egoera asko aldatu da harrezkero.
Zorionez, dena aldatu da. 2011ko ETAren su-etena mugarri bat izan zen. Hortik aurrera, Ertzaintza beste gauza bat izan da.
Atentatu bat baino gehiago bizi izan duzu gertutik.
Beasainen bertan erail zituzten Ana Arostegi eta Javier Mijangos. Ni hortxe bizi naiz, eta etxetik detonazioak entzun nituen. Ni izan nintzen iritsi zen lehen ertzaina, baina ordurako Arostegi jada hilda zegoen. Ostirala zen. Ostiralero lagun batekin eta gure emazteekin pote bat hartzera joaten ginen, eta beste ertzain batzuk bazekiten. Niri deika eta deika zebiltzan, baina han zegoen urduritasunarekin ez nuen erantzuten eta sinetsita zeuden gu izan ginela eraildakoak. Begira zein anekdota desatsegina.
Lehen lan eguna gogoratzen duzu?
1983ko azaroaren 14a. Arkauteko akademian ikasturtea amaitu ondoren, Ertzaintzako agente gisa izan nuen lehen destinoa nire herrian izan zen, Beasaingo trafiko-basean. Baina leku ugaritan egon naiz destinatuta: Zumarragan, Tolosan, Donostian… Trafikoan aritu nintzen, Ikerketan, Errekurtso Operatiboetan, Herritarren Babeserako Burutzan… destinatuta ere egon naiz.
Hasi zinenean agente maila zenuen. Gero etorri ziren kabo, inspektore, sarjentu, komisariorde, komisario, intendente eta superintendente. Nolakoa da mailaz igotzeko bidea?
Ertzainburu izatera heldu aurretik ertzain gradu guztiak eta ia kargu guztiak pasa ditut. Zortea eduki dut, egia da. Hirugarren promoziokoek ikastaro asko egiteko aukera izan dugu. Baina gauza bat da istorio hauetarako prestatzea, eta beste bat, azkeneko momentuan, ardura bakoitza zuri eskaintzea. Zer edo zer ondo egingo nuelako izango da.
Unibertsitateko ikasketarik baduzu?
Kriminologiako lizentziatura daukat, Euskal Herriko Unibertsitatean. Aurretik, zuzenbidea ikasten hasi nintzen, baina Donostiako Ertzaintzaren buruzagitzan sartu nintzenean utzi egin behar izan nuen, bigarren kurtsoan.
Izandako garapenarekin gustura?
Harro nago, baina bertigoa ere ematen du. Orain 39 urte atzera begiratzen dut eta konturatzen naiz nire nagusi-nagusia sarjentu bat zela. Orduko Ertzaintza zen agentea, kaboa, inspektorea eta sarjentua. Orain eskailera luzeagoa da.
Ertzainburu izatea helburua zenuen?
Hasiberria nintzenean esango balidate ertzainburu izatera helduko nintzela ez nukeen sinetsiko. Nire helburua zen trafikoa, eta motorzalea izanda, motorrean ibiltzea. Gogoratzen naiz lehen BMWa hartu nuenean Lambretta 125 txiki bat nuela. Orduan, txirrindularitza lasterketetan motor harekin ibiltzea zen zerua ukitzearen parekoa. Eta gainera ordaindu egiten zidaten! Zer gehiago nahi nuen? Inspektore izatea ere ikaragarria zen. Baina ikastaroak atera ziren, gainditzen joan nintzen, eta hemen nago. Zorteko ertzaina izan naiz.
Ertzainburuaren ardurak zeintzuk dira?
Hitz gutxitan esanda, unitate nagusien, lurralde-unitateen eta Ertzaintzako zerbitzu guztien jarduera operatiboa zuzentzea, planifikatzea, koordinatzea, gainbegiratzea eta ebaluatzea da, beste ardura batzuekin batera.
Gustura?
Kargu hori betetzea ohorea, ardura handia eta zuzendaritza-erantzukizun horren aurrean lidergo-gaitasuna garatuarazi egiten duen zerbait da. Niretzat harrotasun handia da erakunde honetan oinarrizko agente lanetan hasi eta bertako buru izatera iritsi izana.
Patruilatzera itzuliko zinateke?
Bai, egingo nuke, zergatik ez? Egia da duela asko ez naizela patruila bezala kalera atera, eta ziur aski, berriro birziklatu eta prestatu beharko nintzateke gure agenteek egunero aztertzen eta konpontzen dituzten gai zehatzetan.
«Gauza bat da prestatzea, etabeste ba ardura bakoitza zuri eskaintzea. Zer edo zer ondo egingo nuelako izango da»
«Ez gara zortzigarren miraria, gauza batzuk ondo egiten ditugun bezala beste gauza batzuk gaizki egiten ditugu»
Ertzaintzak nolako onarpen maila du kalean?
Zuk esan. Nik, barrutik, esan dezaket Ertzaintza dela herritarrengan konfiantza maila handiena pizten duen hirugarren erakundea, unibertsitatearen eta enpresa txiki eta ertainen atzetik. Gainera, Segurtasun Sailak eskatutako polizia-zerbitzuen balorazioak zazpiko nota gainditzen du, 10era arteko eskala batean. Gutxi ez eta, herritarrek delikuentziarekiko eta segurtasunik ezarekiko herritarren kezka beste gai sozial askoren azpitik dago, nabarmen.
Asebetetzen zaituzten datuak dira?
Noski. Lan egiten jarraitzeko indarra ematen digu. Baina ez gara zortzigarren miraria, gauza batzuk ondo egiten ditugun bezala, beste gauza batzuk gaizki egiten ditugu.
Autokritikarik egiten duzu?
Gaizki egiten dugun kasuetan gure prozedurak ditugu. Penala baldin bada epaitegietara joko du auziak, eta barrukoa baldin bada barne arautegia aplikatuko zaio. Baina garrantzitsuena gardentasuna da, erakunde publiko bezala herritarrei dena azaldu behar diegulako. Baina hori ez da txarra, balore bat da.
Zeintzuk dira ertzain on bat izateko behar diren baloreak?
Aurrenekoa, hurbiltasuna. Herritarrek behar dutena da Ertzaintza gertu dutela sentitzea. Horretarako, lagungarria da euskaraz hitz egiten jakitea, tratu egokia izatea, laguntzeko prest egotea beti…
Badituzue?
Azken promozioak oso prestatuta datoz: titulazio handiko jendea, lanerako gogoz… Asko, euskaldunak dira. Eta emakumeak ere geroz eta gehiago dira.
Nola ikusten duzu euskara Ertzaintza barruan?
Euskara dakigunoi euskaraz hitz egiteko azpimarra egiten dugu, gure hizkuntza delako. Nik beti esaten dut: ertzain batek lehen hitza euskaraz eginez gero herritarra irabazia du: hurbiltasun hori, konfiantza hori… Ez dakitenei, ahal den neurrian, saiatzeko eskatzen diegu. Euskara ikasteko gure saila eta akademia nahiko esfortzu egiten ari da, agenteak liberatzen. 300 agente baino gehiago ari dira euskara ikasten, eta batzuk nahiko maila handian. Gehiago egin beharko genukeela? Dudarik gabe. Euskararen normalizazioa nahiko nuke.
Emakumeen rola Ertzaintzan nolakoa da? Parekidetasunik badago?
Parekidetasunari begira ahaleginak egin dira. Baina gehiago behar da, zalantzarik gabe. Gaur egun, emakumeak diren 1.200 ertzain baino gehiago ditugu eta Ertzaintzaren %16 baino gehixeago ordezkatzen dute. Baina azken promozioan, adibidez, %31 inguru dira emakumeak. Eta zenbakietatik harago, aginte-eskalan emakume gehiago behar ditugu. Orain, behintzat, zuzendaria badugu: Vicky [Victoria] Landa. Nire promoziokoa da, elkar ezagutzen dugu, eta badakit balio handiko emakumea dela. Ez da horraino heldu emakumea delako, ez. Baina, oraindik, asko egin behar da. Nire ondorengoa emakumea izatea gustatuko litzaidake.
Lortuko da?
Gure belaunaldiko gizonak oso egoistak izan gara. Baina parekatu da. Nik lehen ez nuen harrikoa egiten, eta orain bai. Eta bikote gazteak ikusten ditut etxeko ardurak elkarbanatzen. Horrek erraztu egin du emakumeek etxetik kanpo lan egitea eta Ertzaintzaren parte izatea.
Bi urte dituzu aurretik erretiroa hartu baino lehen.
Joateak sekulako pena emango dit. Ez da sartutako orduengatik, ezagututako jendearengatik baizik. Momentu onetan jiji-jaja, baina momentu txarretan lotura estuak egiten dira. Eta hemen une gogorrak pasa ditugu. Atarian badugu monolito bat [Ana Arostegi eta Javier Mijangos ertzainen omenezkoa], bestelako mehatxuak, ekintzak… Zure kideengan itsu-itsuan fidatu beharrak tratu berezia sortzen du, eta nire alboan izan den jendea nire bizitzako parte dira, betirako. Alde horretatik, nahiko penaz joango naiz.
Beasainen bizi, Europan ibili
Josu Bujanda Zaldua Beasain erdigunean zegoen Urbi baserrian jaio zen. 1974. urtean eraitsi egin zuten, eta Porteriara aldatu zen Bujanda-Zaldua sendia. Ezkondu zenean Zegamara joan zen bizitzera ia urtebetez, baina alaba zaharrena jaio zenean berriz Beasainera itzuli ziren. Bizitza guztia jaioterrian egin izanari garrantzia ematen dio, testuingu sozio-politikoa gaiztotuta egon arren, familiarekin eta kuadrillarekin bizitzen jarraitu ahal izan duelako.
Ertzain-uniformea kentzen duenean beasaindar bat gehiago dela dio, «emaztea, bi alaba eta biloba zoragarriak» dituena. «Oso harro nago guzti-guztiez». Asialdian gehien gustatzen zaiona beraiekin egotea da.
Motorrean ibiltzea era gogotik maite du. Eskulekuei helduta doanean mugikorra nahita ere ezin duenez hartu, lanetik deskonektatzen laguntzen diola dio. «Une horiek primeran etortzen zaizkit». Motorrarekin Europa zeharkatu du ia, motorzale lagunekin eta Lutxi emaztearekin.
Aisialdia lagunekin eta euskararekin ere lotzen du. «Euskara da nire ama hizkuntza», zehaztu du. «Herriko beste hamazazpi edo hemezortzi neska-mutikorekin batera Beasaingo lehenengo ikastola guk hasi genuen. 1963. edo 1964. urtea izango zen. Ikastolak ez zeuden orduan, baina fraideei edo mojei lotuta zerbait lortu zuten», oroitu du. «Batxilergoa eta goi mailako ikasketak euskaraz egiteko aukerarik ez zegoen ordea, eta ia ahaztu ere egin nuen». Aldizkari honekin euskaraz hitz egiteko ez du inolako arazorik izan, dena den.