![Arrondo](https://goiberri.eus/site/files/2022/03/Arrondo.jpg)
Orain dela 40 bat urteko argazkian, ezkerretik eskubira: Iña Arratibel, Josu Eskisabel, Iñigo Goikoetxea, Joxe Angel Arratibel eta Pello Arratibel.
Izaskun Egiguren Imaz • Ataun
Ataungo Arrondo auzoan berezia izan ohi zen San Joan bezpera eta gaua, eta San Martingoak ere etorri ohi ziren egun horretan sua ikustera, gure txikitako begietara inbidia apur batekin.
Ekainaren 23an, egunez, etxe eta baserrien aurrealdeak garbitu eta apaintzen genituen lizar hostoekin, arrosekin eta bestelakoekin, eta gauean sutara botako genituen gauzen bila hasten ginen. Noski, helduek ordurako prest izaten zuten sua pizteko materiala, baina guk ere geure ekarpen txikia egin nahi izaten genuen, eskolako libururen bat edo bereziki gorrotagarria zitzaigun irakasgairen bateko apunteak, demagun matematikoak, botaz.
Udako oporren hasiera
Udako oporrak hasi berriak, uda luzearen itxaropena airean, jolasean igaroko genuen seguruenik eguna txikitan, eta, geroxeago, gaztetxotan, kontuak esaten arituko ginen bataren edo bestearen etxe apainduaren aurrean. Errepide alboetan zeuden etxeak, eta han ibiltzen ginen korrika aurrera eta atzera, baina gurasoak lasai egoten ziren, kotxeak mantso igarotzen baitziren garai haietan.
San Joan gaueko afaria izaten zen egun hartako unerik bereziena. Auzoko herritarrak Rafaelene taberna mitikoan elkartzen ginen, zahar, heldu eta ume denok batera, eta konpainia onean jaten genuen auzoko gazteek prestaturiko afaria. Mahaian lagunen ondoan esertzen ginen, baina urtean zehar gutxi hitz egiten genuen jendearekin egoteko aukera ere izaten zen, eta horrek ere bazuen bere xarma.
Afari horretan egoten ziren hainbat auzotar ez daude orain gure artean, Antonio, Juanita, Joxe Mari…, baina memorian gordeta ditugu, gure bertsio gazteagoen ondoan, argazki batean bezala.
Su dotorea
Afaldu ondoren, su dotorea pizten zuten Baztarrikako belardian, eta suaren inguruan trikitixa dantzatzen genuen, kantuan eta kalejiran ibiltzen ginen. Urteren batean, festa haren erdian, iletik tiraka ere ibili ginen San Martingoekin (nerabezaroko kontuak), baina gero berehala adiskidetu ginen eta dantzan jarraitu genuen, ondo gogoratzen banaiz behintzat.
Suak eramaten zituen haserreak orduan, eta uda ondo hasteko bidea ematen zuen.