Maddi Erauskin • Norabide egokian ote?
Azken aldian, sarritan entzun izan dut gaixotasun mentalen gorakada izugarria izaten ari dela. Horien artean, antsietatea edo depresioa dira nabarmenenak. Guztiok dugu inguruan gertuko kasuren bat. Askok diote pandemia izan dela depresioak areagotu dituen hauspoa, eta bat nator horrekin! Bi urtez bizi izan dugun ziurgabetasun egoerak gure osasuna kaltetu baitu.
Baina ez al zaizue iruditzen dugun bizitzeko moduak ere eragina duela? Geroz eta azkarrago iritsi nahi dugu denera, presaka bizi gara! Lan egiteko moduak aldatu dira… etengabe aldaketak datoz. Egia da, komunikazio tresnak anitzak direla eta horrek erraztasun handiak ekarri dizkigula guztioi. Baina ba al dakigu bereizten lana eta bizitza soziala?
Oso modan jarri da, mugikor pertsonalak lan tresna funtzioa hartzea. Konpetentzia handia dagoenez edo bezeroentzat erosoena denez, eskuragarri ipintzen diegu. Honek, lanetik kanpo, mezuak erantzuteko konpromisoa dakar.
Hau guztia gutariko askoren egunerokoaren parte da, eta momentuan ohartzen ez garen arren, etengabe antsietatea jasaten ari gara. Honek, eragin mentala zein fisikoa du gugan… Beste modu batera esanda, txiklea tiratzen eta tiratzen ari gara; momentu batean puskatzen den arte!