Zeraingo Aizpea auzoaren bi magalak lotzen ditu herri kaskotik abiatzen den ibilbide zirkular honek. Lehengoratu berria den Aizpeako meatze eremua da bailara honen ikur, baita bidean aurki daitekeen botanika aberatsa ere.
Hamar kilometro koadro pasako azalera duen udalerria da Zerain. Herri kaskoa 329 metroko gaintxo batean dago, Aralar parez pare duela, urrunean. Izan ere, Zeraingo ondare natural eta kulturalak Aizkorri-Aratz Parke Naturalari eta Aizpea Meategi Monumentu Multzoari lotuta daude. Udalerriaren hegomendebaldeko lurren %13 daude parkearen barruan, eta Aizpea multzoak burdinaren mendiko 122 hektarea hartzen ditu –udalerriko lurren %12–. Paraje hori da Ibiltari honetako jomuga.
Ondare kultural eta industrial hori, etnobotanikarekin uztartzen da Zerainen, eta horixe izan zen bost ibilbide seinaleztatu eta balizatzeko pizgarria. Botanika ibilbideok herri kaxkoa dute abiapuntu, eta garai bateko gurdibide, estrada, galtzada eta gaur egungo bideak lotzen ditu. Herri ibilbide (SL) eta Ibilbide labur (PR) bezala adierazita daude. Aizpea auzoaren bi mendi magalak lotzen dituen ibilbide botanikoa bosgarrena da (SL-Gi 36, arrasto zuri-berdeekin), kolore morez identifika daiteke. Gidari lanak Ilazki Azaldegi ordiziar zeraindartuak egin ditu, azken pare bat urtean Zeraingo turismo arloa kudeatzeaz arduratzen den teknikariak.
Lehen helburua, meatze multzoa
Herriko plazaren punturik garaienean dagoen Jauregiak ematen dio ongi etorria ezinbestean bisitariari. Zeraingo Jauntxoen bizitokia izan zen, eta dorretxearen parte izandako harlanduzko hiru hormak dira eraikinaren zatirik deigarrienak. Plazan bertan daude turismo bulegoa, Mandioa taberna, Museo etnografikoa eta Andra Mari eliza, eta guztien zaintzaile, artea. Hortik Antxaputzuko biribilgunera jaitsiz hasten da ibilbidea. Ibilbide seinaleak parez pare ikusten dira.
Harbide batean ezkerrera eta behera eginez, Araneko Arnaskara iristen da, eta segidan fruitu arbolez inguratutako Arane –Arana– baserrira (7 min.). Beste bi-hiru minutuan, Iñurrategi baserrira eta Zerainerrekaren gaineko Zubitxikira. Eskuinera eginez Mutiloa aldera joaten da, aurrera jarraituz Aizpearantz. Bideari jarraitu behar zaio, goraka zabaltzen den bidea jaitsierarako utziz. Denbora gutxian Legazpirantz doan bidea gurutzatu behar da, Urkullueta adierazten duen seinalea begiz ikusten dela. Ibilbideko lehen ordu laurdena osatuta dagoeneko.
Aizpeako meatze guneko hiru kiskaltze labeak eta mea kargalekuak berritu dituzte, inguruak duen ondare-balioa handituz
Aizpea bailara eta baserri auzoaren bi magalak lotzen ditu ibilbideak. Aizperrekak eta Zerain errekak bereizten dituzte
Zubimalkarren pean bat egiten dute Lasartegi errekak eta Aizperrekak. Berehala eskubitara irekitzen den herribideari heldu behar zaio, Aizperrekaren hotsa behean sumatzen dela. Igoera samurra da, baina etenik gabekoa, eta bidean botanika aberatsa: haltzadiak, lizarrak, haritzak, San Joan garoak… 25 minutu inguruko igoeraren ondoren, parke naturalean sartzen zarela adierazten duen ikurra. Urkiak inguruan direla, Aizpietako Adieraztegia hartzen duen eraikina (425 metro, 40 minutu). Hango iturrian zintzurra busti, eta meatze gune lehengoratua ezagutzeko tartea hartzea ezinbestekoa da.
Udalak hainbat lan egin ditu azken hamarkadetan meatze ingurua eta azpiegiturak berritzeko. Azken fase honetan hiru kiskaltze labeak eta mea kargalekuak egonkortu eta egokitu dituzte. Lan horietarako Espainiako Sustapen Ministerioko zein Eusko Jaurlaritzako laguntza jaso du udalak. Lanak iazko maiatzean hasi ziren –Teusa enpresak gidatuta–, eta dagoeneko bukatuta daude. Labeetako bat meaz beterik zegoen, eta hori hustu egin dute. Aurrez, Euskal Herriko unibertsitateak ikerketa petrologikoa egin zuen kaltzinazio prozesua aztertzeko. Gaur zortzi, hilaren 25ean, egingo dute berrikuntzak aurkezteko ekitaldiak: goizean instituzionala, arratsaldean herrikoia.
Aizpeako baserrietatik itzulera
Meatze eremutik bailaraz bestaldera ikusten dira Aizpea auzoko baserriak: Bengoetxea, Eskorta, Arrondo, Mantxolatxiki –Francisco Goia pintorearen ahaideen jaiotetxea– Mantxola… Eta goen-goenean, Aizpuru mendia. Hara iristeko bidea jarraitu besterik ez dago. Gaztainaditxota igarota, eskubitara uzten da Oamendira igotzeko bidegurutzea. Aitzurdin parean haginak nabarmentzen dira, eta Troskaitturrin gorostiak. Puntu horretan, Aizperreka gainetik igaroz, bidearen noranzkoa aldatzen da, atzera Zerainera itzultzeko.
Itzulerako bidea ez da horren ondo seinaleztatua, eta azti joan beharra dago. Bidea erosoa da, baina Ariztizabal baserrira iritsi aurrean ezkerrera hartu beharra dago langa bat igaroz (arrasto zuri-berdeak). Bidezidor horretan altuera hartzen da pixkanaka, eta monumentu multzoaren bestelako ikuspegi batez goza daiteke, Eskorta baserriaren gainean. Metro batzuk gora, ibilbideko puntu gorenera iristen da (520 metro), Garondo baserrira ailegatu aurrean. Tellerinea nekazalturismoa pasa, eta baserri bidean behera 500 metro eginda, lurrean margotutako ikurrek adierazten dute bidea (1:50 minutu). Berriz ere basoan murgilduta, Iñurrategi baserrira jaisten da ordu erdi batean, Zeraingo Andra Mari eliza begi bistan dela.
Kontuan hartzeko
- Zeraingo herrigunea. Herri kaxkoan bertan hainbat eraikin interesgarri daude: Jauregia, Andra Mari eliza, Museo etnografikoa, Mandioa, turismo bulegoa, bolatokia… Horietakoren bat ezagutu edo bisita gidaturen bat egin nahi izanez gero, turismo bulegoarekin jarri behar da harremanetan, telefonoz 943 80 15 05 zein epostaz: turismobulegoa@zerain.eus. Informazio osagarria: zerain.eus.
- Aizpeako meatze eremua. 2008an Kultura Ondasun izendatua, Aizkorri-Aratz parke naturalaren barruan dagoen monumentu multzoa da. Meategiaren lehenengo datuak XII. mendekoak dira, eta 1951. urtean ustiatu zuten burdina han azkenekoz. Azken sei hilabeteotan egindako berritze lanak hilaren 25ean erakutsiko dituzte. Kiskaltze labeak eta mea kargalekuak lehengoratu eta egonkortu dituzte lan horietan, besteak beste.
- Otordurako nahiz lotarako. Herri txikia izan arren, eskaintza zabala du Zerainek. Kaskoan Mandio jatetxea dago (943 80 17 05), Ostatu plazan Ostatu jatetxea (943 80 17 99) eta Irukaten Oiharte sagardotegia (943 50 10 13). Lotarako, Tellerine nekazalturismoa (943 58 20 31), Oiharte nekazalturismoa (943 50 10 13) eta Harizti-Erdi aterpetxea (943 80 15 05).
Fitxa teknikoa
- Iraupena: Bi ordu eta erdi
- Luzera: 8 kilometro
- Desnibel metatua: 705 metro
- Zailtasun teknikoa: Erraza