Goierritar ugarik jo izan dute Amerika aldera, aukera hobearen eta aurrerabide handiagoen ametsetan. Pilotariak izan ziren, XX. mende hasieratik, AEBetara jauzi egin zuen kolektibo bat, eta tartean ziren goierritarrak ere. Oraintsu arte, zesta puntaren azken printzak iaz itzali ziren arte, goren mailan aritutakoa da Jose Ramon Oiarbide (Beasain, 1974), adibidez.
Aita Tomas Oiarbide segurarraren eta osabaren pausoak errepikatuz iritsi zen Jose Ramon Oiarbide AEBetako pilotari entzutetsuenetakoa eta onenetakoa izatera. Tampa hiriko frontoian debutatu zuen 1997ko abenduan, baina handik gutxira, 1998ko urrian, Dania Beachera aldatu zen, eta han garatu zuen bere kirol ibilbide loriatsua. Daniako frontoiko pilotari-koadroko partaide izan zen. «Atzelari onenetakoa eta dotoreenetakoa izan zen, erretiratu arte», dio Oiarbide gazteari buruz Interneteko Jai Alai webguneak.
Amerikara –nagusiki– jo izan duten beste pilotari askori gertatutakoa gertatu zaio Jose Ramon Oiarbideri: ospetsuagoa izan zen han, sorterrian baino. Zeukan maila edukita, hori. Danian zentratu zuen ibilbide ia osoa. Ameriketan jardundako pilotarien itzulera lehenago izan balitz, bestela zatekeen agian.
Most Wins titulua irabazi zuen Oiarbidek 2001ean, kinieletako irabazle handienaren saria. Baina urte hartan koadroko atzelari onena ere izendatu zuten, eta Daniako txapelketa irabazi zuen –aurrez, baita 1998-1999 lehen urtean ere–. Atzelari Onenaren titulua beste hiru aldiz ere lortu zuen, 2002-03 denboraldian, 2004an eta 2009an. Floridako binakako txapelketa 2001-02n…
Errebes bikainekoa eta boteprontoz iaioa zela diote jokatzen ikusi zutenek. Pilotarako «elegantzia» ere askok nabarmentzen dute.
Pilotaren azkena 2021ean
Daniako frontoiko pilotari ibilbidea 2014an abenduan utzi zuen Jose Ramon Oiarbidek, 40 urterekin, eta pilotatik erretiratu zen. Kirolean aritzeaz gain, bulegoetan ere ardurak izan zituen. IJAPA elkargoaren (Jai Alaiko Pilotarien Nazioarteko Elkartea, ingelesezko akronimoetan) presidentea izan zen.
Euskal pilotaren AEBetako historia 2021eko azaroaren 28an itzali zen, guztiz. Egun hartan jokatu ziren azken funtzioak –hala deitzen diete kasinoetako pilota jaialdiei–, Dania Jai Alai frontoian. Zesta puntaren lehen albisteak 1897koak dira AEBetan, eta profesionalki 1901ean hasi ziren. Lehen frontoia Saint Louisen (Missouri) eraiki zuten, 1904an. 1924an Miamin zabaldu, eta Floridan sustraitu zen gehien. Ikusle errekorra han jarri zen, 1975eko abenduaren 27an: 15.500 lagun frontoian.