Iñaki Dorronsoro Plazaola • Erretiratu aktiboa
Zergatik aritzen da jendea borroka hilgarri eta suntsitzaileetan? Ez da galdera berria, baina badirudi oraindik ez dagoela erabateko erantzunik. Ez da erraza basoa zuhaitzen artean ikustea, batipat propaganda laino zerratua dagoenean. Ia-ia topiko batzuk besterik ez ditugu erabiltzen.
Hobbesentzat antzinako gizakiaren natura-egoera, segurtasuna eta ospea lortzeko gerra eta liskar odoltsu endemikoarena zen. Guztiak guztien aurkako gerrak bizitza pobre, nazkagarri eta motza egiten zuen. Estatua sortu zenean jendea baldintza hauetatik erreskatatua izan omen zen. Jendea behartzeko Estatuaren indarrak gutxienez barruko bakea betearazi zuen. Alderantziz, Rousseauren arabera, jatorrizko gizakiak, sakabanatuta eta harmoniatsu bizi omen ziren, baliabide natural ugariri probetxua era baketsuan ateraz. Nekazaritza, hazkunde demografikoa, jabetza pribatua, klase banaketa, eta Estatuaren hertsaduraren etorrerarekin sortu ziren gerra eta zibilizazioaren beste zorigaitz guztiak.
Memoriak historia freskatzeko eta bakoitza bere tokian jartzeko balio du. XIX. mendean Europako potentzien gailentasuna, eta zibilizazioaren aurrerapenaren sinesmena gorenean zeudenean, Hobbesen ikuspegia nagusitu zen. Beraien arteko lehia inperialistak II. Mundu Gerra piztu zuen eta Estatu Batuen gailentasuna ekarri. Geroztik, Europako inperio formal haiek merkatal inperio bihurtu dira. II. Mundu Gerraren ondoren, aurrerapenaren eta zibilizazioaren desilusioa garatzen joan zen heinean, Rousseauren ikuspegia nagusitzen joan da.
Erligioa, progresoa edo zibilizazioa bezalako hitz eta printzipio ideologikoak erabili izan dira beti gerrak zuritzeko. Demokrazia edo segurtasun arriskua bezalako hitz potoloak erabiltzen dira biztanlegoa batu eta eskalada militar bat abian jartzeko. Zeinek sinistu dezake Ukraina bezalako herri pobre eta estatu ustel bateko askatasun haizeek Kremlina ikaratu dutenik?
Azken gerra honek Ataungo amonaren esaldia gogorarazi dit: Ao isilik i beltza!, esan omen zion bela beltzak zozo beltzari. Estatu batuar beleak eta errusiar zozoak ika-mika inperialista historikoari jarraia ematen dioten bitartean ukrainar birigarro, txepetx eta txatxangorriak egurra jasotzen, eta beraien bizitza ahal duten moduan aurrera ateratzen.
Giza-balioen ikuspuntutik, gerra pizten denean beharrezkoa ez da gerra irabaztea, bakea lortzea baizik. Jendea ihesian eta hilotzak kalean ikusteak barneko erruki sentimenduak eta malkoak azaleratzen dizkigute. Errefuxiatuei, Ukrainatik edo Melillako hesiak gaindituta datortzenei, lagundu behar diegu. Bakearen aldeko nazioarteko mugimentua areagotu. Baina onberatasunek eta negar malkoek ez dezatela oztopatu beleak, zozoak eta beraien joko inperialistak garbi ikustea. Zezenak, betiko lepotik burua.