‘Ordizian bizi eta Ordizian erosi’ mezua oinarri hartuta, herriko ostalaritzan, merkataritzan eta zerbitzuetan eragin eta horiek zaintzea da Ordiziak Berrabiarazi proiektua sustatuz lortu nahi duena, sektoreari indartsu eusteko.
Ordizia zerbitzu eskaintza zabala duen herria da, eta herritarrek bertan kontsumitzearen aldeko apustua egiteko hainbat kanpaina jarri dituzte martxan urtez urte. Oinarrian dagoen mezua honakoa da: Ordizian bizi eta Ordizian erosi!. Baina kontsumitzaileengan begirada jartzeaz harago, establezimenduetan ere eragin behar dutela argi du Maitane Alvarezek, Ordiziako Udaleko alkateorde eta Garapen ekonomikorako zinegotziak: «Argi eta garbi daukagu herriko establezimenduak, txikiak, bertakoak, zuzeneko salmentan ari direnak, gertukoak, kalitatezkoak… horiek direla benetan zaindu beharrekoak. Horiek dira herria bizirik mantentzen dutenak, eta baita herriko zein Goierriko ekonomian eragiten dutenak ere».
Izaera horri eusteko, Alvarezen iritziz, «ezinbestekoa» da eskaintza zabal eta kalitatezkoa duen herria izatea. «Bide horretan pauso sendoak ematen ari gara, Ordizian ostalaritzan, merkataritzan eta zerbitzuek sektorean dugun altxorrari balioa emanez. Herriko ekonomian, lanpostu berrien sorreran eta ordiziarren bizi kalitatean zuzenean eragiten du sektore indartsu bat izateak».
Ordiziako Udalaren helburua «ordiziar guztien bizi kalitatea hobetzea eta bermatzea» dela aintzat hartuta, ostalari, merkatari eta zerbitzuetako langileen ondoan egon behar dutela nabarmendu du Alvarezek, are gehiago «aldaketa handiak jasaten» ari diren momentu honetan. «Gizartea aldatzen doan heinean, horiek ere funtzionatzeko eta merkaturatzeko modu eta molde berriak aurkitu behar dituzte».
Horregatik ari da Ordiziako Udala Berrabiarazi proiektua babesten eta sustatzen, «transformazioak aukera berrien sorrera» ere esan nahi duelako. «Berrabiaraziren aldeko apustua egin dugu herriko establezimenduei aukera berriak eskaintzeko, elkarrekin urratsak egiteko, txikitik hasita etorkizunerantz joateko». Horren adierazgarri da Berrabiarazi proiektuko ekintzetan parte hartzen ari den Ordiziako enpresa kopurua: 111.
Aldaketa eta berrikuntza, gako
Julen Saldaña eta Markel Marcos ordiziar gazteek haien ordura arteko lanpostuak utzi, eta Oasis Living proiektua jarri zuten martxan iazko udan. Goiekiren Ekintzailetza sailaren laguntza izan zuten horretarako. «Desinformazio handia dago enpresen sorrera prozesuan, eta erantzun oso ona eman digute. Helburuak betez aurrera goaz», adierazi du Saldañak. Goiekiren bidez inguruko berrikuntza guztien berri izaten dute, eta horiek ezagutzeko eta ezartzeko aukera izan dute.
Oasis Livingeko kideek TicketBai-ko informazio saioetan parte hartu dute, eta «benetan oso baliagarria» suertatu zaie: «Gure jardueran sinadura digitalak egiteko software bat ikasi eta inplantatu dugu». Saldañaren ustez, munduaren erritmoa «oso bizkor» doa, eta «joera berrien aurrean aldaketa eta berrikuntza» aurrera jarraitzeko gakoak dira. «Digitalizazioak eguneroko lanak modu efizienteago batean egitea ahalbidetzen digu, eta bide berriak irekitzen ditu garatzen jarraitzeko». Gazteei ere zuzendu zaie, esanez «ideiak egi bihurtzea eta arrakasta lortzea posible» dela. «Jende egokiarekin elkartuz eta mugituz lor daiteke. Ez dezatela pentsa ezinezkoa denik».
Negozioarekin jarraitzeko gogoz
Aurrez Ordiziako beste taberna batean 11 urtez lan egin eta gero, 2018ko azaroan Illy taberna martxan jartzea erabaki zuen Ilisca Mezeniucek. Negozioa abiatzerako, Goiekiko Ekintzailetza zerbitzura jo zuen aholkularitza eske, eta han lagundu zioten bideragarritasun plana egin eta kudeaketa arloko beste hainbat zereginetan.
Urte eta lau hilabetera, pandemia iritsi zen, eta ostalaritza sektoreak gorabehera asko pairatu behar izan ditu harrezkero. Berrabiarazi proiektua martxan jarri zenean, diagnostikoa egin zioten Ordiziako tabernetako bat izan zen. «Negozioa martxan jartzeko zein pandemia garai gogorrean asko lagundu didate Goiekitik, eta oso eskertuta nago. Gidatu egin naute, diru laguntzen berri eman… Ea dena pasatu, eta normal hasten garen lanean».
111
Ekintzetan parte hartzen ari den Ordiziako enpresa kopurua. Berrabiarazi proiektuko ekintza arlo guztietan ari da parte hartzen Ordiziako enpresaren bat: elektromugikortasun estrategia (16 enpresa); Enpresak eraldatuz (7); Nazioartekotzea (17); Digitalizazioa industrian (22); Enpresen dibertsifikazioa (17); ETEentzako formakuntza saioak (20); Indargune (3); Goierriko Azoka (6); eta Merkataritza Mahaia (3 erakunde: Udala, Ordizian eta Goieki).